
EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua eta Senatuko bozeramaile Gorka Elejabarrieta espainiar Atzerri ministro Jose Manuel Albaresekin bildu dira asteazken honetan, «Europar Batasunean euskararen ofizialtasunari buruzko elkarrizketa eta negoziazioei jarraipena emateko asmoz». EAJko Aitor Estebanekin eta BNGko Nestor Rego ordezkariekin ere bildu da Albares ministroa, euskara eta galiziera ofizial bihurtzeko egindako «aurrera urratsak» azaltzeko.
Izan ere, Europako Batasunean hizkuntza gutxituak ofizial bihurtzeko prozesua etenda dago. Pasa den urtarrilean EAEko lehendakari Imanol Pradales EBko Kontseiluko presidente Antonio Costarekin bildu zen, eta honek ziurtatu zion beren agendan dagoela eta «etorkizunean ofiziala izateko irekitako aukeraren aurrean zer egin aztertzen» ari direla. Aho batez onartu behar du Europako Parlamentuak ordea, hizkuntza gutxituen ofizialtasuna.
Alderdi subiranistak adierazi du asteazken honetako bilera «giro adeitsu eta eraikitzailean» egin dutela, eta bi aldeek adostu dutela euskararen ofizialtasunari lotutako prozesuan «aurrerapen eta urratsak partekatzen jarraitzea euskara EBn hizkuntza ofiziala izan dadin lehenbailehen».
«Hego eta Ipar Euskal Herriaren artean bizi diren langileen egoera mahai gainean jartzeko eta egunerokoan dituzten arazoak jorratzeko baliatu dugu gaurko bilkura», adierazi du EH Bilduk. Eta bestalde, gaineratu du, espainiar eta frantziar estatuen arteko ituna eguneratzeko «aukera aztertu» dutela.
Albares ministroak emandako xehetasunekin, EH Bilduk adierazi du bilera sorta bat abiatuko duela hurrengo asteetan euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten Euskal Herriko eragile eta elkarte anitzekin: «Europako Batasunean euskara ofizial izendatzearen inguruko nondik norakoak lehen eskutik helaraztea eta euskarak gaur-gaurkoz bizi duen egoera aztertzea da hartu-eman horien helburua».
Mugako pasabideen itxiera
Bestalde, EH Bilduk adierazi du kezka helarazi diola Albares ministroari, frantziar Barne ministroak berriki egindako iragarpenaren harira: «Mugako pasabideen itxiera beste sei hilabetez luzatzeko eta kontrol polizial arbitrarioak indartzeko asmoa agertu du. Bidasoaren bi aldeetan bizi diren herritarrentzat ondorio lazgarriak izango ditu erabakia horrek, pertsona migranteengan eragin berezia izango duena haien bizitza arriskuan jartzeraino».

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

Un incendio provoca unos 40 muertos y 100 heridos en una celebración de Nochevieja en los Alpes
