Aster Navas

Emadazu feedbacka, faborez

Astelehena. Mobila petatzekotan zeuden Gabonetako hondar digitalak ezabatzen aritu naiz: ez dakit zenbat bideo eta irudi jaso eta bidali ditudan jai hauetan. E-mail eta whatsapp bakoitzari feedbacka eman behar izan zitzaion. Ataza bukaezin horretan ari nintzela emazteak galdetu zidan ea perrexilik bageneukan. Horrela, boteprontoan. «Perrexilik?», erantzun diot paperontziko ikonoan klikatzeari utzi gabe.

Asteartea. Ehoa eta ontziratua eros dezakegu, baina ez, ez da gauza bera. Perrexila diot. Eskerrak, noizean behin, gaur esate baterako, legatza erosten diodanean gure arrainketariak beti sortatxo txiki bat ematen didan. «Eta perrexil pixka bat sartu dizut», esaten dit ahopeka, gainerako erosleek ere altxor urri hori erreklamatu ez diezaioten.

Perrexila da arrain-saltzailearen feedbacka. Nire erosketak atzeraelikatzeko modua. Perrexilaz gain, noizean behin Tomasek bere bizitza pribatuaren txataltxoren bat kontatzen dit; zaletasunen bat, bizio kontrolaezinen bat −gazta−, liskarren bat alaba nerabearekin. Horixe da Tomasek VIP bezerotzat hartzen nauela esateko era; kontu handiz banatzen duen perrexila eta konplizitatea merezi duen norbait naizela adierazten dit Tomasek. Perrexilari esker −gaur konturatu naiz− ez naiz arrandegiz aldatu. Tomasen arrandegiak ez dauka izenik. «Tomasengana noa» esaten dut hara noanean. Sarreran «Arrandegia» idatzita dauka, argi gera dadin, nahasteak ekiditeko. «Pellet»; hola dute izena polimero txiki horiek, itsasoak bueltatzen dizkigun plastikozko pinporta horiek. «Chonero», Ekuadorreko narkoek.

Asteazkena. Batx. 2 D-n sartu naiz. Ikasturte osoa daramat, alferrik, talde honen erreakzio baten zain; parte har dezatela, eten nazatela beraien iritziak partekatzeko; ez dakit, zerbait bueltan. Proposamen bakoitzaren ondoren, irakurketa bakoitzaren ostean isiltasun sakon eta geldiarazle bat besterik ez dago. Beren motibazio faltak nire borondatea higatzen eta nire erretiro-nahiak atzeraelikatzen −jada agertu den hitz ditxoso hori− ditu. «Ez, 2 Dn ez dago perrexilik; edo, behintzat, nik ez dut inon topatzen... », diot neure artean. Bai, eskerrak C taldea dagoela: bat-batekoak, ustekabekoak, harrigarriak, berritsuak, gardenak... Albo-alboan daude; korridore berean, baina hain dira ezberdinak...

Osteguna. «Ez zidan itzultzen nik ematen nion maitasuna», diotso bere bikotekide ohi batez “First Dates”-en telesaioan parte-hartzaile batek aurrean daukan mahaikideari. «Bai, beti espero dugu zerbait bueltan eta jasotzen ez badugu...», gehitu dio besteak, Soberari bere burua «gender fluid» moduan aurkeztu diona. Elurra eta hotz handia iragarri dituzte  datozen egunetarako... Pelletak Kantabriako hondartzetara iristen hasi omen dira. Gero eta gehiago; gero eta gertuago.

Ostirala. «Irakurri gehituriko proiektua eta emaguzu feedbacka, faborez», dio zentroko zuzendaritzak helarazitako azkenengo korreoak. Bi asteren ondoren, bart Carmen Molaren “Las madres” irakurtzeari ekin diot. Pertsonaiak nirekin haserre sumatu ditut; hiltzailea harrapatzeko zorian zeuden, nik orain dela 15 egun liburua itxi nuenean. Violeta eskapatuko zaie nire erruz. Eleberrian beraiek sorturiko suspensearen truke zerbait bueltan espero zuten nigandik, baina...

Larunbata. Gaurko horoskopoak Taurori diotso amore ez emateko: bere ahaleginek laster lortuko dute bilatzen zebilen saria. Virgori gomendatzen dio besteen erreakzioei hain adi ez egoteko, atzeraelikadurako premiak bizitza garraztu diezaiokeelako. Dirudienez, pelletak itsas faunaren elikadura-katean sartuko dira, eta gero gurera. Tomasen legatzek plastikoa ekarriko dute. Naturak ere feedbacka, egurra, emango digu.

Igandea. Ez, azkenean ez du elurrik egin. Etxean perrexilik gabe geratu gara. Ea Tomasek...

En fin.

Bilatu