Aritza Urrengoetxea
Irakaslea

Drogak eta hezkuntza

Ez da nahikoa eskoletan topiko sinplez betetako publizitate kanpainek egitea edota irakastordu batzuetako lantegi soilak garatzea

Eskola ezinbesteko esparrua da gazteak hazteko, baina drogen kontsumoan hasteko lekua ere izan daiteke. Hain zuzen ere, substantzia estupefaziente desberdinak probatu nahi izatea eragin dezaketen faktoreen artean ikaskideen influentzia txarra, taldearen presioa edo jakin-mina izaten dira. Hori dela eta, eskolak eginkizun bat du drogen arriskuei buruzko prebentzioa eta informazioa eskaintzeko, gazteak drogen inguruan kontzientziatu eta ohartarazteko. Eskolak gune egokiak dira drogen kontsumoaren prebentzioaren arloan eraginkorrak diren informazioak eta prebentzio-estrategiak zabaltzeko.

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (Unesco), Drogaren eta Delituaren aurkako Nazio Batuen Bulegoak (UNODC) eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) aitortzen dutenez, alkoholaren, tabakoaren eta drogen kontsumoa nerabezaroan hasi ohi da, eta horrek gazteen osasun fisikoan eta mentalean zein epe laburreko eta luzeko ongizatean eragin negatibo ugari ditu. Halaber, frogatuta dago hezkuntzarekin lotutako ondorio txarrak dakartzala, hala nola, parte hartze txikia ikasgelan, errendimendu akademiko baxua eta eskola porrota. Hortaz,  drogen kontsumoa prebenitzeko hezkuntza ekintza ezberdinak antolatu behar dira aipatutako ondorioak saihesteko.

Lehenik eta behin, drogen kontsumoaren prebentziorako hezkuntza curriculum akademikoaren zeharkako ardatz gisa landu behar da ikastetxeetan. Lehen Hezkuntzatik hasi behar da ikasleei drogen kontsumoaren ondorio larriak azaltzen, baita  bizimodu osasungarria sustatzen ere. Horretarako beharrezkoa da adingabeei drogen kontsumoak epe laburrean eta luzean zer ondorio eragiten dituen ulertaraztea. Tabakoa, alkohola eta kalamua bereziki azpimarratuz, horiek baitira adingabeak drogak hartzen hasteko erabiltzen dituzten substantzia toxikoak. Baina funtsezkoa da, halaber, drogazaletasuna gaixotasun bat dela jakin dezaten, eta, beraz, hura tratatzeko laguntza espezializatua behar dela.

Bigarrenik, drogaren gaia azaltzeko alternatibak garatu behar dira eskolaz kanpoko eskaintzaren bidez. Eskolaz kanpoko programok norberaren gaitasunak garatzeko aukera trebatu behar dute, gurasoei hobeto informatzen lagundu behar diete, aholkuak eman, portaera arazoak identifikatu behar dituzte esku hartze goiztiarra posible egin  eta ikasleak berehala osasun-profesionaletara bideratzeko; balorazio eta esku hartze funtzioa izan behar dute. Programok eraginkorrak izateko, ezinbestekoa da erakunde publikoen esku hartzea.

Bestetik, hezkuntza beti faktore babesletzat hartu izan bada ere, mezuak behar bezala funtzionatzen ez badu, arrisku faktore bihur daiteke, jakin-mina areagotuz edo kontsumoa sustatzen duten edo substantzia horien kontsumoaren ondorioak gutxiesten dituzten sinesmenak edo mitoak indartuz. Unescok “Hezkuntza-sektorearen erantzunak alkoholaren, tabakoaren eta drogen kontsumoaren aurrean” izeneko txostenean adierazten du prebentzio estrategiak nerabeengan eragin positiboa izango duten estrategiak goraipatzera bideratu behar direla, ez soilik informazioa transmititzera. Horretarako, azpimarratu behar da drogen kontsumoa erabaki eta erantzukizun pertsonal baten ondorioa dela eta kontsumitu nahi ez duten gizabanakoek gizarte presioei aurre egiteko erabakia hartzen dutela pentsamendu eta trebetasun kritiko pertsonalak erabili ostean.

Laburbilduz, familien, eskolaren eta erakunde publikoen parte hartzea eta lankidetza ezinbestekoa da drogen prebentzio programa eraginkorrak bermatzeko. Hortaz, gakoa prebentzioan eta hezkuntzan dago, baina gehiago sakondu eta askoz haratago joan behar da. Ez da nahikoa eskoletan topiko sinplez betetako publizitate kanpainek egitea edota irakastordu batzuetako lantegi soilak garatzea. Drogen kontsumoaren prebentzioa hezkuntza curriculumaren zeharkako ardatza izan behar da eta pentsamendu kritikoa eta erabaki osasuntsuak hartzera bideratu behar du ikaslea.

Bilatu