Fermin Munarriz
EH Bilduko ordezkaria EITBko Administrazio Kontseiluan

EITB, publikoa izatea ez da gobernuaren aldekoa izatea

Beharrezkoa da hedabideen erakunde publikoaren eredu berri bat, arlo honetan ere, gizarteari irekiagoa, parte-hartzaileagoa, independenteagoa eta gobernuaren menpe ez dagoena.

Datorren urteko maiatzean lau hamarkada beteko dira Euskal Irrati Telebista Herri Erakundea sortzeko Legea onartu zenetik. Berrogei urte hauetan eraldaketa sakonak gertatu dira euskal gizartean. Hala ere, horietako haize batzuk ez dira zabaldu gizarte-kohesiorako funtsezkoa den erakundean. Edo kezkagarriagoa dena: bere jatorrizko erantzukizunetik urruntzen duten inertziak, gobernantza-joerak eta sorrerako helburuei uko egiten dieten moldeak indartu egin dira.

Aro-aldaketa baten aurrean gaude bizitzaren esparru guztietan, eta komunikabideak –are gutxiago publikoak– ez daude hortik aparte. Oligopolio hegemoniko pribatuko testuinguruan, inoiz baino premiazkoagoa da hedabide publiko baten zentzua birpentsatzea. Inork ez du zalantzan jartzen erreforma sakon bat beharrezkoa dela.

Hots, Euskal Irrati Telebista Publikoaren eredu berri bat eta ikus-entzunezko araudi berri bat behar dira. Eta hauek itun sozial bat hartu behar dute oinarritzat, zerbitzu publiko batekin kolektiboki identifikatzeko, kalitatezkoa, informazio eskubidea egia bihurtzen duena neutraltasunetik, informazio-zintzotasunetik eta botere politikoarekiko independentziatik, euskal kulturaren eta euskararen funtsezko sustatzailea, euskal lurralde osoari zerbitzua emango diona, anitza, gardena... Zerbitzu publikoaren balio soziala aldagai hauen betetze mailarekin neurtzen da, erabilera-motekin eta audientzia-datuekin osatuta, eta ez alderantziz.

Beste helburu batzuen artean –eta honek beste artikulu bat idazteko emango luke–, erakundea «herritar euskaldunak argipide eta politikan esku hartzeko lehen-lehen mailako bide» gisa sortu zen. Eta orotariko oinarri-arauen artean berariaz zerrendatzen ziren informazioen objektibotasuna, egiazkotasuna, inpartzialtasuna, eta berdintasun-sortarauarekiko eta aniztasun politikoarekiko begirunea. Azken batean, berme demokratikoen, profesionaltasunaren eta independentziaren abiapuntua zen, EITBren funtzio nagusia ziurtatuko zuena: herritarrentzako zerbitzua.

Hain zuzen ere, printzipio horietako batzuetan erakunde publikoak, eta bereziki bere ontzi-intsigniak, ETBk, gabezia kezkagarriak erakusten ditu lau hamarkada geroago. Frogak eta adibideak pilatu egiten dira. Gaur egun, herritarren zati handi batek ETB gobernuaren zerbitzurako dagoen tresna bat bezala ikusten du. Alde bateko kontakizunaren, interesaren eta errealitatearen bertsioaren transmisio-uhal gisa. Baina publikoa izatea ez da gobernuaren aldekoa izatea. Publikoa izateak independentzia, inpartzialtasuna eta aniztasuna bermatzea dakar.

Harriduraz –eta haserrez– ohartzen gara batzuetan albistegien erabilera patrimonialistaz. Gobernua eta bera sostengatzen duten alderdien ahotsak etengabe nagusitu ohi dira, beste eragile sozial, politiko, herritar eta kulturalen kaltetan.

Eta hau ez da gertatzen ari den bakarra. Gizartearen hainbat sektorek bertako gobernuen jarduerari kritika –zilegia, nolanahi ere– adierazten diotenean, ordaina informatiboki oldarra edo ez ikusiarena egitea izan daiteke. Zerrenda luzea bada ere, nahikoa da azken hilabeteotan gertatu denari erreparatzea: pandemia, Zaldibar, Cabacas, hauteskundeak, erraustegia, Europako funtsak edo Ertzaintzaren jarduera... zertzelada batzuk ematearren. Gobernua edo bere alderdi nagusia goraipatzeko espresuki egiten diren esku-hartzeak ahaztu gabe; edo eguna joan, eguna etorri, arduradun politiko batzuen gehiegizko agerraldiak, karikaturaren mugetaraino. Eta horrek prestigioa galtzea ere eragiten du.
Egoera honen jatorrira iristeko, EITBren barrura begiratu behar da, bertako gobernantza-eredura eta arduradunak hautatzeko sistemara. EITBk arazo bat du bere sorreratik: zuzendaritza eta kudeaketa organoak hautatzeko eredu politizatua.

Gobernuak proposatzen du zuzendari nagusiaren izendapena, eta lortzen duen balizko gehiengo parlamentarioaren bidez ebazten da, oso urria izan arren. Eta ur-jauziaren efektuarekin jarraitzen du sistemak. EITBren zuzendaritza-karguen zerrendan, «organigrama» delakoan, 75 kide daude gehienez (mila langileko plantillan), zuzendaritzak zuzenean izendatuak; horietatik 23 izendapen askeko arduradunak izan daitezke, plantillatik ez datozenak. Hau da, «atzeko atetik». Prozesu hori ez da publikoa, ez da gardena, ezta objektiboa ere, eta irizpide politikoak edo «konfiantzazkoak» nagusitzen dira profesionalen gainetik. Azken batean, «kudeatzaileen sistema» fiskalizatzaile bat da; erakunde publiko orori eska dakizkiokeen betekizun demokratiko eta gardentasun eta partaidetzako baldintzek erabat gainezka egin diotena. Eta horrek ere prestigioa galtzea eragiten du.

Era horretara, langileen karrera profesionala lanpostu finko baterako oposizioa gainditzen den unean hasi eta amaitu egiten da. Ez dago karrera profesionaleko eta merezimenduko sistema gardenik, ezta gobernuko agintarien aurrean independentzia zainduko duen kanpoko bermerik ere.

Beharrezkoa da hedabideen erakunde publikoaren eredu berri bat, arlo honetan ere, gizarteari irekiagoa, parte-hartzaileagoa, independenteagoa eta gobernuaren menpe ez dagoena. Erakunde publikoen kultura politiko demokratikoagoa. Eta hori bermatzeko, ezinbestekoa da zuzendaritza nagusia merezimendu-lehiaketaren prozedura publiko baten bidez aukeratzea. Onenek zuzendu dezaten. Sorrerako oinarri-arauak berreskuratzeko. Erakundea erabat prestigioduna eta estimatua izateko.

Zerbitzu publiko bat da; herri askeagoa eraikitzeko modu bat ere bada.

Bilatu