Kazetaria / Periodista

249 urteren ostean, ingelesa AEBko hizkuntza ofizial egin du Trumpek

Donald Trump presidente estatubatuarrak hartu berri dituen etengabeko neurrien artean, badago bat batzuentzat bitxia baino ez eta beste batzuentzat sinbolikoa soilik izango dena, baina esangura sakona duena, halaber: ingelesa Estatu Batuetako hizkuntza ofizial izendatu du.

Donald Trump presidente estatubatuarra, joan den astelehenean, Etxe Zuriaren kanpoaldean.
Donald Trump presidente estatubatuarra, joan den astelehenean, Etxe Zuriaren kanpoaldean. (Mande NGAN / AFP)

Ingelesa inoiz baino indartsuagoa den sasoi honetan izendatu du Donald Trumpek hizkuntza hori ofizial. Aspaldi agertu zuen horretarako asmoa; etorkinak «inork sekula entzun ez dituen» hizkuntzak mintzatuz datozela salatu zuen ohiko harropuzkeria ezjakinean joan den udan. Lehen aldiz lehiatu zenean ere, 2016ko kanpainarako hauteskunde primarioetan, Trumpek Jeb Bush errepublikanoaren aurka jo zuen zenbait ekitalditan espainolez egiteagatik. «Hau ingelesez egiten duen herrialdea da, ez espainieraz», esan zuen. Aurtengo urtarrilaren 20an agintea hartu eta berehala, Etxe Zuriaren webgunearen espainierazko orrialdea kendu zuen Trumpek.

Oraingo honetan, ingelesa ofizial egiten duen agindu exekutiboan badago urrunago doan beste neurri bat ere: aginduak indargabetu egiten du Bill Clintonek duela 25 urteko emandako agindu federal bat, agentzia federalek ingelesez ez dakitenei laguntza eskaintzekoa.

Mende laurdenez hizkuntza-eskubideak aintzat hartzeko egon den aurrekontua ezabatu, eta Trumpen aginduak agentziako buruen esku uzten du erabakitzea dokumentuak eta zerbitzuak beste hizkuntza batzuetan ematen jarraitu ala ez. AEBk independentzia lortu zuenean ez zuen legean hizkuntza ofizialik finkatzeko beharrik ikusi. Britainiar koloniak izandakoak ziren eta ingelesez ziharduten. Hurrengo ehun urteetan Europa osoko jendeak etorri ziren, eta alemanak indar handia hartu zuen I. Mundu Gerrara arte. Inor ez haserretzeko, ez zen orduan ere hizkuntza ofizialik ezarri.

Horrek ez zuen eragotzi, europar etorkinekiko zegoen begirunearen ondoan, bertako indigenekiko politika ankerrenak garatzea, «indiarra hil, salbatu gizona» leloa hartuta.

XX. mendean ingelesa izan da AEBn integratzeko bide nagusietakoa: guraso etorkinek bizi osoan erdipurdiko ingelesa, azentuduna, egin, seme-alabak erabat estatubatuar ziren bitartean. Bilobek, euskal diasporan eta beste askotan, sustrai bila jo ohi dute, ukatu zaizkien hizkuntza horiek «berreskuratzeko».

Europan errazagoa da belaunaldi zaharrena elebakarra izan eta gazteak bizpahiru hizkuntzatan eleaniztun izatea. AEBn, kontrakoa da: askoren gurasoek eta aitona-amonek dakite italiera, yiddisha, arabiera edo koreera, gazteenak ingeles elebakar diren artean. Espainiera hiztunen artean ere gertatzen da: dozenaka milioi latino aipatzen direnean, ez da aintzat hartzen asimilazioaren makineriak komunitate guztietan diharduela.

350 milioi biztanleko herrialdean bost biztanletik lauk ingelesez baino ez dute egiten etxean. Ingelesez ondo ez dakitela diotenak, berriz, ehuneko zortzi baino ez dira. Komunitateen artean aldeak daude: txineraz dihardutenak dira ingeles gutxien jakin ohi dutenak, eta espainieraz egiten duten hamar lagunetik lauk ere dakite ingelesez.

Era berean, estatubatuar «berriak» ingelesez egitera animatzen ditu Trumpen aginduak, «ekonomikoki ateak irekitzeaz gain, etorri berriei beren komunitateetan parte hartzen, tradizio nazionaletan parte hartzen eta gure gizarteari itzultzen laguntzen» diela argudiatuz.

«Agindu honek aitortu eta ospatu egiten du ingelesa ikasi eta seme-alabei pasatu dieten herritar estatubatuar eleaniztunen tradizio luzea». Funtsean, hizkuntza gutxitu batek izan ditzakeen argudioak darabiltza munduko hizkuntza indartsuena inposatzeko, bidean aniztasunaren zati handi bat galduko dela ontzat emanda.

ESKOLETAN ONDORIOA

Immigranteen aldeko United We Dream elkarteko Anabel Mendozak dioenez, Trumpen helburua da «ikasle etorkinei beste hizkuntza batzuetan curriculuma eskaintzen dieten ikastetxeei erasotzea, modu inklusiboan hizkuntzara etortzen laguntzen duten programak eta arduradunak kentzea, eta era zehatz batean hitz egiten duten pertsonak bereiztera eta jazartzera bultzatzea immigrazio-agenteak». Adriano Espaillat kongresukide demokratak ere «gazteak beste hizkuntza batzuetan trebe izatea eragotzi» nahi izatea egotzi dio Trumpi. «Ez dut uste horrek lehiakor egiten gaituenik herrialde bezala», adierazi du.

Estatu Batuetan lanean ari den irakasle euskaldun baten anekdota: zerrendan dituen 24 pertsonak bertan diren jakiteko, banan-banan zenbatzen hasi da, euskaraz. Nerabeak adi geratu zaizkio, mintzaira deszifratu nahian; badakite irakasleak ingelesaz gain badakiela espainolez ere, baina zenbaki horiek oso arrotzak dira espainiera hiztunentzat ere. Giro eleaniztunetan ohitu direnentzat ez da arraroa esaten den guztia ez ulertzea, egunerokotasunaren zati ere bada noizean behin besteen solasaldietan hitz solteak harrapatzea, hizkuntza jakin ezean. Hizkuntza handi eta hegemonikoetako hiztunengan, alabaina, urduritasun puntu bat sortzen du kodea ezin ulertzeak. Solasa luzatzen bada, urduritasuna ere handituz doa. Zenbatzen jarraitu ahala, ikasleetako batek gehiago ezin eta bota du: «Mesedez, ezin duzu ingelesez jarraitu?».

Zakarra izanda ere, nerabe artega baten erreakzioa izan da. Are pozgarriagoa, gainerako ikasleek isilaraztea izan da; hori oso zakarra eta errespetu gabea dela esan diote. Hain da indartsu eta hegemoniko ingelesa, hiztunak ere ohartzen direla beste hizkuntza batzuekin izan beharreko begiruneaz. Areago, Washington bezalako hiri aurrerakoietan. Espainieraz gain, ez da arraroa vietnamera edo Etiopiako amharera entzutea.

Hamabi eta hamahiru urte bitarteko neska-mutikoak gai dira ohartzeko ingelesa erabat nagusi den herrialdean beste hizkuntza batzuk egiten dituztenekiko errespetua izan behar dela. Inbidiaz begiratzen diote errusieraz, espainieraz, vietnameraz edo arabieraz ere egiten duenari, sinagogan ikasitako hebreeraz saiatzen dira judu gazteak, gurasoekin ikasitako frantses edo alemanezko hitzak aipatzen dituzte. Nerabeak liluratzen dituen horrek berak Donald Trumpen gorrotoa pizten du.

PUERTO RICO

Ez dago argi aginduak nola eragingo dion Puerto Ricori, Estatu Batuen subiranotasunaren menpe dagoen herrialdea izanik. Espainiera da Karibeko uhartean nagusi, bertako Kongresuan ingelesa eta espainiera erabil daitezke, baina espainieraz dira eztabaidak eta legeak. AEBko 51. estatua izatea aldarrikatzen dutenentzat kolpe handia izan da, urteetan aldarrikatu baitute herrialdea badela aski zabal beste hizkuntza batean diharduen herrialde bat estatu gisa aitortzeko.

Munduko ia herrialde guztiek daukate hizkuntza ofizialen bat. Wikipediaren arabera, urte hasieran bost baino ez ziren mintzaira ofizialik gabeko estatuak: Australia, Eritrea, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Mexiko. Eritrea salbu (tigrinyera da mintzatuena, baina beste zortzi ere hitz egiten dira), beste lauretan argi dago zein duten estatu-hizkuntza: ingelesez egiten dute hiruk, eta espainieraz, Mexikok.

Baina ziurrenik hain argi dagoelako, legez aitortzeko beharrik ere ez dute izan. Mexikoren kasuan, herrialdeko hizkuntza indigenak legez ez baztertzeko ere izan da, nahiz eta praktikan bertako jatorrizko mintzairak espainolaren menpeko diglosian bizi diren.

Hizkuntza baten ofizialtasunak ez du beti esanahi bera: herrialdeak berak izan ez arren, 30 estatuk lehenagotik aldarrikatu dute ingelesa ofizial, estatu errepublikanoetan batez ere, eta Hawaiik hawaiierari eta Alaskak bertako 20 hizkuntza indigenari ere eman diete ofizialtasuna, ingelesarekin batera. Beste horrenbeste gertatzen da Erresuma Batuan: herrialdeak ez du hizkuntza ofizialik, eta Galesko hizkuntza-legeak galesa ofizial izendatzen du nazio autonomo horretan. Beraz, hizkuntza ofizial bakarra galesa da, baina ingelesaren menpeko diglosian dago bertako hizkuntza zeltikoa. Kanadan ingelesa nagusi izan arren, federalki frantsesak estatus eta maila berbera du. Quebec-en aldeko baina herri indigenen kalterako izan da hori sarritan: Quebecetik urrun dauden eta ia frantsesik egiten ez den lurraldeetan ere hizkuntza horrek bertako hizkuntza indigenak baino estatus jasoagoa dauka.

Bolivia da munduan hizkuntza ofizial gehien dituen herrialdea (37), eta Hegoafrika dator atzetik, dozena batekin. Baina lehen herrialdean espainiera eta bigarrenean ingelesa da hizkuntza hegemonikoa. Era berean, legean edo Konstituzioan ofizial ez izateak ez du esan nahi hizkuntza nagusirik ez denik. Italiak 1999an egin zuen italiera ofizial. Frantses Estatuak berak, frantsesaren supremazismoa mendeetan inposatu arren, 1992an ezarri zuen Konstituzioan frantsesa zela Errepublikako hizkuntza.

AEBko orain arteko hizkuntza-eredua Kataluniako eztabaida independentistan ere sartu zen duela hamarkada bat: batzuek Katalunia independentean katalana eta espainiera ofizial izango zirela aldarrikatu zuten (besteak beste, unionismoari hizkuntzaren argudioa kentzeko), beste batzuentzat espainieraren ofizialtasunak katalanaren diglosia endekatzea ekarriko zuen. Testuinguru horretan, hizkuntza ofizialik gabeko errepublika bat proposatu zuen Vicent Partalek, Estatu Batuetan legez: legeak eta estatu-funtzionamendua katalanez izatea praktikan, «estatu-hizkuntza» gisa, baina ofizial hitza hizkuntza bati ere eman gabe.