NAIZ+

Berri Txarrak konplize «Gazte doinhuak» berreskuratzeko lanean

Euskal Herriko gazteen borrokari lotutako doinuak berreskuratu eta bildu nahi ditu Ernaik ‘Gazte Doinhua’ egitasmoan. Lan horretan konplize bihurtu da Berri Txarrak taldea, bere agur biran 2002. urteko Elorrioko Topagunearen soinu banda izan zen ‘Bisai Berriak’ abestia joz.

Ernai eta Aitzinako gazteek Lemoan aurkeztu dute Topagunea. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Ernai eta Aitzinako gazteek Lemoan aurkeztu dute Topagunea. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Hamazazpi urte igaro dira Elorrioko Gazte Topagunea egin zenetik. 2002ko martxoaren 29tik apirilaren 1era egin zen eta Gazte Topaguneak lehenengo aldiz bisitatzen zuen Bizkaia. ‘Guk iraultzaz independentzia’ izan zuen lelo eta lau egunetan zehar egun osoko egitaraua aurkezten zen lehen aldia zen. Orduko hartan Berri Txarrak taldeak jarri zion musika banda ‘Bisai Berriak’ abestiarekin.

Orain, Lemoako Gazte Topagunearen atarian, halako ekimenei musika jarri dioten melodiak biltzen dabil Ernai, gazteen borrokari doinua jarri dioten kantuak berreskuratuz.

Lan honetan konplize izan du Berri Txarrak; izan ere, igandean Durangoko Plateruenan eskainitako kontzertuan ‘Bisai Berriak’ abestia jo zuen. Izar Mendiguren Cosgaya arabarra bertan zen eta unea grabatu eta Twitterren zabaldu du @itzulipurdika kontuan.

Joan den astean abiatu zuen ekimena Ernaik eta sare sozialak lagun hartuta, 1999. urtean Euskal Herria zeharkatu zuen 'Gazte Abialdia' ekimenaren soinu banda zabaldu zuen lehenengo. Eibarko Su ta Gar taldeak egin zuen ‘Gazteria abian’, hain zuzen ere. Hedatutako bigarren abestia, ostera, 2000. urtean Kanbon ospatu zen Gazte Topagunearen abestia izan zen, Etzakit taldearen ‘Gurea’.

Hain justu, igandean, Berri Txarrak taldeak Durangon kontzertua zuen egunean ekarri zuen gogora Ernaik Elorrioko Gazte Topagunearen musika banda.