Desmobilizazioa, Gernika Batailoiaren ezpala
Loria gutxi izan zuen Euskal Brigadaren amaierak. Espero gabe, «pikotxa eta pala sartzera» bidali zituzten. Aldiz, erresistentziarako izpirituak ez zuen etenik izan. 30 bat gudarik OSSko entrenamendua jaso zuten, eta Pirinioetako basolanetan kokatu zituzten, «behar nagusia» arropa zen bitartean.

De Gaullek Grayango aerodromoan ohore guztiekin agurtu eta Bordeleko desfile entzutetsuak egin ostean, Gernika Batailoiaren ibilbideak aurreikusi gabeko bideak hartu zituen. «Deskantsua hartzeko», gudariak Txibertan ezarri ziren. Bertan izan zuten Antonio Lizarralde gudariaren heriotzaren berri. Apirilaren 14ko borrokaldietako zaurien ostean, Akizeko ospitale militarrean hil zen.
Egoera administratiboa okertu egin zen. «Atzerriko Boluntarioen Batailoia deseginda zegoen, baita Marokoko eta Atzerriko Erregimentu Mistoa ere. Unitate militar gisa, borrokalari ausartak ginen, eta pertsonalki Jean Martín Passicot komandantearen lagunak ginen», azaldu zuen Andres Prieto tenienteak unitatearen likidazio ekonomikoaren txostenean. «Jatekoa ematen zen, baina ezin zen kobratu, unitate administratibo batekiko atxikimendu falta zela eta». Egoera irregularrak maiatzetik ekain hasierara bitartean iraun zuen, Euskal Brigada atzerriko bide-erakusleen 14. Infanteria Taldera batu arte, Lormonten.
Etenak Hego Euskal Herrian zeuden gazteen etorrera eta Atzerriko Legiora jo zuten kideen desertzioa eragin zuen. «Unitatearen unerik okerrena izan zen. Beteranoek beren ekipamenduko jantziren bat erantzi behar izan zuten, iristen zirenei eman eta gudari itxura izan zezaten», zehaztu zuen Prietok.
MAIATZAREN LEHENA ETA EKAINAK 8
Ia hilabete batez Gernika Batailoiko 30 gudari inguru eta hainbat ofizial «beste zerbitzu batera» deitu zituzten eta unitatetik irten ziren. Cernay la Ville herriko Rothschild gaztelura eraman zituzten. Bertan, OSS inteligentzia agentziak, CIAren aurrekariak, gudariei formakuntza militarra eman zien. Batailoiko gudariak ez ezik, bertan izan ziren Euzko Naia egitura paramilitar jeltzaleko kideak eta Euskal Inteligentzia Zerbitzuetako ordezkariak ere. “Rothschildeko komandoak” izena jaso zuten bertan bildu zirenek.
Pedro J. Oiarzabal eta Guillermo Tabernilla ikerlariek “La OSS y el Servicio Vasco de Información, la organización Airedale” artikuluan azaltzen duten moduan, «euskal historiografia garaikideak interpretazio partzialegia egin du, eta Rothschildeko komandoekin zerikusia zuen guztia polizia propio bat sortzeko helburura mugatu zen ―gaur egungo Ertzaintzaren edo euskal polizia autonomikoaren ernamuin gisa―, Bigarren Mundu Gerraren amaierako balizko Espainia postfrankista batean ordena ziurtatzeko». Egiari zor, mahai gainean egon zen komandoetako kideek “hit and run” deituriko esku-kolpeak ematea. Primitivo Abad jeltzale eta STV sindikatuko kidea izan zen unitatearen buruzagi militarra. Nagusiki, Gernika Batailoiko EAJko militanteak, ofizial sozialista pare bat eta atxikipen politiko argirik ez zuten gudariak hautatu zituen.
Komandoen sorrera Jose Antonio Agirre lehendakariak AEBetan izan zituen sekretupeko kontaktuen emaitza izan zen. Gernika Batailoia formatu gabe zegoelarik, 1944. urte amaieran segurtzat ematen zuten OSSk sustatuko zituen komandoek rol esanguratsua izango zutela Euskal Herriaren askapenean: «Prest egon behar dugu euskal erakunde sendo eta eraginkor bat emateko, gobernu demokratikoaren kausari eskuzabaltasunez ekiten dioten pertsona kementsu, ausart eta gaituez osatua. Uste dugu, laguntza eta orientazio egoki batekin, talde horrek zeregin erabakigarria izan dezakeela espainiar historiaren kapitulu kritiko honetan». Militarki zein politikoki eman ziren aurrerapausoak. Lehendakariak Euskal Batzorde Nazionala sustatu zuen euskal alderdi eta sindikatuekin. Galeuzka bidez, harremanak indartu zituen Alfonso Rodriguez Castelao eta Carles Pi i Sunyerekin. Helburuak erregimen aldaketa eta Miguel Maura errepublikano kontserbadoreak zuzenduko zuen “Nazionalitate Iberikoen Konfederazioa” ziren.
NORABIDE BERRIA ETA BARNE KRISIA
Komandoak 1945eko uztailean disolbatu ziren. Eusko Ikaskuntzaren “Protagonistas de la historia vasca (1923 - 1950)” jardunaldietan Primitivo Abadek onartu zuen Franklin Roosevelten heriotzak eragin handia izan zuela. «Gure izarra itzali egin zen. Hori da egia», esan zuen. Ondorioz, Gernika Batailoiko kideekin bat egin zuten Lormonteko kokaleku berrian. Gainontzekoak bertan zeuden 1945eko ekainaren 7az geroztik. Eremu prekarioa zen. Kepa Ordoki komandanteak bidalitako mezu baten arabera, «elikadura osasuntsua - kuartela oso eskasa - armamenturik ez (bi fusil eskas erabiltzeko moduan) - mantarik eta jantzirik ez - diziplina ona - moral ahula» zegoen.
Hainbat gudari jeltzalek desmobilizazioa eskatu zuten. Julian Mateo teniente laguntzaileak Andres de Bereziartua EBBko kideari gudarien deserosotasunaren berri eman zion. «’Groupement d´Infanterie’ deitu arren, erakunde militarrean kokatutako langile konpainia batzuk besterik ez diren talde frantses batzuetan sartu gara», onartu zuen.
Pepe Mitxelena Euskal Inteligentzia Zerbitzuko buruari bidalitako gutun batean jasotzen denez, gune berriak barne eztabaidak piztu zituen. «Heldu den aste hasieran, pikotxa eta pala sartzera joan behar dugu. Etorkizun honen aurrean, Francisco Izquierdok Parisera joatea eta gaia Leizaolari aurkeztea proposatu zuen, baina Kepa nagusitu zen eta esan zuen arazoa berak bakarrik konpon zezakeela. Eta alde egin zuen». Eztabaidak zalantzan jarri zuen ofizioz militarra eta Alderdi Sozialistako militantea zen kapitain laguntzailearen etorkizuna. «Izquierdok ulertzen du bere misioa hemen amaituta dagoela, eta Ordokiren itzuleraren zain dago gure unitatetik erretiratzeko».
AZKEN BULKADAK
1945eko abuztu erdialdean, Erreklutamendu Zerbitzuak gudari berrien onarpena eten zuen. Unitatearen likidazio ekonomikoaren arabera, «esfortzu legal eta ilegalarekin» heldu ziren. Izan ere, 80 gudarik egoera erregularizatu gabe zuten.
Abuztuaren 29an ebatzi ziren «atzerriko boluntarioen desmobilizazioa prestatzeko xedapenak». Gernika Batailoiko gudari guztiak desmobilizatutzat jo zituzten, eta hiru aukera eskaini zizkieten: Atzerriko Legiora batzea; Estatu frantsesean gelditzea, baldin eta lan kontratua edo bizirauteko baliabideak izanez gero; edo espainiar Estatura joatea. Hainbatek Hego Euskal Herrira jo zuten, agintari frankisten aurrean aurpegia emanez. Ezohikoagoa izan zen Javier Brosa gudariaren kasua. Franck Dolossor kazetariaren “Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsa” liburuan esaten denez, «polizi moduan» New Yorkera joan zen, eta Mexikoko euskal zentroak bidaia ordaindu zion, «legez eta aske bizitzeko».
Rothschildeko komandoekin lotura izan zuten 80 bat gudari Irati, Baigorri, Banka, Ainhoa eta Esterenzubi artean kokatu zituzten, basolanetan.
Primitivo Abaden esanetan, «barnealdeko erresistentzia-indarrek behar denean erabiltzeko, inguruko indar komunisten eragina indargabetzeko eta talde ez euskaldunek mugako pasabideen kontrola izan ez zezaten». Hala ere, beraien egoera prekarioa zen. Gudari talde honen zerrendan, laguntzeko ohartarazpena dago. «Mendian den talde abertzale honen behar nagusia arropa da. Zerbait jaso dute, baina beraien beharrak handiak dira eta Alderdiak betebehar morala du».
Arropa beharra orokorra zen, eta 1946ko martxoaren 29an, Eusko Jaurlaritzak traje, alkandora, galtzontzillo, galtzeta eta zapatez osaturiko 230 lote jaso zituen Estatu frantseseko Gerra Ministerioaren partetik, batailoiko kide guztientzat. Banaketaren hasieran, gudariek ez zuten sinetsi beraientzako arropa zenik. «Gehienek uste zuten arroparen banaketa mitoa zela eta presaka bidali zutela orain -desmobilizazio ziurtagiria-».
Kepa Ordokik hegoaldean erasotzeko prest jarraitu zuen. 1946an, jausgailu bidez, eta frantses presidentetzako zerbitzu berezien kontrolpean, Gernika Batailoiko komandantea izandakoak Hego Euskal Herrian erabiltzeko armak jaso zituen. Hilabeteetara, Barne Ministerio Frantsesak bidalketaren berri izan zuen, eta komandantea Angulemako epaitegietara deitu zuten. Ostera, Larrun aldizkarian esan zuen, milioi bat liberaren truke, hamabi tona arma erosi zizkiela komunistei. Jardun horren barnean, Santurtziko CAMPSA lehertzea aurreikusi zuten. «Hura lehertzea oso erraza izango zen guretzat, baina ondorioak ikaragarriak izango ziren, Santurtzi guztia lehertuko zen eta. Ezetz esan nuen».

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da
