Aritz Arrieta Obeso

Anarkokapitalismoa? Oximoron zentzugabea

Asko entzuten eta irakurtzen da azken aldian anarkokapitalismo oximorona azken aldian. Oximoron bat kontrako esanahia daukaten bi kontzeptu hitz berean edo esaldi barean jartzea da, adibidez: Itsuski ederra, argi iluna, su hotza... baliabide poetiko edo retoriko bezala interesgarria baina gauzak zehatz azaltzeko ez.

Entzuna neukan irratian, telebistan eta bestelako kapitalaren morroi diren komunikabidetan baina harritu ninduen hain analisi zorrotzak, argiak eta ondo adierazitakoak egiten dituen bati irakurri nionean. Eta bestelakoan hain brillantea zen testu baten erdian gainera. Jesus Gonzalezen "Tiempo de monstruos"-i buruz ari naiz. Itzela, oso ona, baina bertan Argentinako lehendakari berriari ultraliberal, fascista eta anarkokapitalista deitzen dio! Akabaramos! Izorrai!

Saia putrea da baina saiatu gaitezen kontzeptuak argitzen, mesedez. Bestela hizkuntzak ere sarraskituko dizkigute eta saien bazka izango dira. Eta haiekin batera pentsamendua eta gizateria osoa.

Kapitalismoa zer den eta bere fase neoliberal hau edo sartzen ari garen fase faxista hau zer den ez dugu esplikatu beharrik. Gutxi batzuk gero eta aberatsago ari dira egiten gehiengo langilegoa eta herritarrak gero eta gehiago pobretzen dituzten bitartean, ingurugiroa ere neurrigabe zukutzen eta hondatzen duten bitartean. Bistan denez, kapitalismoaz pikutara goaz (Etsaiak, aupa hi!).

Baina Anarkismoa zer da? Hitz gutxitan esateko; «Anarkismoa sozialismoaren adierazpen garbiena da» zioen Erriko Malatestak, italiarrez noski eta nik españolez irakurri nuen baina horrelako zerbait.
Anarkia benetako sozialismoaren sinonimoa da.

Engainu bidez, baioneten indarraz edo baliabideen pilatzearen bidez sortutako gizakiak gizakiaren zapalkuntza eta esplotazio guztiak abolitzen dituelako da benetako sozialismoa.

Ez dago produkzio bideen eta baliabideen jabetza pribaturik ez eta aberastasun pilaketarik klase kapitalista baten esku ez eta haiek ordezkatzera etorriko den gobernari eta burokrata klase pribilegiatu berririk ere.

Langileak eurak izango dira beren lanarekin sortutako aberastasuna banatuko dutenak eta bizimodua antolatuko dutenak behetik gorako antolakuntzan.(...)

Ultraliberal edo neofaxista hauek nahi duten askatasuna indartsuek eta jabetzadunek langilegoa zapaltzeko eta esplotatzeko askatasuna da. Ez besterik.

Baina inor ez da benetan aske izango inor loturik deino (aupa Mikel!). Are gutxiago gehiengo bat zapaldua eta miseria gorrian dagoen bitartean.

Ultraneofaxista hauek nahi dutena da, Jesus Gonzalezek berak ederki esplikatzen duen moduan, gobernua bere atribuzio minimotara murriztu, ongi-izate estatua delakoa ezabatuz. Hau da, orain arteko konkista sozialetatik biluziaz; Osasungintza, hezkuntza publikoak... Baina gobernu guztien benetako muina diren funtzio errepresiboak ukitu gabe: Polizia, magistratura, propaganda... zeren berauek gabe jabea, propietarioa ezingo litzake existitu. Eta gobernuaren indar errepresiboak beti hazten joan behar du ezberdintasun sozialak eta desarmonia hazten doazen neurri berean. Aberatsen Txiringitoa dagoen bezala mantentzeko eta zapalduak matxinatu ez daitezen.

Laburbilduz anarkia kapitalismoaren justu kontrakoa da. Kapitalismoak berekin dakartzan injustizia, ezberdintasun sozialak eta kaosaren justu kontrakoa. Aberastasun eta botere guztia gutxi batzuen esku egoteak suposatzen duen desorekaren aurrean lanaren eta aberastasunaren banaketa armoniatsuago bat. Kaosaren aurrean ordena, oreka. Kontrakoa sinetsarazi nahi ba digute ere «la anarkia es la mayor expresión del orden», E. Reclus. Anarkia ordenaren adierazpen gorena da.

Pertsonalki uste dut benetako anarkista izateko oso optimista edo baikorra izan behar dela gizakiaren solidaritate zentzuarekiko, gizarte batek inolako gobernurik gabe funtzionatu ahal izateko, behetik gora antolatuaz bizitzako arlo guztiak. Horregatik diote Anarkia ez dela helburua, bidea baizik.

Baina gizakiak ebolutiboki arrakasta izan ba zuen eta bizirautea lortu ba zuen bere elkartasunerako joeragatik izan zen, solidaritate printzipioagatik (hori Kropotkinek eta Darwin berak ere esaten zuten). Elkartasuna lege natural bat da, askoz ere garrantzitsuagoa burgesek hainbeste goresten duten norbanakoaren existitzeko borroka baino infinituki garrantzitsuagoa. Eta elkartasun printzipio hoiek deshobiratu eta gizateria eta izadi osoari zabaltzen ez ba dizkiogu hobe dugu Jesukristoren etorreran edo errege magoengan sinesten hasi, zeren guztia pikutara joango da.

Zalantzak baino gehiago ditut, baina argi eta garbi daukadana da boterea gutxi batzuen esku dagoen bitartean, nahiz eta hauek «herriak aukeratutakoak» izan, beti egongo dela klase pribilegiatu bat besteen bizkar biziko dena, gehiengoa bere klase interesen mesedetan zanpatuko duena.

Horrek ez du esan nahi Urkullu berri bati, edo Milei bati edo Meloni bati edo bestelako meloi bati ateak ireki behar zaizkionik hauteskundetan abstenituz, nik uste. Nahiago dut Arnaldo bat edo Maialen bat edo Joseba erakundetan, benetan zintzoak eta jatorrak direla uste dut, nahiz eta haiei ez lieketen utziko aldaketa handirik egiten benetan agintzen dutenek (bankuak, oligarkia finantzarioak, armada, magistraturak...). Iraultza Durruti baino urrutiago ikusten dut momentu honetan, konponbidea are urrutiago, gizakien arteko elkartasuna Gazako hondakinen pareko. Lan handia dago egiteko eta errespetatzen ditut horretan saiatzen direnak eskuak loturik bada ere.

Baina jendartea hain ergela baldin bada bere burua gobernatzeko nola izango da gai gobernatuko dituena egoki aukeratzeko? Bistan da ezetz, faxismoa gora doa eta ezkerra gero eta akonplejatuagoa dago, jada asko ez dira ausartu ere egiten ezkerrekoak edo sozialistak direnik esatera, are gutxiago benetako ezkerreko politikak egitera.

Bistan dena da kapitalismoaz edo estatu kapitalismoa den komunismo autoritarioaren bidetik pikutara goazela. Baina konponbidea ere ez dugu batere argi ikusten faxismoaren ideiei kontrajartzeko. Anarkia edo kaos kapitalista.

Argi ikusten dudan gauza bakarra gizateriari datorkion etorkizuna oso iluna dela, beste oximoron batekin bukatzeko: Argi dago etorkizuna beltza izango dela, era batera edo bestera ulertua.

Boikot Israeli. Elkartasuna munduko herri zapaldu guztiekin.

Bilatu