Unai Apaolaza
Filosofia irakaslea

Aldebikotasun hutsaz

Aldebakartasunetik lortu ez dena ez da aldebikotasunetik lortuko. Horregatik, aldebikotasun hutsak ez du inoiz gehiengorik sortuko.

Zer esana eman du Oriol Junquerasek astelehenean “Ara” egunkarian idatzi zuen “Mirant al futur” artikuluak. Bertan, oinarri independentista zabaltzearen inguruko gogoeta bat egiten du. Laburbilduz, aldebikotasunak, aldebakartasunak ez bezala, oinarria zabaltzeko balio omen du. Ondorioz, aldebakartasuna baztertuz aldebikotasun hutsaren alde egin behar omen du independentismoak. Kartzelan dagoenari zor zaion errespetutik abiatuta, artikulu horretako gogoeta nagusia okerra dela argudiatzen saiatuko naiz irekita uzten ditudan zazpi hausnarketen bidez:

1. Aldebikotasun hutsak politikaren elitizazioa dakar. Aldebakartasuna lehenesteak, berriz, politikaren horizontaltasuna indartzen du. Aldebikotasunak alderdien arteko bilera ilunetan jartzen du balizko prozesu independentista baten fokua. Egin, politikariek egingo dute. Herritarrei, berriz, fedea edukitzea eta, eskatzen zaienean, botoa ematea dagokie, soilik. Aldebakartasunak, berriz, politikaren deselitizazioa dakar; argia alderdien bulego opakuetatik herritarrez beteriko plazetara eramaten baitu. Aldebikotasun hutsean jendartea objektua da. Aldebakartasuna lehenetsiz aldebikotasunari muzin egiten ez dion ikuspegian, berriz, jendartea subjektua da. Eta hori, independentismoa den mugimendu askatzailearen aktibaziorako eta oinarria zabaltzeko ezinbesteko baldintza da.

2. Goiko ideiatik tiraka, politika ulertzeko modu bat jartzen du agerian aldebikotasun hutsak: politikaren kosmobisio partidista. Politika ulertzeko modu honek gehiengoak beti alderdien arabera neurtzen direla uste du. Berdin du eutanasiaren aldeko gehiengoa izan, etxebizitza eskubidearen aldekoa, lan baldintza duinen aldekoa edo independentziaren aldekoa izan. Edozein subjektu politiko alderdi politikoetara makurtzen du. Kosmobisio horrek alderdien muga zurrunak jartzen dizkie hazi nahi duten subjektu politikoei. Alderdiak dira politikaren neurria eta ondorioz, muga. Ikuskera honetatik aldentzen hastean zabaltzen da askapenerako aukera eta oinarria.

3. Independentismoa identitate esentzialista moduan hartzeko joera dago aldebikotasun hutsak indartzen duen politikaren kosmobisio partidistan. Ideia hau hobeto azaltzeko, Espainiak urte luzez erabili duen argudio bati helduko diogu: Espainia demokrazia bat denez, Espainiako legeak demokratak dira. Gurean ere argudiaketa mota bera agertzen hasi da azkenaldian: X alderdi «indepea» denez, egiten duen edozer independentziaren aldekoa da (Europako funtsak, Espainiako aurrekontuak). Esentzialismora garamatzan atzekoz aurrerako argudiaketa honek, independentismoa edozer justifikatzera daramanez, ahuldu egiten du.

4. Oriolen gutunetik ondorioztatzen den beste ideia bat da aldebikotasuna inklusiboa eta aldebakartasuna baztertzailea dela. Ideia horrek, erreala ez izateaz gain, unionismoaren marko diskurtsiboa irensten duenez, independentismoari kalte egiten diola uste dut. Kataluniaren kasuan argi ikus daitekeen moduan, Urriaren 1eko aldebakartasunak guztion eskubideen aldeko eskaria egiten zuen. Sanchezen aldebikotasunak, berriz, unionismoaren pribilegioak babestea du xede. Oinarri demokratikoa eta, beraz, inklusiboa, aldebakartasunak zabaltzen du askapen prozesuetan.

5. Oriolek, artikuluan, aldebakarreko bidea aparte utzi eta Eskoziako ereduaren alde egin behar dela dio. Kontu honetan, baina, bada aipatzen ez duen ñabardura garrantzitsu bat; Erresuma Batuko Gobernuak, 2014an egin zuen moduan, berriro erreferendum bat onartzea oso probabletzat ikusten du bertako jendarteak. Aldebikotasun hutsa, hortaz, bide sinesgarria da Eskozian. Espainiako Gobernuaren kasuan, berriz, jendarte osoak daki ez duela onartuko; ez da bide sinesgarria. Sinesgarritasuna funtsezko kontua da, jendartearen aktibazioaz eta oinarriaren zabaltzeaz ari bagara. Estatu espainiarraren aurrean aldebikotasun hutsaren alde egiteak sinesgarritasuna kentzen dio independentziaren proiektuari eta, beraz, indargabetu egiten du.

6. Historiak Kataluniakoa eta Euskal Herrikoa bezalako kasuetan aldebakartasuna baztertzea ez dela egokiena diosku. Independentzia nahiaren inguruan egiten diren inkestak eta aldebakarreko momentu gorenak kontrajarriz gero, argi ikus daiteke aldebakarreko momentu goren horietan egin duela gora independentismoak. Jendartean orduan ikusten baita independentziaren aukera posible.

7. Junquerasek dioenaren kontra, aldebikotasuna eta aldebakartasuna, biak, dira beharrezkoak askapen prozesu batean. Aldebakartasuna jendartean indar posizioa eta legitimitatea eskuratzeko bidea da. Aldebikotasunak, berriz, jada lortu duzun horri zigilua jartzen dio. Finkatu egiten du. Aldebakartasunetik lortu ez dena ez da aldebikotasunetik lortuko. Horregatik, aldebikotasun hutsak ez du inoiz gehiengorik sortuko. Hori, edozein negoziaketa prozesutan sartu aurretik kontuan eduki beharreko oinarrizko araua da.

Egin ditudan hausnarketa hauetatik ondoriozta daiteke aldebikotasun hutsak, politika zaharraren jite guztiak bere egiten dituenez, ez duela higatzen burujabetzak ukatzen dizkigutenen indar posizioa. Eta indarrean dauden markoak onartzera garamatzanez, ez diola tarterik uzten edozein askapen mugimenduk derrigorrezkoa duen marko berriak sortzeko imajinazio politikoari. Aldebikotasun hutsak independentismo gris batera garamatza, euskal errepublika lortzeko inongo gaitasunik gabekora.

Bilatu