NAIZ
Iruñea

Eguzki Irratiaren 40 urteak jaso dituzte dokumental batean

Eguzki Irratiaren 40 urte baino gehiagoko ibilbidea jasotzen du Pablo Calatayudek zuzendu duen ‘Una historia de comunicación, pasión y lucha’ dokumentalak. Irratiaren soinu artxiboa, Joxe Lacalleren argazkiak eta elkarrizketak dira lanaren oinarria.

‘Una historia de comunicación, pasión y lucha’ dokumentalak Iruñeko Eguzki Irratiaren 40 urtetik gorako ibilbidea jasotzen du. Horretarako, irratiaren soinu artxiboa eta Euskal Herriko bizitza kultural, sozial eta politikoan erreferentzia diren pertsonei egindako elkarrizketak izan dituzte oinarri.

1982an sortu zen Eguzki Irratia Iruñean. «Hiriko bizitza politiko, sozial eta kulturaleko unerik garrantzitsuenetan egon da eta irratitik beretik sortu dira azken urteetako mugimendu garrantzitsuenetako batzuk, intsumisioa kasu», nabarmendu dute.

Pasadizo ugari

Greba orokorrak, erregeen bisitak, irratiaren itxierak, okupazioak eta gaztetxearen itxiera, Itoitz salbatzeko borrokak, Lasa eta Zabalaren kasua, Korrikak, kontzertuak eta ‘Egin’ egunkariaren itxiera gogoratzen dituzte gertutik bizi izan zutenen ahotsetan.

Joxe Lacalleren argazkiek historia kontatzeko behar den euskarri grafikoa eman dute, eta irratiko ikus-entzunzeko artxiboko materialarekin eta gaur egun sorturakoarekin batera doaz.

Bidea marraztuz

Dokumentalak Eguzki Irratiak hasieratik jarraitu duen bidea marrazten du: «Herri mugimenduei laguntzea, askatasunean mintzatu behar duen gizarte askotariko eta kulturaniztunaren bozgorailu izatea».

Martxelo Otamendi kazetaria, Begoña Zabala abokatu feminista, Carlos Vilches soziologoa, Fermin Muguruza musikaria eta zinema zuzendaria, Itziar Ituño aktorea eta Jonathan Martinez kazetaria elkarrizketatu dituzte.

Pablo Calatayudek zuzendu du dokumentala. Aldez aurretik, ‘El fabuloso Sabicas’ Iruñean jaiotako gitarrista flamenkoari buruzko dokumentala, Psicoballet antzerki konpainiari buruzko ‘Acercate’ lana eta Aitziber Urtasun artistari eskainitako ‘Muy poca cosa’ film laburra egin ditu.