NAIZ+

Pribatizazioaren aurrean, Greziako herritarrek auzolanean sortutako lau egitasmo

Atenaseko egonaldiaren kronika bidali digute brigadistek. Bertako eskola eta klinika soziala, medekotasuna duten pertsonen terapia zentroa eta kontsumo kooperatiba gertutik ezagutzeko aukera emanez.

Ekainaren 30ean iritsi ziren Atenasera. (Askapena)
Ekainaren 30ean iritsi ziren Atenasera. (Askapena)

Goizaldeko ordu txikitan heldu ginen Atenasera. Harrera bero eta azkar batekin jaso gintuzten KOEko kideek beraien etxean. Hurrengo egunean, deskantsatuta ekin genion brigadari. Hiru geldialdi izango ditugu: Atenas, Thessalonika eta, azkenik, Kreta.

Atenasen 4 milloi biztanle baina gehiago bizi dira, Grezia osoko biztanleriaren erdia ia. Historia luzeko hiria da, guda asko bizi izan ditu eta bizi ditu egun ere. Borroka horietako memoria presente dago gaur egun hirian. Txoko hauek eta proiektu ezberdinak ezagutuz josi dugu gure Atenasko egonaldia. Labur azalduko dizkizuegu ondorengo lerroetan proiektu hauetako batzuk.

Mesopotamia eskola soziala

2003an sortu zen eskola hau auzoko bizilagunen lan boluntarioari esker. Eskola unibertsitatera joan ahal izateko ikasleek zuten laguntza beharretik etorri zen. Orduko eta gaur egungo eskoletan, klasean ematen diren ikasgaiak ez dira aski unibertsitateko azterketa gainditzeko. Hala, eskola berez publikoa bada ere, eta beraz, doakoa, unibertsitatean sartu hala izateko klase partikularrak jasotzea ezinbestekoa da. Eskaera horri erantzunez Grezian akademia pribatu ugari daude, zerbitzu hau eskaintzen dutenak. Baina beharra duten familia guztiek ezin dute diruz zerbitzu hori ordaindu. Hori dela eta, beharrari beste modu batera erantzuteko 2003an Mesopotomia eskola soziala sortu zuten, hezkuntzaren pribatizazioari aurre egiteko.

Eskolaren xedeetako bat da beren jardunarekin ikasleen kontzientzietan eragitea, kultura demokratikoagoa, parte hartzaileagoa eta integratzaileagoa sortzeko.

Eskola sozial honek boluntarioekin eta denbora bankuarekin funtzionatzen du. Mesopotamia eskolako zerbitzuak jasotzen dituzten bizilagunek, modu zuzenean naiz zeharka (ikasleak edo gurasoak adibidez) denbora bankuan egiten dute beraien ekarpena, izan eskolak emanez edo behar den horretan beraien ekarpena eginez (garbiketa, auzolana….). Unibertsitatean sartzeko edo bestelako tituluak (ingelesezkoak adibidez) ateratzeko ikasgaiak eskaintzen dituzte: hizkuntza, matematika, fisika, kimika…. ikasleen beharren arabera eraikitzen dela esan genezake. Sei urtetik aurrerako ikasleak aurki ditzakegu bertan, baita 50 urtekoak ere, eta ikasgai batean ikasle dena, agian beste ikasgai batean irakasle bezala ikusiko dugu.

Duela hamabost urte sortu bazen ere, 2011an lehertutako krisiaren ondorioz eskolaren zerbitzuak eskatzen dituzten bizilagunen kopurua biderkatu egin da. Gaur egun 300 ikasle daude eskola sozial honetan, eta ez da Atenasen aurkituko dugun bakarra.

 


Metropolitan Community Clinic, Helliniko (Klinika soziala)

2011ko abenduan hasi zen lanean zentroa. Garai hartan austeritatearen aurkako mobilizazioak erraldoiak ziren, eta beste aldarrikapenen artean osasun zerbitzua publikoa exijentzia handi bat zen. Izan ere, legez, Gizarte Segurantzarik ez zutenek ezin zuten osasun zerbitzu publikorik jaso. Zehazki, 2011 eta 2016 urteen artean 3 milloi pertsona izan direla kalkulatzen da. Behar honi erantzuteko modu autonomo eta autoantolatuan, hierarkia gabe, boluntariekin eta lan-taldetan antolatuta, klinika sozial honek sei urtetan 60.000 kasu (ez pertsona) artatu ditu.

Hasieratik lau printzipio nagusi izan ditu klinikak: 1) dirurik ez da onartzen, ez da existitzen klinikan, 2) ekarpenak materiala edo denboran behar du izan, 3) mobilizazio eta aktibazio sozialerako tresna ere badira, eta 4) ekarpenak ez dira publiko egiten, denak berdinak gara. 2011az geroztik 65 mediku izan dira bertan, 19 espezialitatekoak. Horiekin batera 22 dentista, 18 farmazeutiko, 8 psikologo, 4 nutrizioan jakitun diren eta 254 boluntario baina gehiago. Lan taldeetan banatuta egiten dute lan, eta erabakiak guztiak batzen dituen asanbladan hartzen dira.

2017ko urtarrilean legea aldatu zen, eta Gizarte Segurantzarik ez zutenek osasun zerbitzu publikoa jasotzeko aukera dute. Hala, klinikako asanbladak beraien zerbitzuak murriztea erabaki zuen, eta gaur egun farmazia zerbitzua, psikologia eta neurologia bakarrik mantentzen dute, tratamendu luzeak eta zailak direlako. Legea aldatu bada ere, ez da aski baliabiderik ez bada, eta arazoak hor jarraitzen du. Alde batetik, medikamentuak eskuratzeko zailtasuna. Izan ere, Gobernuak zati bat diruz laguntzen badu ere, botikak oso garestiak dira eta jende guztiak ezin ditu eskuratu. Beraz, klinika sozial honetako farmazia ezinbestekoa da, eta ez bertara hurbiltzen diren gaixoentzat bakarrik. Izan ere, azpimarratzekoa da (eta larritzekoa), klinika honek ospitaleen, armadaren eta GKEen eskariak jasotzen dituztela. Hau da, Gobernuak diruz laguntze dituen erakundeek herritarren borondate eta lanean oinarritzen den klinikari eskatzen dizkiete botikak gaixoak artatzeko.

Gaur egun, klinika sozial honen antzeko beste bost klinika eta farmazia daude Atenasen. Metropolitan klinika espazio ireki handi batean barruan kokatzen da, aireportu zaharra zena. Hasiera batean, berde gunea, parke bat izango bazan ere, duela urte batzuk enpresa batek erosi eta luxuzko hotelak eta abar eraikitzeko proiektua jarri dute martxan. Ekainaren 30ean klinikak alde egiteko azken eguna zuen, ez ziren mugitu, ordea, ezta egingo ere, baldin eta beste gune bat ematen ez badiete. Presio sozial eta mediatikoa tarteko enpresak leku berri bat agindu die, eta bitartean klinikak Hellinikon jarraituko du, gaur egun dagoen lekuan, hain zuzen.


Pertsona dependienteen terapia zentroa

Atenasko lehen zentro terapeutikoa 1983an urtean sortu zen, baina 2011eko krisiak dena aldatu zuen. Gaur egun dependentzia handiagoa dela azaldu digute, droga gehiago daudela, bai sintetikoak eta merkeagoak. Era berean, arazo fisiko, psikologiko zein psikiatriko gehiago sortzen direla diote terapia zentroko langileek. Zehazki, azken urteetan cannabisaren kontsumoak (lehenago ez zen ia existitzen) presentzia handia hartu duela antzeman dute, 12 urtez gaindiko gazte jendearen artean. Baita Sise droga ere (krisiaren droga, elkarrekin heldu baitziren); kokaina sintetikoaren antzerakoa da hori. Oso arriskutsua.

Gaur egun, hiru organismo publiko daude dependentzia duten pertsonak laguntzeko. Horietako batek ordezkapenaren metodoa (metadona edo beste zenbait sustantzia erabilita) ematen du aurrera, beste biek, aldiz, ez. Zehazki, elkarte honek kolektibitate terapeutikoaren filosofia erabiltzen du. Azpimarratzekoa da eredu hau ahultzen ari dela, izan ere egungo jendartean indibiduaren edo dependientearen bizkar utzi nahi dute erantzukizuna, eta aldi berean soluzio azkarrak lehenesten dira, eta hori ezinezkoa da. Beraz, elkarte honek komunitatean lan egiten du, etxeetan, bertan bizi eta beharrak modu kolektiboan autoantolatu eta auto administratuz. Komunitate bakoitzak perfil konkretu bat du: gazteak, helduak, espetxetik ateratako jendea eta ama monoparentalak, besteak beste.

Etorkin eta errefuxiatuekin ere egiten dute lan. 2010. urtea arte oso gutxi ziren drogatzen ziren etorkinak; izan ere, dependientziak bisualizatea dakar eta sektore hau ikusezinagoa izan nahi zuen. 2009 eta 2015 artean, ordea, droga kontsumoa handitzen hasi zen, modu paraleloan langabezia tasa hazten den heinean. 2015eko errefuxiatu uholdearekin egoerak eztanda egiten du. Aurrez baztertuak bazeuden, errealitate hori biderkatzen da, arrisku askoko sektorea da eta prostituzio infantil eta jubenila, alkoholaren eta pastilen kontsumoa asko hazi dela identifikatu dute. Errefuxiatuen auzian Alemaniak hartutako azken erabakiak (ehunka errefuxiatu Greziara bidaltzea, bertan identifikatu zituztelako aurrena) egoera okertuko duela aurreikusten dute.

Azken urteetan, krisiak eraginda dependentzia maila handitzeaz bat, arazo berriak agertu dira. Jokoa eta apustuak geroz eta presentzia handiago du, dependentzia duen jendearen artean arazo psikiatriko handiak identifikatzen ari dira, baita dependentzia bat baina gehiago duen jendea ere, hau da, multidependienteak diren norbanakoak. Egoera okertu bada ere, Gobernuaren aldetik ez dira bitarteko gehiago jarri, eta egun elkarte hauetan lan egiten duten langileen baldintzak okertu egin dira. Soldata Bruselan edo Hilton hotelean adosten dela azaldu digute, horrela negoziazio kolektiboa bahituz. Horren ondorioz, langile ordezkaritzen eta sindikatuen gaineko konfiantza gutxitu du. Baldintza honetan lan egiteko finantziazio handiagoa eta langile gehiagoren kontratazioa eskatzen dute. Aldi berean, Gobernuaren utzikeriaren atzean, eremu honetan enpresa pribatuak sustatzeko asmoa dagoela azaldu digute.


Elkartasuna, autoantolaketa eta emantzipazioa. Kontsumo kooperatiba

Kontsumo kooperatiba hau Galatsi auzoan dago. 2012 urtean eman zituen lehen pausoak. Helburu nagusia zen elikagaien bitartekariak ekiditea; hau da, ekoizleengatik kontsumitzaileenganako bitartekariak ekiditea, modu horretan kalitatezko produktuak merkeago bizilagunek eskuratu ahal izateko.

2012tik 2015era bitartean, ekoizleak zuzenean auzoko plazan hilean behin egiten zuten merkatura gonbidatzen zituzten. Baina krisia areagotu eta denboran luzatzen hasi zenean, beharrak handitu ziren eta bestelako antolaketa batera jo zuten: kooperatiba.

Denda txiki bat dute auzoan, eta asten bi egunetan irekitzen dute bizilagunek eros dezaten. Zuzeneko erosketaz gain, emailez ere egin dezakete erosketa. Horretarako hilean behin kooperatiban dituzten produktuekin zerrenda bat bidaltzen diete. Hala, egun bost mila familia (ez pertsona) saretuta dituztela kalkulatzen dute. Zailtasunak ekoizleekin harremana egiterako orduan dute, enpresa handiek kontrolatzen dutelako sektorea. Horregatik, eta ekoizleak lagundu asmoz, produktuak kooperatiban bertan eta auzolanean biltzen dituzte. Olioa, ogia, zerealak, fruitu lehorrak, xaboia, barazkiak, tomatea, espezieak, gatza, azukrea, gozoak, gazta…. Ia denetarik aurki daiteke bertan.

Gaur egun, 160 pertsona dira bazkide, eta horietatik 40 norbanako dira aktiboenak. Guztiak boluntarioak dira. Irailetik aurrera bi lanpostu sortuko dituztela azaldu ziguten, bestelako kooperatibekin harremanak saretu eta plan estrategiko bat diseinatzeko ardurarekin.

Thessalonika dugu bigarren geltokia. Grezia iparraldean dago, eta milioi bat pertsona inguru bizi dira bertan. Han jarraituko dugu brigadarekin, beste hainbat proiektu ezagutzen eta Euskal Herriaren berri ematen.