Aster Navas

Bankuan daukazun diru kopurua?

Agian horretan datza. Agian dena berriz irakurri beharko genuke, argi ezberdin eta ezusteko baten azpian. Beharbada, adibidez, William Defoek idatzi zuena ez da Robin Crusoerena istorioa baizik eta Ostiralarena; uharte huts batean mendebaldeko naufrago batekin topo egiten duen indigena baten istorioa. Agian, esate baterako, ezkutariarekin hasi beharko dugu. Izan ere, Cervantesek kontatu nahi izan ziguna nekazari horren istorioa izan zen, tabernan bizarginak aipatzen zituen zaldunen eleberrietako arrastakinekin flipatzen zuen abarkadunarena. Horrela, Sanchok, asko erregutu ondoren, inguruko kapare bat −Alonso Quijano− abentura bila irteteko konbentzitu zuen eta holan, azkenean ere, Aldonza Lorenzo maitemindu zuen halako balentriekin limurtuz.

Agian Txanogorritxoren otsoari edo Errauskinen amaordeari entzuteko ordua da; Piolini mokoa itxi eta Silvestreren larruan jartzeko unea. Azaldu beharko genioke amonatxoari kaiolako kabroi hori ez dela dirudiena, nahiz eta behin eta berriz «creo que he visto un lindo gatito» esan. Agian bada koiotearen alde jartzeko eta Hankarina harrapatzen laguntzeko garaia.

Hori guztia burura datorkit deklaratu berri den hirugarren gerra horren ondorioz. Bageneukan Gazakoa, Ukrainakoa, eta orain dela aste batzuk Prime Timekoa hasi da. Kasu honetan konkistatu edo inbaditu beharreko lurraldea ordu-tartea da, eta burutzen diren batailetako garaipenak, porrotak eta hildako kopurua audimetroek eta share-kuotek zenbatzen dituzte egunez egun eta doitasun osoz. Hasiera batean hiru armadek parte hartzen zuten gudan, baina "Babylon show" izeneko eskuadra berehala erretiratu zen gudu-zelaitik. Telecinco-koek Pablo Motos garaitu nahi zuten beraren arma berdinak erabiliz eta ez zuten lortu: "El Hormiguero"-ko artilleria ondo koipeztatuta dago; inork ezin omen dio bere eremuan irabazi.

Agian horretan datza "La Revuelta"-k izandako arrakasta: ikuspuntu, norabide pertsonala eta hurbila eskaintzen du; autoreren telebista. El Terratekoek ohiko Talk showa hankaz gora, azpikoz gain jartzen dute eta gauero bulego zaharkitu horretan antolatzen duten lagunen festara gonbidatzen gaituzte.

Deigarriena, larriena komunikabideek bi aldeen inguruan bultzatu duten polarizazioa da, profil estereotipatua, programa bakoitzaren ikus-entzuleari esleitzen zaion filiazio politikoa; Broncanok kobratuko omen duen dirua...

Bai, agian dena berriz kontatzen hasi beharko dugu, beste ikuspuntu batetik. Agian garrantzitsuena ez da Gulliver, Lilliput baizik; agian ez da Ahab kapitaina, bere obsesioa baizik; agian Lewis Carrollek idatzi zuena ez da Aliciaren istorioa baizik eta Untxiarena; neska batekin topo egiten duen untxi estresatu baten istorioa. Agian ogroak, erbiak, txitxarrak badute zeresanik: beharbada nekatzen gaituzte jadanik printze urdinek, dortoka saiatuek eta, batez ere, inurri langile eta aurreikusleek. Agian ez zen beharrezkoa auto bat zuzenean erretzea ikus-entzuleak erakartzeko, ezta bekainak erre ahal zizkizuten esperimentu itxurosoak egitea ere. Agian nahikoa ziren dunbal bat eta bizpahiru −¿dinero en el banco?− galdera deseroso, naturaltasun −¿sexo en el último mes?− harrigarriz jaurtiak. Agian horretan datza.

En fin.

 

Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinat zailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Irit zi artikuluak eta gutunak sinat zailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinat zailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Bilatu