NAIZ+

New York Times-en lehen kalimotxoa

Hitz berri bat lehen aldiz New York Times-en agertzen denean honen berri ematen du @NYT_first_said kontuak. Atzo 'calimotxo' hitza ('c' eta 'tx'-rekin) aipatu zuten Boiseko erreportaje bat tarteko. Askok erantzun zieten 'k'-rekin behar zuela. Baina, lehen aldia al da NYT-en kalimotxoa agertzen dena? Ez, maiz aipatu dute azken hamarkadan.

Kalimotxoa, betiko eran. (Jon HERNAEZ / FOKU)
Kalimotxoa, betiko eran. (Jon HERNAEZ / FOKU)

Teknologiaren eraginez maiz, ordura arte inoiz landu ez dituzten gaiak agertzen direlako bestetan, lehen aldiz euren agerkarian hitz berri bat agertzen denean honen berri ematen du New York Times hedabideak. Atzo 'calimotxo' hitza gehitu zuten hitz berrien zerrenda horretara. Idazteko moduak txiolari ugariren berehalako erantzuna ekarri zuen berekin, Euskal Herritik mundura zabaldu den edari honen izena 'k'-rekin idazten dela adierazteko.

Harrigarria dirudi 2018 arte aurrez inoiz New York Timesen kalimotxoaz aipamenik egin ez izana, eta bilaketa azkar batean ikus daiteke ezetz, aurrez ere maiz aipatu dutela ardoa eta kola daramatzan edari honen ingurukoak, hamabost bat aldiz bai, gutxienez. Hemen hiru adibide:

2005ean argitaratutako artikulu batean aipatu zuten, adibidez. Gazteleraz «botellón» deitzen duten fenomenoa zuen hizpide C.J. Moore kazetariak «Botila handi bat arazo handi bat denean» izenburuarekin idatzi zuen artikuluan. Bilboko gazteen argazki azkar batean aipatu zuen kalimotxoa modu honetan, «calimocho, or kalimotxo – a word whose origins are mysterious». Maiz aipatu da Algortako Portu Zaharreko jaietan sortu zela izena behintzat, Kalimero eta Motxo ezizena zuten bi lagunen eskutik, hortik Kalimotxo hitza. (*Wikipedia) 'When a big bottel is a big problem'

2006an ere aipatu zuen NYT-ek kalimotxoa, Boiserako bidaia proposamen baten baitan jaso baizuen Matthew Preusch-ek gomendioen artean kalimotxoa hartzeko aukera. '36 hours in Boise, Idaho'

2013 'Wine and Cola? It works' Orain dela bost urteko errezeta proposamena da izenburu horrekin Rosie Schaapek argitaratu zuena NYTen, bideo eta guzti. Berez ardo adina kola nahastu eta kito, dio artikuluan zuzen. Limoi edo laranja zati bat gehitzeko proposamena ere egiten du egileak, baina «puristek» egingo zioten kritikaren berri emanez.

Aipaturiko adibideetan 'k'-rekin ageri da kalimotxoa eta arrazoi du NYT-en kontuak 'calimotxo' hitza lehen aldiz asteon '36 hours in Boise (and Beyond)' artikuluan aipatu dutela esatean, modu horretan idatzita azken artikulu horretan soilik ageri baita, aurrekoetan erabat euskaraz (kalimotxo) edo erabat gazteleraz (calimocho) ageri baizen. Lehen aldia zuten... eta azkena izan dadila ;)