
Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propioaren aldeko jarrera zabala agertu da Euskal Herrian, Manu Robles-Arangiz eta Ipar Hegoa fundazioek nabarmendu dutenez. «Patronalaren itxikieriak ezinbesteko eztabaida politiko, ekonomiko eta sozial honi ateak itxi nahi badizkio ere, agerikoa da bide hau egitea gure herriarentzako eta langileriarentzako garrantzitsua dela», gaineratu dute.
Hori dela eta, bi fundazioak gogoeta honi espazioa emateko LGS propioari buruzko mintegia antolatu dute maiatzaren 16an Bilbon, EHUko Bizkaia aretoan.
Hiru ataletan banatuko da mintegia. Lehenean, nazioarteko analisi konparagarria egingo dute, Euskal Herrian egin daitekeen bide juridiko-politikoaren azterketa eta burujabetzan aurrera egiteko tresna gisa duen gaitasuna jorratuko dira. Horretan Isidro Esnaola, Iñaki Lasagabaster, Endika Alabort, Jone Etxeberria eta Jule Goikoetxea arituko dira.
Aldaketak aztergai
«Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propio bat lortzeak aldaketak eskatzen ditu, baina aldaketak ere eragingo ditu. Hego Euskal Herrian lekutzeko LGS propio bat, eskumena izan behar dugula aldarrikatzen dugu. Hego Euskal Herrirako LGSaren zenbatekoa finkatzeko orduan irizpide ezberdinak erabili litezke, baina argi dagoena zera da: Espainia mailan finkatutakoa Hego Euskal Herriko langileei bizi baldintza duinak bermatzetik oso urrun geratzen da. Baina zenbatekoaz harago, LGS propioa erabakitzeko gaitasuna, burujabetzarekin estu lotuta dago zalantzarik gabe. Zenbateko inpaktua du LGSak lurralde batean? LGSa ezartzeko eskumena izateak zein onura ekar ditzake Euskal Herrira? Nola indartu dezake bertako lan harremanen esparrua eta negoziazio kolektiboa LGS propio bat adosteak?», azaldu dute lehen bloke honi buruz.
Bigarren blokean LGS propio batek hainbat esparrutan (sexu-genero arrakala, langile migratu eta arrazialatuak, gazteak, ekologia, lehen sektorea, ...) izan ditzakeen onurak aztertuko dituzte. Horretan Xiomara Souza, Txefi Roco, Jon Ormaetxea, Andoni Garcia, Jaime Nieto, Jon Bernat Zubiri, mugimendu feministako kide bat eta ESK sindikatuko kide bat izango dira.
Gizartearentzako babesa
«Gizartearentzat babes dimentsio zabala du. Lehenik eta behin, soldatapeko langileentzat zuzeneko eragina du, negoziazio kolektiboz gutxieneko erreferentziarik bermatua ez duten edo erreferentzia hori baino soldata txikiagoa duten jarduera guztietan ezartzen den heinean. LGSren zenbatekoak, honenbestez, erabateko inpaktua du soldatarik txikienengan, baina horretaz gain, LGSren igoera batek, modu orokortuago batean soldata mailaren igoera ekarriko luke berekin: legezko lan baldintzak baino handiagoak dituzten sektoreetan soldaten goranzko negoziazioa bultzatzen duena. LGSa lurraldean bertan erabakitzeak zein onura izan ditzake? Politika sozial eta ekonomikorako tresna ere bada LGS. Zentzu horretan, aberastasun banaketa eta gizarte kohesiorako mekanismoa izanik, pobreziaren mugaren azpitik dauden pertsona kopurua murrizteko gaitasuna du. LGS baten igoerak, berebiziko inpaktua izango du beti, sektorerik pobretu eta prekarioenetan: sektore prekarizatuenak, sektore feminizatuak ere izan daitezke zenbaitetan, eta baita ere herrialde pobretuetatik migratutako pertsonak jarduten diren sektoreak», azaldu dute bigarren blokeari buruz.
Hirugarren blokean, ELA eta LAB sindikatuek LGS propio baterako dituzten proposamenak azalduko dituzte. ELAren izenean Roser Espert arituko da eta LABrenean Martin Arbeo.
«Zergatik LGS propio bat? Modu desberdinetan proposa liteke LGSaren kalkulua? Zer proposamen daude mahai gainean eta zer zentzu ematen diegu proposamen horiei? Nola erabili nahi ditu sindikatu bakoitzak bere proposamenak?», izango dira hirugarren blokean erantzungo dituzten galderak.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

Un incendio provoca unos 40 muertos y 100 heridos en una celebración de Nochevieja en los Alpes
