Eider Perez de Heredia Goñi
Nafarroako Toki eta Lurralde Entitateetako Berdintasun Teknikarien Sarearen ordezkaritzan

Benito Menniren itxieraren mehatxua Elizondon

Benito Menni osasun mentaleko itunpeko zentroaren eraikin oso bat ixteko iragarpena kolpe gogorra izan da urte amaiera honetan. Kolpe latza da sektoreko emakume langileendako, Elizondoko egoitzako emakume langileendako bereziki; izan ere, pairatzen ari ziren lan-baldintza eskasak gutxi ez, eta are gehiago murriztuko lirateke haien lan-eskubideak lanaldi-murrizketekin, txanda-aldaketekin, azken orduko lan-egutegiekin, zereginen aldaketekin... azken finean, emakume langileengan presioa eginez, estresa sortuz, haien aukera bakarra greba izan den arte.

Bertzalde, Nafarroako Gobernuak Zainketen aldeko Foru Itunaren esparruan defendatzen dituen printzipioen (zaintzak erdigunean jarri, zainketen langileen lan baldintzak hobetu…) kontrako irain zuzena ere bada. Politika publikoen eragina paperean geratu, eta  zainketen langileen duintasunaren aldeko borrokan bakarrik uzten diren eszenatokian kokatzen gara bertze behin ere.

Zaintza-lanak, arrunt feminizatuak, gure jendartearen zutabe ikusezina izan dira historia guztian zehar. Benito Menni bezalako erakundeetan, hein handi batean, emakumeak dira beren lanarekin funtsezko zerbitzua ematen dietenak egoera zaurgarrian dauden pertsonei eta, oro har, jendarteari. Hala ere, ahalegin hori ez da islatzen ez beren lan-baldintzetan, ezta aitortzen zaien balio sozialean. Osasun-, garbiketa- eta zaintza-sektoreari pandemian egindako ahaleginak eskertzeko jotako txalo-zaparradetatik, haien eskubideak isilarazi eta alde batera uztera igaro gara. Benito Menniren lantokietako bat ixteko mehatxuak lanpostuak galtzea ez ezik, osasun mentaleko pazienteen arretan atzera egitea ere badakar.

Luze daramate beren lan-baldintza prekarioak salatzen, estresak eta antsietateak jota bizi dira, eraso fisikoak eta sexu-jazarpena pairatzeko arrisku etengabean, eta beren jarduera profesionalaren ondoriozko gaixotasunen azterketa medikoa ez da inondik ere nahikoa. Egoera hori ez da zentro horretan soilik gertatzen, sektore feminizatuetan dagoen egiturazko problematikaren isla da; hala nola etxeko enpleguarena. Zaintzak ikusezinak badira eta errekonozimendu sozialik eta ekonomikorik ez badute, are ikusezinagoak dira osasun mentaleko gaixotasunak dituzten pertsonei arreta emateko erakunde itxi baten hormen gibelean egiten direnean, eta horrek are gehiago areagotzen du sektore horretako lana eta haren aldarrikapenak ikusezinak izatea.

Itxiera hori langileen, pazienteen eta haien ingurune hurbilenaren beharrei kasurik ez egitearen sinboloa da. Oinarrizko zerbitzu publikoen pixkanakako suntsipena ez dator bat Zainketen aldeko Foru Itunean jasotako konpromisoekin, eta promesak ekintza zehatz bihurtzeko borondate politikorik ezaren bertze adibide bat da. Itxiera hori baimentzen bada, "Zaintzak erdigunean" esalditik "Zaintzak azken lehentasun gisa" esaldira pasako gara.

Pertsonen zaintza ezin da luxu bat izan, ezta negozio bat ere; inbertsioa, konpromisoa eta ekintza politiko irmoa eskatzen dituen eskubidea da. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da, eta Nafarroako Gobernuak eta ardura duten agintariek erakutsi behar dute erronka horren mailan daudela. Eraiki nahi dugun jendarte motarantz aitzina egitea da kontua, zaintzak benetan erdigunean egonen diren gizarterantz.

Bilatu