NAIZ

BCCren eraikin berriko lanak ordu txikitan eta baimen zalantzagarriekin, auzokideen salaketa

Donostiako Gros auzoan egiten ari diren Basque Culinary Centerren GOe eraikina egiteko lanak gaueko ordu txikietan zarata handiak ateratzen ari direla salatu dute bizilagunek.

Asteartetik asteazken honetarako goizaldeko ordu txikietan, Donostiako Gros auzoko bizilagunek eraikuntza lanetako zarata handiak jasan behar izan dituzte, auzokideek NAIZi jakinarazi diotenez, Basque Culinary Centerren GOe eraikina egiteko lanek galarazi diote gaueko atsedena.

Bizilagunek azaldu dute ez zutela gauez egingo ziren lan hauen berri, eta Udaltzaingora deitu dutela galdetzeko. Hau izan da bertan jasotako erantzuna: Eraikuntza lan horietarako baimen berezi bat dutela, baina apirilaren 6, 7 eta 8rako. Egun horiek aspaldi igaro ziren, ordea, hilaren 23an gaude eta.

SOS Manteo taldeak sare sozialen bidez salatu du asteartean bertan apirilak 22tik 25era bitarte obrak gauez egingo direla azaltzen zuen kartel bat agertu zela, baina kontu ezberdinak direla «obrak egitea» eta «bart arratseko zarata». «Gauza bat da, esaterako, gauez garabiak mugitzea trafikoari ez eragiteko, baina bart egindako zarata baimenduta zegoen?», bota dute galdera.

 



Ukaezina da eraikuntza lanek hartu duten abiadura, pasa den astean hedabideei eskainitako bisita gidatuan, Joxe Mari Aizega BCCko zuzendariak nabarmendu zuen lanak «aurreikusitako exekuzio planaren arabera» doazela eta beren helburua irailerako amaitzea dela. «Egitura bukatua dago eta barrualdean dabiltza orain: instalazioak ixten, barne banaketa eta bukaerak egiten... Kanpoaldean, estalki berdeak eta fatxada egiten ari dira», zehaztu zuen pasa den astean.

Proiektua aurkeztu zenetik bizilagunek beren kontrakotasuna azaldu dute auzoko berdegune bakarra ezabatu ez zezaten. Bestalde, 2024ko martxoan, 114 profesionalek agiri bat aurkeztu zuten. Tartean ziren UPV/EHUko, BC3ko eta beste ikerketa zentroetako 58 ikertzaile, baita arkitektoak, paisajistak, ingurugiro teknikariak, geografoak eta ingeniariak ere.