Oihana Llorente
Elkarrizketa
Gorka Perez
Carki Productions-eko kidea

«Jolas moduan abiatu genuen, baina arrakasta izugarria izan da»

 «Gai konplexuak, modu ulerterrazean azalduak». Esaldi hori lelo hartuta ia hiru urte daramazkite Euskal Herriaren, Elizaren edota Feminismoaren historia modu entretenigarrian aletzen.

Carki Productionseko logoa
Carki Productionseko logoa

Salba Vallejo arkitektoa eta Gorka Perez psikologoa daude Carki Productions egitasmoaren atzean. «Gai konplexuak, modu ulerterrazean azalduak». Horixe dute lelo, eta papera, margoak eta bi esku soilik erabilita euskal herritarron historiatik hasi eta aniztasun sexualeraino moduko gaiak era grafiko, erraz eta entretenigarrian azaltzeko gai dira. Euren arrakasta itzela da eta Feminismoaren inguruan egindako zazpigarren bideoarekin hamar milioi ikustaldien langa gainditu dute orotara. Youtubek ere zilarrezko sari bat eskaini die berriki, dituzten jarraitzaile kopurua goresteko. NAIZ Gorka Perezekin egon da Carki Productions gertutik ezagutzeko asmoz.

Nor da Carki Productions?
Bi donostiar gaude Carki Productions lan taldearen atzean. Salba Vallejo eta ni neu Gorka Perez.

Noiz abiatu zenuten abentura hau?
2015ko abenduan atera genuen gure lehen bideoa. Euskal Herriaren historia 10 minututan jaso genuen, modu erraz eta ulerterrazean.

Bisita mordoa izan zituen lehen bideo horrek?
Bai, izugarria izan zen. Jolas moduan abiatu genuen bide hau. Interneten bideo didaktiko ugari zeudela ikusi genuen, oso entretenigarriak denak eta jendearen gustukoak. Euskal Herriaren inguruko halako bideorik ez zegoela ikusi eta hori egitea erabaki genuen.

Espero zenuten izandako arrakasta?
Inolako espektatiba gabe abiatu genuen, ea mila lagunengana iristen garen. Pentsa, hori zen gure hasierako erronka. Guk gure lagunei zabaldu genien, haiek beste batzuei… eta segituan bihurtu zen birala, NAIZen ere ipini zenuten… izugarria izan da. Pentsa, 4.000.000 ikustaldi izan ditu bideoak Youtuben bakarrik!

Ez da ordea, egin duzuen bideo bakarra ezta?
Arrakasta hori ikusita, bideo gehiago egiteko gogoa sartu eta guztira zazpi egin ditugu. Euskal herriaren historiaz gainera, katalanen historia, Europako historia eta elizaren historia azaltzen saiatu gara. Sexu aniztasuna ere izan dugu hizpide, bai eta bizitzaren historia ere. Egin dugun azken bideoak Feminismoa lantzen du.

Historialariak zarete?
Ez,ez. Pentsa, Salba Vallejo arkitektoa eta ni psikologoa. Gure lanbideek ez dute zerikusirik honekin, baina gure aisialdian egiten ditugu halako egitasmoak. Hala ere, historia jorratzeko orduan, Jose Mari Perez historialariari eskatzen diogu laguntza, berak egiten digu dokumenatzio lana.

Youtube zilarrazko saria irabazi berri duzue berriki.
Aurreko hilabetean 100.000 jarraitzailera iritsi gara Youtuben eta horregatik eman digu Youtubek saria.

Lortutako bisita kopurua ere izugarria da.
Bai, gure zazpi bideoek hamar milioi ikustaldien langa gainditu dute. Gure bideo arrakastatsuena baina, Euskal Herriaren historia jasotzen duena da, bi urte hauetan lau milioi ikustaldi izan ditu. Eta haietako asko Hego Amerikatik datoz, euren jatorriaren inguruko jakin-min handia dute bertan eta mezu asko iritsi zaizkigu bertatik, zorionduz eta eskertuz.
Herrialde katalanen afera lantzen duen bideoak ere arrakasta izan du, bi milioi ikustaldirekin. Eta feminismoarena, azkena izanik 300.000 ikustaldiak gainditu ditu hilabete bakarrean, martxa oso onean doa.
Ikustaldi kopuru hori gainera, Youtubeko gure kanalekoak dira bakarrik. Gure bideoak beste plataforma batzuetara igo izan dituzte, eurenak balira moduan, eta bertan ere arrakasta dute. Feminismoarena adibidez, orain bi aste Facebookeko erabiltzaile batek partekatu eta 1,4 milioi erreprodukzio izan ditu.