Rebeka Ubera eta Karlos Ibarguren
EH Bilduko legebiltzarkidea eta EH Bilduko Osasun Idazkaria

Covid-19: irakaspenak baliatzearen garrantzia

Norbanako arduraz eta ardura kolektiboz jokatzen dugu, edo jai dugu. Baina guztiok ez ditugu ardura maila berberak. Gainerakoei ardurak eskatzeak ezinbestean norberak arduraz jokatzea exijitzen du. Zentzu horretan, Jaurlaritzaren jokabidea ez da oso eredugarria izan.

Guztiok desio genuen uda goxoa izatea, kutsakortasun indizea gorritik urruntzea eta ostadarraren alegrantziatik azaltzea irailetik aurrera jorratu beharreko lan ildoak. Udazkena, baina, arre dator eta beldur gara pandemia ez ote den berriz ere aitzakia bihurtuko osasun sisteman gehiago itxaron ezin duten zenbait gai geroratzeko: Lehen Arretaren berrantolakuntza, behin-behinekotasuna murriztu beharra, Lan Eskaintza Publikoen eredua, euskara plana, Osasun Publikoaren estrategia edo segurtasun klinikoa, besteak beste. Beldur gara, finean, ez ote garen maskaren gomekin katramilatuko.

Pandemiak hainbat irakaspen utzi dizkigu, baina ikasitakoa aplikatzeko ulertzen ez ditugun trabak eta arduragabekeriak ikusten ditugu.

Ikasi dugu zer gertatzen den herritarren eta eragileen konplizitatea landu gabe neurriak arintzean, inor asebetetzen ez duen itxi-zabaldu-itxi dinamikak intzidentzia maila altuetan kokatzen gaituela, birusaren arrisku nagusia espazio itxietan eta bereziki jende pilaketetan dagoela. Ikasi duguna eta batik bat adituek irakatsi digutena abiapuntu, hamarnaka proposamen egin ditugu, txertaketa kanpainan soilik tematzea ez delako aski, aldi berean neurri osagarriak hartu ezean. Proposamen hobeak edo okerragoak, baina askotan ez zaigu ezta eztabaidatu eta adosteko paradarik eman ere. Are gehiago, proposamenik ez egitea leporatu digu Jaurlaritzako alderdi nagusiak. Eta horrek ere batzuek zer ez duten ikasi ere erakusten du: inoiz baino beharrezkoagoak diren lankidetzarako espazioak eraikitzeko beharra.

Lankidetza eraikitzeko helburu horretan ahaleginak eta bi egin ditugu, irakaspenak kontuan hartuta, komunitate zientifikoari entzunda, gu baino pauso bat aurrerago dauden herrialdeei begiratuta edo ingurua aztertuta. Ez beste inor baino azkarragoak garelako, ardura maila bat dagokigula ulertzen dugulako baizik. Gauzak horrela, hainbat prebentzio neurri mahai gaineratu ditugu beste begirada batekin, erantzunkidetasunean oinarrituta.

Besteak beste, Delta aldaerari aurre egiteko 61-69 urte arteko herritarrei txertoaren bigarren dosia aurreratzeko eskatu dugu, bai eta zaintza eta jarraipenerako sarea indartzeko ere. Udaran etor zitekeena aurreikusiz, gazteekin elkarlana garatu eta aisialdia modu seguruagoan gozatze aldera, osasun lanbideetako ikasleekin alternatibak eta prebentzio neurriak aztertzea proposatu genuen. Egun farmazietan Osasun Sailaren sarean sartu gabe saltzen diren autodiagnostikorako testekin ziurtagiri digitala edo osasun ziurtagiria egitea proposatu genuen, proba horiek prezio sinbolikoan salduz eta farmaziak Osakidetzaren sarean sartuz, aisialdi seguruago bat lortuko genukeelakoan.

Pandemiaren bosgarren olatuak ez ditu ospitaleak hainbeste zigortu, baina Lehen Arreta, aztarnariak eta mikrobiologiako laborategiak, ordea, ezinean jarri ditu. Adierazle berriak behar ditugu osasun sistemaren gaitasuna baldintza egokietan mantentzeko: trazabilitatea %60tik gora izatea, Lehen Arretako presio asistentziala, osasun profesionalen bajen kopurua eta Lehen Arretan egunean egiten diren PCR/ag kopurua neurtu beharko lirateke.

Marko estuak gainditzen saiatu gara. Zergatik mugitu behar dugu betiko markoetan? Aztarnariak zergatik izan behar dira sanitarioak, sanitario gabezia dugunean? Formazioa emanda, profil anitzetako profesionalak jar daitezke horretan. Zergatik ditugu erizainak soilik txertoa jartzen, beste toki batzuetan beste hainbat espezialitateko profesionalak ari direnean? Zergatik jarraitzen dugu Lehen Arretatik profesionalak hartzen, arlo hori guztiz hustuta dagoenean?

Oraindik ere ikusteko dago pandemiaren bilakaera zein izango den. Noizbait desagertuko da, aurreko guztiak desagertu ziren bezala, baina neurri egokiak hartzen ez baditugu, ondorioak latzagoak izango dira eta sufrimendua eta heriotza kopurua areagotuko dira.

Egia da txertaketak egoera erabat aldatu duela ospitaleratzeak modu nabarmenean bakanduz, baina ez du lortu gure egunerokoa edo ekonomia normaltzerik, oraindik ere ez baitugu ikasi honetatik planeta osoa batera atera ezean, tunelaren irteera urrunago izango dugula. Elkartasunak bultzatutako mundu mailako txertaketa lortu ezean, aldaera berriak sortuko dira eta atzerapausoak errepikatuko dira.

Beraz, norbanako arduraz eta ardura kolektiboz jokatzen dugu, edo jai dugu. Baina guztiok ez ditugu ardura maila berberak. Gainerakoei ardurak eskatzeak ezinbestean norberak arduraz jokatzea exijitzen du. Zentzu horretan, Jaurlaritzaren jokabidea ez da oso eredugarria izan. Etengabe, pandemia osoan, ardura herritarrengan, Madrilgo Gobernuan, ostalaritzan edo gazteengan jarri du. Etengabe eta iraunkorki. LABI gora eta LABI behera, inolako neurririk hartu gabe edo eraginik ez duten neurriekin itxurakeriak eginez. Horren adibide dira maskararen erabileraren inguruan egin duen antzerki kaxkarra eta EAJk eta PSEk bultzatutako Pandemiaren Aurkako Legea, haien esanetan, covid-19ari aurre egiteko tresna eraginkorra izango zena eta babes juridikoa eman behar ziguna.

Badakigu egoera konplexua dela, erpin asko dituela eta, neurri guztiak aplikatuta ere, ez dagoela emaitza positiboa bermatzerik. Baina hobe izango da saiatzea, eskuak gurutzatuta egotea baino, ezta?

Udazkenari berezko dituen kolore guztiak zukutzeko garaiz gaude. Ikasi dugunak fase berri batera jauzi egiteko balio behar du. Ezin dugu, orain arte bezala, porrotera, nekera eta herritarren jokabidea zigortzera eramaten gaituen estrategiarekin jarraitu. Garrantzitsua da, noski, guztion jokabidea. Baina erantzukizun publikotik zerbait gehiago egiterik egongo da, ezta?

Covid-19aren kontrako estrategia eragile guztien lankidetzarekin birdiseinatzen badugu eta egoki kudeatzen badugu, azken urtean abandonatuta dauden gai potoloei heltzeko moduko errekurtso material eta pertsonalak libratzeko aukera izango dugu. Orain arte bezala, adostasunak topatzeko prest jarraitzen dugu.

Bilatu