Tasio Erkizia
Ezker abertzaleko militantea

Agintariak eta euskara

Zein da Euskal Herriko erakundeen praktika? Goi-mailako instituzioen funtzionamenduari buruzko gainbegirada laburrak datu kezkagarriak erakusten dizkigu. Utzikeria eta errazkeriaren ispilu dira.

Euskararen erabilerari buruz egindako ikerketa guztiek diotenez, herritar asko gaztelaniaz edo frantsesez mintzatzen dira, euskaraz jakin arren. Zergatik gertatzen dira joera horiek? Gaia oso konplexua da, eta lerro hauen helburua ez da arazo hori bere osotasunean aztertzea. Jokamolde horren oinarriak mota desberdinetakoak izan daitezke. Hizkuntzaren erabilera oso mekanismo konplexua da, eta euskara ez erabiltzearen zergatiak ere askotarikoak dira.

Gaurkoan, horietako bat aztertu nahi nuke: agintarien ereduak eta erakunde publikoen euskarazko funtzionamendua bermatzeak izan dezaketen eragina. «Zer ikusi, hori ikasi» dio esaera zaharrak, eta eguneroko esperientziak eragin hori baieztatzen digu. Edozein delarik egoera, beti da garrantzitsua agintarien eredua baina, hizkuntza minorizatuen kasuan, are esanahi bereziagoa du. Oro har, egoera diglosikoetan herritarrek ez dute euren hizkuntzaren balioa aintzat hartzen eta, ondorioz, lotsatu egiten dira edo esfortzu berezirik egiteko motibaziorik ez dute, oztopo guztien gainetik euren hizkuntza erabiltzeko. Izan ere, lehen joera gehienek erabiltzen duten hizkuntza erabiltzekoa da, eta joera hori aldatzeko, arrazoi sakonak izan behar dira, ohiturak aldatu behar baitira. Funtsean, eguneroko praktikan, bat-batean barrutik ateratzen zaizun hizkuntza euskara izan behar da. Hizkuntza normalizatua izan dadin, erabiltzeko ohiturak barneratuak izan behar dituzu, eta, gainera, inguruko gehienekin dituzun ohiturak landu eta zaindu behar dira.

Helburu horiek lortzeko bidean, nork uka dezake agintarien eguneroko praktikak ere garrantzi handia duela? Egia da hainbat buruzagi politikok euskara erabiltzen dutela komunikabideen aurrean, kasu askotan modu traketsean bada ere. Baina erakunde publikoen funtzionamendua neurri handi batean gaztelaniaz gauzatzen da. Politikagintza erdaraz egiten da. Hori aldatzeko LAB eta ELA sindikatuek eta Euskararen Kontseiluak proposamen zehatza egin dute, epe jakin batean funtzionario guztiek euskara menpera dezaten. Oso ongi dago, eta guztiz beharrezkoa da; baina ez da nahikoa. Zer sinesgarritasun du horrelako plangintzak, bertako hautetsiak euskaldunak izateko eta egunerokotasunean euskara erabiltzeko neurririk hartu ez duen erakunde batean?

Zein da Euskal Herriko erakundeen praktika? Goi-mailako instituzioen funtzionamenduari buruzko gainbegirada laburrak datu kezkagarriak erakusten dizkigu. Utzikeria eta errazkeriaren ispilu dira. Oso larria da egoera, zoritxarrez, erakunde handienek erdaraz funtzionatzen dutelako guztiz. Gasteizko, Iruñeko zein Iparraldeko gobernuek, euskara ez dakiten kideak dituztenez gero, gaztelaniaz edo frantsesez funtzionatzen dute; aldundietako gobernu-batzorde guztietan ere gaztelaniaz funtzionatzen dute. Nafarroako Parlamentuan 50 kidetik soilik 15 dira euskaldunak eta Parlamentuan egiten duten erabilera %15ekoa da, gehienera jota. Gasteizkoan, berriz, %60k euskaraz ondo jakin arren, Osoko Bilkuretako erabilera %28koa da.

Hiriburuetako udalbatzei dagokienez, Bilboko Udaleko Osoko Bilkuran euskararen presentzia aski larria eta esanguratsua da. Zinegotzien %80k euskara jakin arren, bilkura horietako erabilera %20 ingurukoa omen da, soilik. Eta informazio-batzordeetan, gaztelania baino ez da entzuten. Gobernu-batzordeak ere gaztelera hutsean egiten dira. Iruñeko Udalean are datu eskasagoak dira: hogeita zazpi zinegotzitik zortzi baino ez dira euskaldunak, eta erabilera %25era iristen omen da. Gasteizen ere egoera berdintsua da. Donostiako zinegotzien artean euskaldunen presentzia handiagoa da, 27 zinegotzitik 20 dira euskaldunak, baina bertako Osoko Bilkuretan %40an egiten da euskaraz eta %60an gaztelaniaz. Asko eskatzea ote da erakunde horietan zinegotzia izateko euskaldun alfabetatua izan beharra exijitzea eta ohitura gisa bileretan euskararen erabilera ziurtatzea? 44 urte pasatu ondoren, gehiegizkoa ote da herritarren zerbitzura dauden ordezkari publikoei eskatzea bertoko hizkuntza, kasu batzuetan ofiziala dena, jakin eta erabiltzea? Noizko horrelako erabakiak?

Galdera da zer balio duten Euskaraldia bezalako kanpainek, instituzioetako bizitzak gaztelania edo frantses hutsean jarraitzen badu. Ez al da lotsagarria agintari askoren «postureoa»? Herritarrei euskaraz mintzatzeko esan eta beraiek, lasai, gaztelania hutsean jarraitu? Euskararen alde daudela esan baina ezinbestekoak diren neurri estrukturalak hartzeari uko egin? Zinez, une aproposa da datorren kanpainaren karietara erabaki eragingarriak hartzeko, erakunde guztiak arigune bihurtuz. Aski eredugarria litzateke instituzio guztietan hausnarketa serioa egin ondoren, erabaki oldarkorrak hartzea. Hautetsi guztiak ados ez daudela? Tira! Hautetsi-talde bakoitzak egin ditzala urrats emankorrak, eta ziur instituzioaren funtzionamendu orokorra ere aldatuko dela denbora laburrean.

Ongi etorriak herritarrak astintzeko baliagarri izan daitezkeen herri-ekimenak. Eguneroko erabilera da hizkuntzaren etorkizuna berma dezakeen oinarrizko baldintza. Geroa gure esku dago, eta egunero eraikitzen dugu. Baina horrekin batera dei egin diezaiegun agintari politikoei, etikaz eta koherentziaz joka dezaten. Ez da nahikoa herritarrei eskatzea; norberarengandik hasi behar da euskararen susperraldia. Beharrezkoa da erakundeek euskaraz funtzionatzea eta, horretarako, agintari publikoak euskaldunak izan behar dira. Politikagintza euskaraz egiten hasteko ordua da.

Bilatu