Tasio Erkizia
Ezker abertzaleko kidea

Amnistia? Bai horixe!

«Amnistia osoa, presoak kalera!» Maiz manifestazioetan oihukatu edo paretetan pintatuta ikusi dugun lema da. Egokia ote da hori aldarrikatzea? ala, egoera politiko honetan, hobeto ote da ez erabiltzea? galdetu zidan burkide batek lehengo batean. Nik neuk oihukatu egiten dut, eta egoki deritzot aldarrikapen hori plazaratzeari.

Ozen oihukatu genuen frankismo garaiko azken urteetan, bereziki 1977ko udaberrian, eta gaur egun ere horrela egiten dut; eta, ene ustez, gure ametsak herri osoa horretara biltzea izan beharko luke. Hori bai, bere aldarrikapen hori egokia izango da, zentzuz erabiltzen dugun neurrian, noski.

Amnistia oihuaren zentzu politikoa presoen kaleratzea eskatzea da, eta hori, bidezkoa izatetik aparte, ezinbestekotzat daukat normalizazio politikoa egon dadin, zeina ezin baita gauzatu politika egiteagatik preso bakarra espetxean gelditzen den bitartean. Badira lau urte ETA erakundeak armak utzi zituela, eta presoen eta iheslarien jasaten duten egoera eskandalagarria da, zeren, ez bideratzeaz gain, Estatuak haien aurkako biolentzia areagotu eta luzatu baitu. Gainera, Arantza Kirogak duela gutxi adierazi zuen bezala, gaur egungo egoerari irtenbide egokia ez ematea biolentziaren hazia ereitea da biharko gizarteari begira.

Esanahi politiko sakoneko kontzeptua da Amnistia, ezker abertzalearen sorreratik bertatik gaurdaino euskal askapen-borrokaren geneetan txertaturik irauten duena. Egia da, frankismoaren garaian aldarrikapena izan zena kontzeptu integral bat izatera pasatu zela Trantsizioan, presoen irteera eta iheslarien etxeratzea ez ezik, gatazkaren arrazoiak gainditzea –KAS alternatibaren giltzarria zen Autodeterminazioa gauzatzea, besteak beste– eskatzen zuena. Gaur egun ere, estrategia-aldaketarekin, ezker abertzalearen norabidea zentzu eta eduki berberetan finkatzen da: presoen eta errefuxiatuen etxeratzean eta euskal estatua eraikitzean.

Beraz, Amnistia gaurko ezker abertzalearen estrategiaren muina da. Gaurko ildo politikoak bete-betean jasotzen du Amnistiaren zentzurik sakonena, kontzeptuaren esanahia bere osotasunean barnebilduta baitago gure ekinbidean. Egia da ezker abertzaleak une honetan honako hau planteatzen duela: «Indarrak metatzea eta aurrera egiteko lehentasunezko eskaera presoen sakabanaketarekin eta urruntzearekin bukatzea da, eta hori izango da lan ideologikoa eta mobilizatzeko ardatz nagusia». Baina hori ez da Amnistiaren aldeko borroka alboratzea eta, gutxiago, Amnistia ez dela oihukatu behar esatea. Tourrean, bitarteko helmugek inoiz etapa-bukaerari garrantzia kentzen ez dioten bezala, gure bitarteko helmugek ezin digute lausotu benetako helmuga: herri aske batean presoak libre bizitzea.

Horren harira, oso argigarria da Franco hil ondoren Trantsizioan gertatu zena. Orduan ere, 1976-77 urteetan, herrietan izugarrizko eztabaida antzuak egon ziren Amnistiaren esanahiari buruz, eta “ortodoxoenek” haren esanahi juridiko-politikoa defendatzen zuten. Alegia, Amnistiaren aldeko borroka ez zela bukatuko harik eta egoera juridiko-politikoa iraultzen ez zen bitartean. Baina praktikan, herritarrek erakutsi zieten aski ongi zer esan nahi zuten Amnistia oihukatzen zutenean, Aldanondo ondarrutarra, azken presoa kartzelatik irten zenean, itzali egin baitzen oihu hori, eta mugimendua ere bai.

Gaur egun, antzua bezain desegokia iruditzen zait Amnistia hitza erabili ala ez sutsuki eztabaidatzea. Lekuz kanpo dagoen eztabaida da, nire iritziz. Hitz horren erabilera zentzuz jokatzearekin loturik baitago eta ez teoria politiko edo ikuspegi desberdinekin. Egokia da presoentzako Amnistia kalean aldarrikatzea, baldin eta herritarrak biltzeko baliagarria bada; aldiz, oihu horrek presoen alde aritzeko prest dagoena urruntzen badu, ez erabiltzea eskatzen digu zentzuak. Esperientziak erakusten dit, herritarrak badakitela une bakoitzean tentuz eta arduraz modu oso naturalean jokatzen eta, beraz, gai honen inguruan sobera daudela eztabaida antzuak eta artifizialak. Eman irizpide orokorrak eta utzi Herriari presoen aldeko atxikimendua erakusten.

Bide honetan eta zentzuari buruz ari garelarik, Amnistia aitzakia modura erabiliz, jokamolde okerra da norberaren kontura manifestazioak antolatzea. Okerra da, nahasmena sortzetik aparte, Estatu Espainolari izugarrizko mesedea egiten zaiolako, urte luzeetan ezker abertzalearen baitan zatiketa bilatzen ari den etsaiari, nahi gabe bada ere, erraztasuna emanaz. Beraz, abertzale guztiei eskatuko nizueke, indarrak bildu eta iritzi ezberdinak gure baitan eztabaidatzera, onartezina baita presoen egonezina norberaren desadostasunak kanporatzeko erabiltzea. Presoak eta iheslariak interesatzen bazaizkigu, elkarrengana bildu eta guztiok batera norabide berean arraun egiteko ordua da.

Presoak eta iheslariak direla eta, Estatu espainolak zentzu ezberdinetan estutzen du ezker abertzalea. Batetik, independentzia eta sozialismoaren bidea landu eta sakondu beharrean, gatazkaren ondorioen inguruan korapilatuta ikusi nahi gaituzte, nagusitasun osoa –eta ahal balitz bakarra– horri emanez eta nazio-eraikuntza alboratuz. Bestetik, preso eta iheslarien gaia soilik  ezker abertzalearen “arazo partikularra” bailitzan tratatu nahiko luke, gizarteratzea behin eta berriz oztopatuz; horren lekuko dira Herrira mugimenduaren aurka egindako sarekada lotsagarria edo Sare mugimenduari buruzko etengabeko mehatxuak. Hirugarrenik, presoen sufrimendua erabiltzen dute, gizartea tenkatu eta, ahal balute, lehertzeko.

Nire ustez, egia da ez dugula oraindik asmatu erantzun irmoa ematen, estatuek preso eta iheslarien gaiaren inguruan azken boladan darabilten bortizkeriari. Mugimendu zabal eta askotariko baten faltan gaude gizartearen epelkeria astintzeko. Eta ezker abertzaleak indargune bihurtu behar du preso eta iheslarien aldeko borroka, naziogintzan ere indarrak metatzeko eta herria aktibatzeko. Estatuak gu itotzeko erabili nahi duen korapiloa askatu behar dugu, eta estatua bera kate motzean lotzeko soka bihurtu behar dugu. Ez da erraza, alajaina, baina handiagoetatik irten izan gara!

Bilatu