Luis Manuel Etxeberria Urretabizkaia
Donostia Sutan elkarteko kidea

Donostia, 1813ko abuztuaren 31n

«Bizirik irten ziren horiek 1814ko urtarrilean egindako aktarekin "La Reconstrucción de San Sebastián" liburua argitaratu zen; liburu horretan egin ziren basakeria guztiak kontatzen dira».

«Sarraski eta hondamendi izugarri hura, etxe guztiak (seirehun) lapurtuak, bostehun banan banan propio kiskalita, neska, emakume eta amona guztiak egunetan bortxatuak, mila bat donostiar erailak (Auñamendi), 1.600 Donostiako familia lur jota, honela gertatu zen:»

«Frantziako Iraultza ez zen 1789an izandako jazarraldian bakarrik geratu, baizik eta, Errege-erreginak hil ondoren, mesianismo halako batez, iraultza mundu osora zabaltzea erabaki zuten».

«1794ko abuztuaren 1ean, armada Bidasoa inguruko mugara iritsi zen, Irunera. Han, Espainiako armada zuen zain, Pirinioetako alde guztietan. Zer zetorkien ikusita (90.000 soldadu), armadak eta haren buruak (Colomera jenerala) ihes egin zuten».

«Donostiara iritsi zen gertaera haren berri, eta Foru Aldundiak Getariara aldatzea erabaki zuen. Abuztuaren 3an, Donostiako atariraino heldu zen Moncey jenerala, Frantziako tropa salbatzaileekin, eta liskarrik gabeko bakea eskaini zuen. Moncey ez zetorren euskaldunen aurka egiteko, Madrilen aurka baizik, herri jasankorra eta borrokalaria osatzen zuten, eta Madrilgo gobernuaren eraso etengabeak pairatzen ari ziren».

«Foru Aldundiak eta Udalak, sena erabiliz eta gizakia izaki libre eta hiritartzat duen Autodeterminazio Eskubidea betez, erabaki zuten ez aurre egitea, are gehiago, erabaki zuten Iraultzarekin bat egitea, eta, ondorioz, Gipuzkoa Frantzia izatera igaro zen; hobeto esanda, indar handiagoz batu zitzaien Lapurdiri, Zuberoari eta Nafarroa Behereari (nahiz eta Iraultzak Iparraldeko milaka euskaldun Landetaratu zituen). Azken batean, Gipuzkoa, bere ordezkarien erabakiz, Frantziaren mende geratu zen. Mitxelena garaiko Donostiako alkateak hiriko giltzak eman zizkion Monceyri ‘tirorik bota gabe’».

«Pentsatzekoa da nolako eskandalua sortuko zuen horrek Espainian eta Madrilen; alde batetik, gerrarik gabe etsi zutelako, eta, bestetik, Gipuzkoa Frantziako Estatuaren eskuetan geratu zelako.  Baina, hori gutxi balitz bezala, Gipuzkoa estatu burujabe bihurtzeko asmoa zuten, edo Bizkaiari eta Nafarroari baturikoa, eta, gainera, gogoan zuten antzinako erresuma berpiztea "Zazpiak bat" leloarekin, ‘1200. urte aurretik bezala’ idatzi zuten».

«Guztia Bergarako Mintegiari egotzi zioten, Munibek, Narrosek eta Altunak sortu zuten fundazioari; mintegi horrek harreman estuak izan zituen Frantziako entziklopedismoarekin, besteak beste Voltaire, Diderot eta, bereziki, Rosseaurekin, Azkoitira etorri nahi baitzuen».

«Garai haietan Gobernu Iraultzaileko Ministro zen Domingo Garate; hark parte hartu zuen Versaillesko pilotalekuan Giza Eskubideen inguruko agiria idatzi zenean. Hori guztia barkaezina zen, goi mailako traizioa eta aberriari eginiko erasoa».

«Handik urtebetera, 1795eko abuztuan, M. Bartelemyk eta Domingo Iriartek, Parisko eta Madrilgo ordezkariek hurrenez hurren, Suitzako Basilean».

«Bakea izenpetu zuten; hala, Gipuzkoa (Hego Euskal Herria) Espainiari itzultzea hitzartu zuten, Espainiak Frantziari Santo Domingo uhartea (erdia, milaka espainiar) ematekotan eta Frantzia Hego Euskal Herritik erretiratu zen 1795ean. Gero, aipaturiko pertsona horiek guztiak auzipetu egin zituzten».

«1805ean Napoleonek Baionan preso hartu zituen elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako erregeak (Carlos IV eta bere semea Fernando VII), Baionako Konstituzioa inposatu zuen Espainian eta bere anaia Jose Bonaparte izendatu zuen Espainiako errege, agintzen Madrilen eta leku gehienetan».

«1808ko maiatzaren 2an Espainiako eta Madrilgo jazarraldiak gertatu ziren, Frantziaren aurka. Wellington eta portugaldarrak espainiarrei batu zitzaizkien, eta Wellingtoni buruzagitza eman; horrek Castaños jeloskor jarri zuen. Independentzia Gerra Euskal Herrira zetorrela eta, Cadiz beldur zen, Santo Domingo ordurako betiko galdua baitzen».

«Cadiztik zalditeria atera zen Castaños jenerala atxilotu eta ordezkatzeko aginduarekin; jenerala Tolosan atxilotu zuten. Atzera bueltarik ez zegoela konturatu zen bera ordezkatzeko Freire jenerala joan zenean. Horiek horrela, Iruñea hartzen ari zen Wellingtonekin elkarrizketatzeko aukera eskatu zuen. Elkartu zirenean, hitz egin zuten, baina, Gomez Artetxeren hitzetan, zer hitzartu zuten ezin jakin. Gertaerek esango zuten».

«Espainiako tropak, Wellington buru zutela, Lesakarantz abiatu ziren. Euskal tropak Ugartemendiaren agindupean zeuden; hark Donostiara odolik isuri gabe sartuko zela esan zuen, baina euskal tropak baztertu egin zituzten eta San Martzialera bidali Irunera».

«Bestalde, portugaldarrak eta ingelesak Graham jeneralaren aginduetara zeuden, eta hark Aieten jarri zuen kuartel nagusia. 1813ko uztailaren 22an, beren indarrek hiri gatazkatsuari eraso zioten. Baina indar okupatzaileak gailendu zitzaizkien».

«Astigarragan portugaldarren pikete bat atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Preso hauek esan zuten Castaños jeneralaren agindua zutela ‘donostiar guztiak labanaz pasatzeko (hiltzeko) eta hiria erretzeko’».

«Donostiako ateak itxi egin behar izan zituzten, ez hustearren. Baina Pasai Donibanen babesean ezkutaturik zeudenek Wellingtoni Lesakara bidali zioten gutunean labanaz hilko zituztelakoan ea egia zen galdetu zioten. Horri Alaba ordezko jeneralak erantzun zion: ‘Nola egin diezaiekezu kasu inolako kargurik gabeko jendeari’».

«Wellingtonek berak etorri behar izan zuen, abuztuaren 31n Donostia hartu zuen hark; gero, ‘kargurik gabekoek’ Castañosen agindua bete egin behar izan zuten».

«Bizirik irten ziren horiek 1814ko urtarrilean egindako aktarekin "La Reconstrucción de San Sebastián" liburua argitaratu zen; liburu horretan egin ziren basakeria guztiak kontatzen dira: hilotzak bortxatu, putzu ilunetan ezkutatuz salbatu eta atari guztiak propio erre (bostehun). Horrez gain, alabari eta Wellingtoni idatziriko gutunak agertzen dira, nahiz eta bukaeran sinadurak kendurik dauden».

«Beste liburu bat ere bada, "Quién incendió San Sebastián"; liburu horretan sinadurak agertzen dira, baina Castañosi buruzko aipamenak kenduta daude. Haren atxiloketa Gomez Artetxe jeneral eta historialariak kontatzen du. Donostia berreraikitzea eta baita hiletak egitea ere debekatu egin zuten, ikaragarrizkoak izaten hasi baitziren. Herriak, Frantziako entziklopedismoaren parodia egitearren, Danborrada sortu zuen».

Antonio Mendizabal Etxeberria neuropsikiatrak "Egunkaria"-n argitaratu zen artikulua 2001-8-31n, duela hogei urte. Antonio Mendizabal (2018-8-27an hil zen). Donostia Sutan elkarteko aurreneko lehenkaria izan zen, ordutik hitzaldiak, berri paperak, bertsoak, zuzi martxak eta hainbat lan egin da hiriko memoria historikoa berreskuratzeko, azken hamar urtetan herri antzerkia eta guzti (larunbatean Trinitateko plazan egin zena).

Oharra: sarraskiaren ostean tifusa zabaldu zen Donostian eta 1814ko urrian Udalak idatzita utzi zuen artxiboan, erasoengatik eta izurriteagatik 2.000 donostiar hil zirela (populazioa 10.000 izanik).

Bilatu