NAIZ

Aurtengo jaietarako kultur gune bat sortzea proposatu diote Zizurko Udalari

«Jaiak berritzeko eta inoiz baino herrikoiagoak» egiteko proposamena luzatu diote zenbait eragilek Zizurko Udalari: jaietarako kultur gune bat sortzea. Hiru kokaleku ere planteatu dituzte.

Zizurren kolektibo eta norbanako hauek eginiko agerraldia.
Zizurren kolektibo eta norbanako hauek eginiko agerraldia. (Kuak )

Zizurko Jai Batzordeak, Ronda Koperak eta Kuak Herri Ekimenak 2025eko jaiei begirako proposamena luzatu diote Udalari: «Kultur gune berri bat sortzea». Urte hasieran luzatu omen zioten ideia baina ez dute erantzunik jaso eta horregatik atera dira kalera.

«Herritarren eta belaunaldien arteko topagune berri bat sortu nahi dugu.
Helburua da lankidetzarako dugun grina Zizurreko ekimen sozial, kultural eta musikal desberdinetara zabaltzea, espazio ireki eta parte-hartzaile baten bitartez. Gune horrek herriaren erdigunea hartuko luke eta erreferentziazko espazioa bihurtuko litzateke zizurtar guztientzat. Belaunaldi ezberdinek proposamenak egin, partekatu eta indartzeko gunea izango litzateke», adierazi dute.

Proposamenean sakonduz, «espazioak egunez funtzionatuko luke, gustu eta adin guztietarako topaleku modura. Kultur programazio zabala izango luke: kontzertuak, bakarrizketak, jolasak, tailerrak, hamaiketakoak eta vermutak. Helburua da jaietako bizitza herrigunean indartzea».

Argudiatu dutenaren arabera, «Ahatearen Eguna eta Ronda Kopera bezalako ekitaldiak sendotu egin dira zizurtarren artean, jaietako une kuttunenetakoak bihurtuz: guztiok urtero gogoz itxaroten ditugun momentuak dira. Etxetik mandila ateratzen dugu edo mozorrotzen gara, jai giro eta parte-hartzailean une bereziak elkarbanatu eta gozatzeko. Oso arrakastatsuak izan arren, badirudi sabaia jo dutela ekintza herrikoiek. Orain da aurrera egiteko garaia: jauzi bat egiteko unea da, jaiak berritzeko, inoiz baino herrikoiagoak, irekiagoak eta parte-hartzaileagoak izan daitezen».

Elkarrizketarako borondatea

Hiru kokaleku proposatu dituzte gune horretarako: Kultur Etxeko Plaza, Kirolaldea pasealekuko aparkalekua (kiroldegiko sarrera zaharra) edota Foruen Plaza (Ramon Esparza plaza zaharra), azken hau «jaia Alde Zaharrean kokatzearen alde eginez gero».

«Ez gatoz ezer ordezkatzera, batzera eta aberastera gatoz», ziurtatu dute. «Udalak borondatea erakutsi zuen, kolektibo hauek bultzatutako parte-hartze prozesua abiatuz, jaiak birpentsatzeko. Elkarrizketarako borondate horrek jarrai dezala eskatzen dugu. Prest gaude Udalarekin eta behar den guztiarekin esertzen jarraitzeko, konponbiderik onena aurkitzeko. Garrantzitsuena da herritarren borondateak gauzatzeko bide errealak izatea», erantsi dute agerraldian. Eta honela amaitu dute: «Ziur gaude proposamen hau errealitate bihurtzeak jai biziagoak, dinamikoagoak eta pertsona guztientzat irekiagoak ekarriko dituela Zizurrera. Beraz… zergatik ez saiatu? Zergatik ez fidatu?»