Patxi Zabaleta
Aralar

Armagabetze aldebakarrekoa eginik dago

Lau urtera goaz ETA erakundeak borroka armatua utzi zuela aitortu zuenetik. Aldebakarreko ekintza izan zen. ETAk emandako hitz hartan ez du dagoeneko inork zalantzarik jartzen.

Delako hitzaren balioa hainbat arrazoitan oinarritzen da; bat, hitza eman zuenak izaten jarraitzen duelako; bi, aipatutako erakundeak bere hitza betetzea eta egia esatea xede nagusitzat izan zuelako, nahiz eta behin, zoritxarreko T4ko ekintzan hautsi bazuen ere; hiru, aldebakarrekoa izateak bakeari eta politikari aitorpena, onura eta laguntza ekarri ziolako.

Armagabetzeak ere aldebakarrekoa izan behar du. Hala eskatzen dute historiaren logikak, politikaren jokoak eta etorkizunaren onurak. Historiaren eta politikaren arabera, ETAren urrats nagusia –borroka armatua behin betiko uztea– aldebakarreko urrats nagusi bezala egin baldin bazen, bigarren mailakoa den edo menpeko garrantzia daukan urratsa –armagabetzea alegia– ere nahitaez aldebakarretik egin beharko da. Bestalde, gainera, PPko Gobernuak bere itsukeria ankerrarekin argi eta garbi azaldu du ez duela inolako urratsik emango. Ahal dituen oztopo guztiak jarriko ditu Estatuak onura edo aprobetxamendu politikoak egiten diharduelako. Hirugarrenik, ordea, ETAren aldebakarreko armagabetzeak onura egingo dio Euskal Herriaren herri izateari eta bakeari, borroka armatua uzteak egin dion zentzu berean eta arrazoi berdinengatik.

Euskal Gobernuak ez dauka behar bezalako maila juridikorik, ezta ere politikorik eginkizun hau burutzeko; besteak beste, Madrileko zentralismoak bere tresna hutsa den Auzitegi Nazionalera eraman zuelako nazioarteko bitartekarien armagabetze ahalegina. Urkullu eta Egibarren EAJ ez zen egon egon behar zenean egon behar zen tokian; hau da, aldebakarreko abiadaren ezkaratzean, Gernikan.  

Independentzia gerrako «gerrillarien» armak edo Gerra Karlistetakoak ez ziren inoiz desegin edo bildu eta haietako batzuk oraindik oinetxeetako gordailuetan –armairuetan– gordeta jarraitzen dute. Baina arma historiko eta anekdotiko haiek ez daukate edo ez darie arma izateak duen sen nagusia, hain zuzen ere arriskua edo beldurra sortzea, alegia. Armen arriskua edo beldurra ez da tresnaren beraren izatetik sortzen, erabiltzen duenarengandik baizik. Armaren arriskua edo beldurra pertsonek eragiten dute.

Armagabetzeak adierazpen soila izan beharko du eta kitto. Erakundearen beste adierazpen bat. Borroka armatuaren etena jakinarazi zuen adierazpen nagusi hark sinesgarritasun osoa lortu baldin badu lau urteotan zehar, armagabetzearen jakinarazpenak ere berdin lortuko du. Ez du inork galdetzeko premiarik izanen ea leize-zulo batera bota diren edo armairuren batean gorde beste gerretakoekin batera.

Armagabetzeak ez zuen arazo izan beharko Estatuarentzat hala nahi izan balute. Orain berriki zigor kodea hain trakets, gaizki eta atzerakoi aldatu dutenean aukera ezin hobea zuten armagabetzearen atala bi lerro xumetan konpondu eta arautzeko. Ez dute konpondu nahi izan. Ez dute bakegintza nahi izan (badakit baieztapen honen larritasuna). Ez dute gizartearen elkarbizitza aitzineratu nahi izan, baizik eta alderdien onura beltzak eta interesak.

Borroka armatua behin betiko uztearen hitza ETAk bete du eta betetzen ari da, izaten jarraitzen duelako. ETA erakundeak izaten jarraitzea erakunde zibila bilakaturik beharrezkoa da ETAko preso politikoak dirauteno. Alde batetik, bere hitzak betetzearen erakusgarri izateko; beste alde batetik, borroka armatuaren eraberritzeko posibilitaterik ez gelditzeko, eta hirugarrenik, erantzukizunen aitorpenak, damua eta barkamen eskeak barne aitortu ahal izateko.

Izan ere, damua, egindako kaltearen aitorpena eta kitapen morala soilik erakundeak, erakunde bezala egin ditzake gizarte mailan. Gizabanakoak maila pertsonalean egin dezakeen aitorpena edo eskatu ahal duen barkamena pertsona mailakoa da, baina borroka armatua eta bere ondorioak gizarte mailakoak dira, eta maila horretan soilik erakundea erakunde bezala mintza liteke.

 Gizarteak eta borroka armatuaren eta beste gizarteko enfrentamendu politikoen kaltetu eta biktima guztiek ez dute aski gizabanakoen damu edo aitorpen pertsonala. Bakegintzak beharrezkoa du gizarte maila orokorra duen aitorpena. Bakegintzan lehendabiziko eta garrantzirik gehiena duen urratsa borroka armatuaren etena da, baina beste urratsek ere maila soziala ezin dute ahaztu. Bermearengatik, ziurtasunarengatik eta duintasunarengatik.

Jakin badakit, eta nozitu sakonki nozitu dut adierazpen hauen larritasuna. Ez alferrik hiru aldiz gaitzetsi ninduen joan del legealdian Iruñeko Udalak erregimen zaharraren boto amorratuekin eta Geroa Bairen epeltasuna zela medio. Bakeak iraun beza eta benetakoa bedi, horretarako iritziak gordin-gordinean esatea ezinbesteko betekizuna bazaigu ere.

Bilatu