Arantza Aldezabal, Arantza Isasmendi eta Begotxu Olaizola

Aurrera egiteko aukera

Datorren larunbaterako, urtarrilaren 11rako, Sare Herritarrak euskal presoen eskubideen aldeko manifestaziora deitu du, beste urte batez, Bilbon. Aukera paregabea da gure herriarentzat elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko, hainbat hamarkadatan liskar bortitzetan murgilduta egon ondoren eta, oraindik ere gaur egun, haien ondorioek indarrean jarraitzen dutenean.

Euskal gehiengo politiko eta sindikalaren ahaleginari, bai eta ideologia anitzeko pertsona ugarik elkarbizitzaren alde hartutako konpromisoari esker ere, azken hiru urteotan aurrerapauso nabarmenak eman dira espetxe politiketan.

Atzean geratu dira presoak euren bizilekuetatik urruntzen zituzten politikak, bakartze ziegak eta zigorra azken egunera arte lehen graduan betearaztea. Neurri horiek guztiek ez dute zerikusirik zuzenbide estatuek berezkoa duten gizarteratze- eta erreparazio-espetxe politika arruntarekin. Garai hartan, salbuespena arau gisa ezarri zen, politikak zuzenbidea okertuz, alegia.

Hori dela eta, gaur arte egindako bidearen balorazio positiboa egiten badugu ere, ezin dugu ahaztu ETA gabeko azken 14 urte hauetan bidegabekeriek jarraitu egin dutela. Oraindik ere, egungoarekiko oso ezberdina zen garaian onartutako salbuespen-legeriek indarrean jarraitzen dute. Adibidez, 15 presok baino gehiagok epaitegiek ezarritako zigor-mugen gaindiko kondena luzeagoak bete behar izan dituzte.
 
Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan (Frantzian, bereziki) bete diren zigorrak ez zenbatzeari amaiera emateak normaltasuna berrezartzea ahalbidetu du, duela hamar urte Gorte Nagusietan urratu zena PPk Senatuko tramitean sartu zuen zuzenketa baten bidez. Izan ere, zuzenketak preso horiek inolako onurarik erabili ezin izatea, horientzako onurak eragoztea, baitzuen xede.

Lege-aldaketa horren onuradun diren 52 presoei ez zaie ezer oparituko. Ez zaizkie zigorrak murriztuko. Erabat logikoa eta legezkoa dena aplikatuko zaie; hau da, ez zaie betearaziko Zigor Kodearen 75. artikuluan adierazitako mugatik gorako zigorrik. Espero dezagun Auzitegi Nazionalak lege honen aplikazioa ez atzeratzea, dagoeneko nahikoa kalte atzeraezin eragin baitu.

Aipaturiko lege-aldaketa honek EAEko Espetxe Administrazioari ere etxeko lanak jartzen dizkio. Izan ere, lege berriak preso hauetako asko egoera juridiko eta penitentziario hobean jartzen ditu. Ondorioz, espetxean betetako urteak medio, hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna lortu beharko lukete.

Beraz, salbuespen-politikekin amaitzeko urratsak egiten jarraitu behar dugu. Azken finean, 7/2003 Lege Organikoa indarrean egoteak biziarteko kartzela-zigorra era ezkutuan mantentzea dakar, askatasunaz gabetutako presoa 40 urtera arteko kondenak betetzera behartzen baitu, egoera honek osasun fisiko eta psikikoan nabarmenki sortzen dituen kalte larriekin batera. Halaxe diote mediku-espezialistek, 20 urtetik gorako zigorrak betetzeak edozein presoren osasunean ondorio lazgarriak eta konponezinak eragiten dituela.

Hori dela eta, EAEko Espetxe Administrazioari eskatzen diogu, joan den abuztuan Saretik egin genuen bezala, kudeaketan ausardiaz joka dezala, legeak preso guztiei berdin aplikatuz, kanpoko presioen edo oportunismo politikoari zor zaizkion irizpideen amarruan erori gabe.

Gasteizko Legebiltzarrean gehiengo zabal batek onartutako «EAEko Espetxe Ereduak» funtzionamendu-gida bilakatu behar du, zigorrak erdi-askatasuneko erregimenean betetzearen aldeko apustua eginez. Zigorrak modu horretan betetzea onuragarria da ez bakarrik preso tipologia horrentzat, baizik eta baita gizarte osoarentzat ere. Eta, zalantzarik gabe, espetxe politika hori garatzeko orduan, kasu egin behar zaie espetxeetako profesionalei eta haiek egindako txostenei. Izan ere, profesional horiek baitira askatasunaz gabetuta dauden pertsonen bilakaera hobekien ezagutzen dutenak.

Espetxe politika arrunta aldarrikatzea bateragarria da indarkeria jasandako biktima guztiei zor diegun babes eta errespetuarekin, erdiesteko egia, aitortza, justizia eta erreparazioa, mendekuarekin edo minaren erabilera politikoarekin zerikusirik ez duten balioak direnak. Hala, elkarte bakar batek ere ez ditu baldintzatu behar gobernuei eta justiziari dagozkien espetxe politikak.

ETA duela urte batzuk desagertutako erakundea izanik, haren kide edo kolaboratzaile izateagatik zigortutako pertsonek bakearen eta elkarbizitzaren aldeko pausoak eman dituzte. Bizikidetzaren alde adierazi duten borondatearen zintzotasuna edo egiazkotasuna zalantzan jartzen dutenei, gogorarazi behar diegu zuzenbidea ez zela arimak salbatzeko asmatu, bizikidetza arautzeko baizik, eta, beraz, ez dutela ahalmenik inoren kontzientziak ebaluatzeko.

Pertsona horiei etengabe egiten zaien autokritika-eskakizuna eragile guztiei egin behar zaie errelato minimoki partekatuari begira, kolektibitatearentzat baliagarria izango dena, gure ustetan bederen. Presoek autokritika egitea beharrezkoa da, jakina, baina eskubideak urratu zituztenek, ETAren aurkako borrokaren izenean erail zutenek, torturatu zutenek, tropeliak edo botere gehiegikeriak aurrera eraman zituztenek, horiek ere autokritika egin behar dute. Egin ezean, gure historiako kapitulu lazgarri bat faltsuki ixten ariko gara. Baina gaur da eguna esparru horretan gabezia eta isilune nabarmenak daudena.

Euskal Herriko jendarteak bizi izan duen gatazkaren ondorioak itxi eta zigilatzeko zilegitasuna du. Behin betiko! Bai. Eragile sozial eta politikoen artean bakea ekarriko duen ohiko justizia baten ordua da, hala ez balitz, bidegabekeriak eta desmemoria dituen bakea ez litzatekeelako bake justua izango.

Bilatu