Arnaitz Gorriti

Giroko liderrek «jai» hartu duten eguna Nico Denz langileak baliatu du bere palmaresa hobetzeko

Hurrengo bi egunetan mendiak Giroko sailkapen nagusia erabaki behar duelarik, Cesano Madernoko helmugara iheslari anitzeko multzo bat abantaila itzelaz iritsi da. Bertan indartsuena eta azkarrena Red Bull Bora taldeko Nico Denz alemaniarra izan da.

Nico Denzek bere palmaresari hirugarren Giroko etapa erantsi dio.
Nico Denzek bere palmaresari hirugarren Giroko etapa erantsi dio. (Luca BETTINI | AFP PHOTO)

Nico Denz Red Bull Bora taldeko txirrindulari alemaniarrak neurria hartua dio Giroari. 2023an bi etapa garaipen kendu zizkion eta bi urte beranduago, ostegun honetan Giroko hamazortzigarren jardunaldia ere etxera eraman du Waldshut-Tiengen hirian 1994ko otsailaren 15ean jaiotako txirrindulariak. Giroko sailkapen nagusiari begira ostiraleko eta larunbateko jardunaldiek dena erabaki behar dute eta horren ondorioz, «jai» hartu dute liderrek Morbegnotik abiatu eta Cesano Madernon amaitu den etapan.

Sailkapen nagusian zeresanik ez duten makina bat txirrindularik tropel nagusiaren baimena izan dute, tartean Wout Van Aert, Dylan Van Baarle edo Mads Pedersen bezalako etapa ehiztari bikainek, baita Movistar taldeko Jon Barrenetxea bizkaitarrak, baina guztien artean Nico Denz izan da azkarrena. Ez hankaz bakarrik, buruz ere bikain moldatu da, batetik Giroa amaitzeko falta diren etapetan honakoan baino ez zuelako berarentzat aukerarik ikusten eta bestetik, Red Bull Bora taldeari Giroa dena aldrebestu ostean buelta emateko modua nolabait aurkitu duelako.

«Hau da nire hirugarren garaipena Giroan eta zalantzarik gabe, denetan hunkigarriena izan da», onartu du Denzek etapa amaitu berritan. «Bi hilabete eman ditugu altueran kontzentraturik, Primozentzat –Roglic– sailkapen nagusia prestatzen. Baina Primozek Giroa laga behar izan du eta Jaik –Hindley– ere etxera joan behar izan zen erori egin zelako. Eta orduan buruari bueltaka hasten zara, merezi ote duen emaztea eta seme-alabak hainbeste denboran ikusi gabe egon behar izatea ezertarako balio ez duen kontzentrazio baten... Baina buelta eman diogu egoera txar horri eta burutazio txarrak atzean lagata, hemen nago, talde osoari eskaintzen», jarraitu du Denzek.

Morrontza lanerako zebilen Giro honetan Denz, baina erorketen ondorioz liderrik gabe geratu da Red Bull Bora taldea eta nolabait irtenbideren bat bilatu behar izan du. Ihesaldi itzel baten sartu du bere burua, tropel nagusiak ez baitu iheslariak harrapatzeko ahalegin txikienik egin –irabazlearengandik ia 14 minutura iritsi dira helmugara–. Ondorioz, 35 txirrindularik, tartean garaipenik jokatzeko aukera oso gutxitan izaten duten hainbat ale, behingoagatik «berekoi» izateko baimena jaso dute.

Hasieran bai, hasieran elkarlana eta harmonia nagusi izan dira iheslarien artean, baina harmonia hori berehalako baten hautsi da. Hainbat ihesaldi saiakera izan dira 35 txirrindularik osatu duten tropel horretan, nahiz eta begirada gehientsuenak Van Aert eta Mads Pedersen-engan –lau garaipen aurtengo Giroan– pausatu. Faborito hauek zirkinik egiterako, indarrik izan duen oro beraien gurpilera sartu da.

Helmugara iristeko 19 kilometroren faltan jo du berea Nico Denzek. «Tartetxo bat zabaldu dudala ikusi dut erasoa jo dudanean. Ikusi dut atzetik akordio askorik ez zegoela eta denak elkarri begira zebiltzala. Behin etapa garaipena jokatzeko aukera izango eta ez dut birritan pentsatu, tartea ireki dudala baliatuta jotzea erabaki dut», azaldu du txirrindulari alemaniarrak.

Ez du aurrera jarraitu beste egitekorik izan Denzek. Atzean erasoa eta geldialdia nagusi izan dira, baina akordiorik eta jarraitutasunik gabe. Ondorioz, Nico Denzek gero eta alde nabarmenagoa atera die bere iheskideei, helmugan minutuko tartea lortu duelarik bere alde.

Juan Ayuso, etxera

Giroko sailkapen nagusia jokatzen ari diren txirrindulariek ostiraleko eta larunbateko etapa beldurgarriak gogoan izan dituzte eta ez dute indarrik alperrik xahutu; badute zertaz arduratu hemendik aurrera, izan ere.

Juan Ayuso UAE taldeko espainiarrak ere ez du etapa egiten lanik hartu. Bezperan Bormiora bidean 35 minutu laga zituen Bartzelonan jaiotako txirrindulariak eta ostegun honetan, berriz, belauneko arazoez gain begi-ondo bat handituta eta puztuta dela ere azaldu da, antza, erleren batek ziztatu ostean. Dena dela, etapa hasi du, baina askorik egiteke etxerako bidea hartu du.

Horrek, lehenaz gain, UAE taldeko lidergoa Isaac Del Toro mexikarraren eskuetan lagatzen du. Ez du lan errazik izango, nahiz eta osteguneko etapa irabazi ostean garbi erakutsi zuen borrokarako prest dagoela. Aostako bailaran barrena, Biellatik Champoluceko helmugara –Estatu frantseseko mugatik oso gertu–166 kilometro izango dituzte txirrindulariek, baina aurre egin beharreko behetik goranzko desnibela, 4.950 metrokoa, ez da badaezpadakoa izango.

Bigarren mailako Crocer Serra mendatea igoko dute etapa hasi eta berehala eta handik helmugara ia beti gora edo behera izango dute errepidea txirrindulariek. Lehenengo mailako hiru mendateri egin beharko diete aurre ostean: Col Tzecore –16 kilometro, batez beste %7,7ko aldapa duen mendatea–, Col Saint-Pantaleon –16,5 kilometro, %7,2ko aldapa– eta Col de Joux –15,1 kilometro, %6,9ko aldapa–, hurrenez hurren.

Nolanahi, bigarren mailako beste mendate bat, Antagnod, ere igo beharko du tropelak. Gailurretik Champoluceko eski estaziora bost kilometro baino ez daude. Ikusi egin behar egunaren amaieran lider berririk ote dagoen ala Isaac Del Torok Bormion erakutsitako borrokarako grina nagusitzen den.