
Txik Txak mugaz gaindiko autobus zerbitzuaren erabiltzaile kopurua %77 hazi da, Irungo Udalak eta Ipar Euskal Herri - Aturriko Mugikortasunaren Sindikatuak hiriarteko garraioa hobetzeko eta maiztasuna handitzeko sinatu zuten hitzarmenari esker. Hain zuzen, linearik zuzeneneko zerbitzua nabarmen hobetu da: lehen, autobusak 50 minutuan behin ibiltzen ziren eta, orain, berriz, 30 minutuan behin.
Zehazki, 15 zenbakiko lineako autobusak (lehengo 31 zenak), Irungo San Juan plazaren eta Hendaiako Zahar Etxearen artekoak, astelehenetik larunbatera, 30 minutuan behin ibiltzen dira, 7.00etatik 20.30era, eta, igandeetan, 60 minutuan behin, 8.00etatik 20.00etara. Gainera, ekainetik irailera, azken autobusa 23.30ean abiatzen da. Bestalde, ibilbidea sinplifikatu da, ibilbidearen iraupena laburtzeko.
Beste linea batek, 14 zenbakikoak (lehengo 33ak), Behobia eta Sokoburu komunikatzen ditu. Bi linea horiei esker, Hendaiako bi geltokiak (nagusia eta Les Deux Jumeaux) hobeto lotuta daude.
Astearte honetan, Irungo alkate Cristina Labordak Udalaren eta Ipar Euskal Herri – Aturriko Mugikortasunen Sindikatuaren arteko hitzarmen berria eszenifikatu du, berau sinatuta, Sindikatuko buru Jean-François Irigoyenekin, Hirigune Elkargoko kontseilari eta Europako eta mugaz gaindiko lankidetzaren arduradun Joseba Erremundeguyrekin eta Hendaiako alkate Kotte Ecenarrorekin batera.
Labordak nabarmendu duenez, «berriro ere, ikusi dugu erakundeok garraio publikoa hobetzeko ahalegina egiten dugunean herritarrek erantzun egiten dutela, erabiltzaile kopuruaren %77ko hazkundeak adierazten duenez. Hitzarmen hau aurrerapauso handia da mugaz gaindiko mugikortasuna hobetzeko, garraio zerbitzu publikoa efizienteagoa baita eta Bidasoaren bi aldeak hobeto komunikatzen baititu. Gure politiken bidez, betidanik, Iparraldeko bizilagunekiko mugaz gaindiko sinergiak handitzen saiatu gara, saiatzen gara eta saiatuko gara, eta hitzarmen hau beste aurrerapauso bat da».
Irigoyenek gogoratu duenez, berriz, hazkundea «mugaz gaindiko garraio sare publiko bat ezartzeko egindako ahalegin guztien adierazgarri da». Azkenik, Erremundeguyk «Irungo Udalarekiko lankidetza estua» azpimarratu du, «Txingudiko badiako garraio beharrei erantzuteko balio baitu».
Beste zortzi urterako
Txik Txak mugaz gaindiko autobus zerbitzua 2016an jarri zen martxan; besteak beste, Hendaia eta Irun komunikatzeko. Horretarako, hasieran, bi linea sortu ziren, 31 eta 33 zenbakikoak –behin zerbitzuak eguneratuta, hurrenez hurren, bi linea horiek 15 eta 14 zenbakikoak dira–. Lehen hitzarmena zortzi urterako sinatu zen, eta berria ere zortzi urterako sinatu da; 2032 bukaerara arte, alegia.
Mugaz gaindiko zerbitzua arrazoizko prezioan garraio zerbitzu publikoa eskainita mugaren bi aldeetako biztanleak konektatzeko nahiaren emaitza da.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

«Dirigiremos Venezuela hasta que haya una transición», proclama Trump tras secuestrar a Maduro

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales
