Josu Iraeta
Idazlea

Borondate kolektiboaren bidetik

Badira, hauteskundeek erabaki politikoei, legezko izaera emateko baino, ez dutela balio, diotenak. Eta ez dira gutxi horrela pentsatzen dutenak. Bale, baina horrekin, gauza hasko esaten dira, besteak beste, benetako agintea, boterea, «joko» hortik kanpo dagoela.

Baina −nire ustez− neurrian bada ere, hauteskundeak beti dira, gizarteak bere iritzia jakin arazteko eskura duen tresna. Beste gauza da jakin arazte horrek erantzunik jasotzen duen ala ez. Ez da erraza. Non, nola eta norekin gauden ongi aztertzean dago gakoa.

Egia da, non gauden jakiteak beti lagunduko du baina, Estatu batetik bestera, sistema ekonomiko eta politiko batetik bestera, nazio eta etnia gutxienen arazoak, modu desberdinak hartzen dituzte. Hori ukaezina da.

Zorionez, burua neurrikoa eta ongi betea dutenak ditugu bazterrean. Beti da mesedegarri norberak baino gehiago ikasitakoak, «oraindik» jorratzeko dagoen bide luzean argi pixka bat jartzeko. Eskerrak horrelako jakintsuei, bestela nola arraio konponduko ginen «menditik» etorri berriak garenok?

Egia da, badira beti ingurukoen gainetik begiratzen dutenak, agian horregatik −beste inork ez bezala−, besteei bidea erakusten jardun behar horrek, berea nondik doan jakin gabe bizi dira.

Eta Beharbada horregatik, egun indarrean dagoen espainiar gobernuaren azken boladako urratsak ez dituzte hausnartzen, itxuraz ez daukate ezer «berririk», baina egia beste bat da. Duela hamarkada gutxi batzuk, Europan gertatutakoa agertzen gaitu mahai gainera.

Jakin badakigu, erakunde estatal bat dugunean, eta nazio bat baino gehiago haren barrenean, Estatu plurinazionala, zein izan daiteke hoberena guretzat: askatzea, beraz, nazio bakoitzak bere erakunde estatal berjabea burutzea? Estatu berean elkarrekin jarraitzea, federazio edo konfederazio gisa? Hori da zehaztu behar duguna. Gaur ez bada, bihar izango da, baina izango da. Hor borondate kolektiboaren beharra.

Beharbada horregatik, helburu zehatzak argi jakinaraztea derrigorrezkoa dela uste dut. Nazioen autodeterminazioa, elkarte nazional arrotzetatik, Estatu gisa askatzeko eskubidea ulertzen baita, Estatu nazional burujabeen sortzea ulertzen da. Eta jakinik, Estatu espainoleko demokraziak sortzetiko gaixotasun sendaezina duela, eman beharreko urratsak ongi neurtu beharko ditugu, aurrera egin nahi badugu.

Ezker abertzaleak, edo −nire lagun zahar batek esango lukeen bezala− «ezker abertzale historikoak», azken 50 urte hauetan erakutsi du −ongi erakutsi gainera− herriaren alde lan egiten dakiela. Eremu ezberdinetan, garaian garaiko, dagokion eremuan.

Ezker abertzaleak, Hego Euskal Herria kudeatzeko, gobernatzeko gauza dela erakusten ari da. Horretan, gizartearen gehiengoaren konfiantza irabazten hari da. Hor, azken hauteskundearen «mezu» garbia.

Ez da lan makala, kontuan harturik, «ia mende erdian «demokrazia politikoa kontrolaezin luzetan, eginkizun publikoen agintea «kasta» zahar baten pribilejio izan dela. Gizarteari sinestarazi zaie, kudeaketa publikoa ikaragarri konplikatua dela eta EAJk barruan ditun «ilusionistak» bakarrik dakitela hori eramaten. Besteen esperientzia eza saldu dute, «betiko beldurra».

Garai berriak sortu nahi ditugu, eta garai berri horietara egokitzen hari gara. Orain arte, Euskal Herriko gizarteak «nahi ala ez», erreferentzia garbi eta seguru bat izan du azken hamarkadetan. Autoritate zaila, baina era berean irmoa. Autoritate bezala osoki aitor zitekeena, nahiz osoki identifika zitekeen, edo ez...

Bestelako denborak dira gaurkoak. Bestelako «dohainak» behar ditu gaurko agintariak, apirilean, frogatu zen bezala. Gure esku dago, lan sendoaren emaitzak izango dira etortzeko daudenak. Edo ez dira izango.

Betidanik, borroka luze eta gogorrez bakarrik lortzen baita askatasuna. Beraz, nola edo hala, iraultza da eta lortzen denean festa izan ohi da. Gero −ez dakit noiz− baina festa egunak igarotzean, nazio sentimenduak epeltzen hasten litezke. Arras normala, arazo berriak agertzen dira, eta lehen hainbesteko garrantzia zuten gauzak −nazio hizkuntzak adibidez− garrantzi gutxiago ematen diegu.

Ataka hori ez da politikoen afera hutsa, baina egiazkoa da eta horregatik, kontuak garaiz ateratzea hobe. Egia baita, herri zapalduan aukera gehiegirik ez dela izaten. Begira Nafarroan gertatzen hari dena, nazio hizkuntzak galdutakoa berreskuratzeko.

Gaur bertan, gaztelania euskara zapaltzen ari baita. Horregatik entzuten dugu, tolerantea izan behar dela, zapaltzailearen hizkuntza besterik erabiltzen ez dutenekin. Ez dela gehiegi «eskatu» behar. Baina agian aukera gehiago izateak gogo gutxiago ere ekartzen ahal du. Eta nahi omen «luketelako» hartatik; ezin dutela, zaila dela, ez dela hain garrantzitsua...

Lehen nioen helburu zehatz eta argiaren ezagutza ezinbestekoa dela, orain gehiago sakonduz, berriro Estatuari begiratuko diot.

Helburuen arabera, estatu sortzeak, teoria eskatzen du eta teoriak, derrigorrez jakinduria. Ezinbestekoa da, gizarte zibilak pentsatzen duena jakin eta ulertzeko. Gizarte zibila ez baita batasun hermetiko bat, sailkatuta dago mila era, talde eta maila sozialetan, ia-ia −erakunde politikoak bezala− Beraz, harreman sistema konplexua da, baina lan sendoa eta zuzena eginez, «borondate kolektiboa» lor daiteke, eta horrekin, aginpide politikoa eskuratzea posible da.

Nik horrela uste dut, baina hala ere, kontuan hartzekoa da «borondate kolektiboaren» bultzadaz nagusitzeak, ikuspegi asko bateratzea behartzen duela, eta horrek agintariak aldatze hutsa ekar dezakeela. Eta nik −beste askok bezala− gehiago nahi nuke.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Bilatu