NAIZ+

«Aurrera mutilak!» beharrean, «aurrera Reala!» dio txuri-urdinen ereserki berriak

Realaren himnoa «koralagoa, anitzagoa eta inklusiboagoa» izatea helburu, «Aurrera mutilak!» esan ordez ,«Aurrera Reala!» abestuko da hemendik aurrera Anoetako estadioan.

Bideoaren une bat.
Bideoaren une bat.

Realaren ereserki berriak betiko «aurrera mutilak!» beharrean «aurrera Reala» dio, himnoa «koralagoa, anitzagoa eta inklusiboagoa» izan dadin. Talde txuri-urdinak Twitterren zabaldu berri du Gipuzkoa osoko 170 zalek grabatutako himnoa eta ereserki berria izateaz gainera, «Realak zaleei prestatutako omenaldia» izan nahi duela gehitu du.

Realaren himnoa  «inklusiboagoa» izatea nahi zuten. «Reala ahots askoren batura da, eta, klubaren iritziz, himnoak ahots horiek guztiak ordezkatu beharko lituzke. Horregatik, aldaketa txiki bat egingo da himnoaren letran, inklusiboagoa eta pluralagoa izan dadin», dio taldeak oharrean.

Nabarmentzen dutenez, emakumeen taldeek ere defendatzen dute Realaren ikurra, eta harmailetan gero eta emakume gehiago daude partidak ikusten. Haiek guztiak ere ordezkatu nahi ditu ereserkia berriak.

Himnoa kantatzea errazteko gainera, moldaketa musikal bat sortu nahi izan du Realak, a cappela kantatzeko bertsio bat, klubak horrela nahi lukeelako himnoa Anoetako estadioan entzutea.