Joxe Iriarte «Bikila»
Alternatiba

Errepublika(k) ezkerretik eraikiz

Konfederazioaz edo independentziaz ari bagara, garrantzia duena da gaurtik nolako estrategia bultzatzen dugun argi eta garbi adieraztea. Guretzat, eta errepublikak aipatzearen zentzua, eta ez errepublika bakarra, hortik doa: esan nahi baita, prozesu konstituziogile propioa, norberarena, gurea eta ez menpekoa bultzatu behar dela.

Nazioa, estatua, independentzia, zer gizarte motatan oinarritzen dira? Zer baloretan oinarritzen da egitasmo errepublikazalea? Errepublikak, Kanten esanetan, jainkoen, erregeen eta gizarte estamentaletik gizakia emantzipa dadin, Ilustrazioaren asmoekin bat egiten du. Hau da; Askatasuna, Berdintasuna eta Senidetasuna (alegia, Fraternitatea) hirutasunean oinarrituriko gizarte antolamendua dela errepublika.

Alabaina, Frantziako Iraultzatik hona, munduan izan eta diren Errepublika gutxik (eta hauek une konkretu batzuetan soil-soilik) bete izan du itxaropen hori.

a. Askatasuna. Batez ere AEBetan eta egungo Europan, indartsuenak ahula zanpatzeko modu darwinistan ulertzen da, hori baita neoliberalismoaren oinarria.

Demokrazia parlamentarioa osagai formaletan oinarritzen da. Hau da, sufragio unibertsala, antolatzeko askatasuna, adierazpen eta zirkulazio askatasuna, giza eskubideak, eta abar. Eskubide horiek guztiak oso elementu garrantzitsuak dira, eta ezker eraldatzaileak bere egin behar ditu mespretxatu beharrean;  askatasunari buruz duen ikuspegia askoz zabalagoa eta sakonagoa dela azpimarratuz; alegia, ez dagoela benetako askatasunik gizakiak bere oinarrizko beharrak ase ezin dituenean. Horrek berdintasuna ezartzea ekartzen du.

b. Berdintasuna. Dena den, ez edozein modukoa. Berdintasunak eta askatasunak elkarri eskua emanez joan behar dute. Izan ere, berdintasuna oinarri izan duten erregimen batzuetan, Sobietar Errepublika ohian esaterako, berdintasuna askatasunaren aurka ezarri zen modu oso despotikoan. Errepublika zentralistetan, berriz, Frantzian adibidez, hezkuntzan eta kulturan guztien kalterako den uniformatzearekin lotzen da; dela Euskara, dela hijaba.

d. Eta Senidetasuna? Hirukotearen arreba txikia. Etorkin uholdeetatik babesteko, armadarekin eta poliziarekin defendaturiko estatuek, errepublikak direnek ere, gizakiarekiko, hurkoarekiko fraternitatea guztiz baztertua dute. Eta ez bakarrik estatuek; «Lehenengo Amerika!», edo «ez dakit zer lehenengo» oihukatzen duten errepublikazale horiek ez dira hirutasunaren aldekoak, ez horixe.

Zer diferentzia, Asturiaseko 1934ko urriko Iraultzan sortu zen Proletarioen Anaitasunaren Batasuna aldarriarekin edo II. Errepublikaren alde etorri ziren Nazioarteko Brigadek azaldu zuten solidaritate fraternoa. Che Guevarak esan ei zuen internazionalismoa herrien arteko samurtasuna dela. Nik ere hala uste dut.

Fraternitatea, bizitza lehen lerroan jartzea, edo existentzia duin bat bermatuko duen zaintza; eta ez merkantzia, (kapitalismoak dena bihurtzen baitu merkantzia: osasuna, lurra, ura, lan indarra...). Horra hor feminismotik datorkigun egitasmoa, guztiz errepublikazalea dena; gizakiaren existentzia mantentzea delako errepublikazaletasunaren lehen oinarria.

«Zein da gizartearen lehen helburua? Existitzea. Lehen lege soziala da, beraz, gizarteko kide guztiei existitzeko bideak ziurtatzen dizkiena; lege guztiak horren mende daude, jabetza barne». Hitz horiek Robespierrerenak dira.

Asmo horiekin bat eginik, uste dugu errenta unibertsala, beste hainbat baliabide publiko komunekin batera –osasuna, hezkuntza, etxebizitza, zaintza, energia, garraioa, ura, kultura, eta abar–, ez dela pobreziari eta bazterketari aurre egiteko mekanismo bat soilik; baina baita askatasun efektiboaren irismen soziala zabaltzeko ere. Bestela esanda, oinarrizko errentak «askatasunean elkarrekikotasuna» sendotzen lagundu behar du; berdintasunaren oinarri politikoak pentsatu izan dituenean, tradizio errepublikanoak beti aipatu izan duena.

Marxek argi eta garbi esan zuen: «gure gaitasunen arabera» ekarpenak egin ahal izango ditugu, «gure beharren arabera» lortzen den neurrian. Bi errealitateak elkarren eskutik doaz.

«Sozialki berdinak, gizalegez desberdinak eta guztiz libreak izango garen mundu baten alde», aldarrikatu zuen Rosa Luxemburgek. Iraultzaile marxista ez ezik, emakumea izaki gure Rosa, eta bigarren ideia horrekin, gizakiaren aniztasuna hartzen du kontuan. Jaiotzez denak gara berdinak (halaxe dio AEBetako Konstituzioak ere); baina baita ikuspegi askotatik desberdinak  ere. Esate baterako, LGTBI+ kolektiboaren eta gehiagoren atzean dagoen aniztasuna. Eta gauza bera, herri, nazio eta kolektibitate etnikoen aldetik ere, nire uste apalean. Errepublikaren hiritartasun berdintasunaren aitzakiarekin, zenbat herri zigortu eta asimilatu ez ote dira.

Ezin dugu ahaztu Bigarren Errepublikari zenbat kostatu zitzaion Euskadiren Estatutua onartzea, Gibraltar vatikanoarra bihurtuko zelakoan; eta azkenean kolpearen ondoren onartu zuten, in extremis.

Frankismoaren aurkako erresistentziak espainiar Estatuaren izaera soziala eta plurinazionala aldatzeko abagunea ireki zuen, printzipio gisa autodeterminaziorako eskubidea onartuz. Printzipio hori, ordea, trantsizioaren paktuaren aldarean oso azkar sakrifikatu zen (Errepublika bera bezala).

Laugarren egokiera baterako lekurik ba al dago? Balizko III. Errepublika espainiarra, demokratiko eta plurinazionala, non Euskal Herria askatasunez koka daitekeen?

Oso zaila iruditzen zaigu (Kataluniakoa lekuko, Ibarretxeren planari emandako erantzuna...), ezinezkoa ez esatearren. Kontuan harturik auzi nazionalak daraman bilakaera negatiboa, badirudi aukerarik egokiena litzatekeela bitartekorik gabe eta zuzen sartzea, zazpi herrialdeek osaturiko nazio burujabe eta independente gisa, elkarrekin libreki bilduriko nazio eta herriez osaturiko Europa federal batean.

Dena den, esan bezala, konfederazioaz edo independentziaz ari bagara, garrantzia duena da gaurtik nolako estrategia bultzatzen dugun argi eta garbi adieraztea. Guretzat, eta errepublikak aipatzearen zentzua, eta ez errepublika bakarra, hortik doa: esan nahi baita, prozesu konstituziogile propioa, norberarena, gurea eta ez menpekoa bultzatu behar dela; beste herriekin harremanak izan ditzakeena (Katalunia, Galizia edota Andaluzia) eta, nola ez!, baita espainiar errepublikanismoarekin ere, monarkia botatzeko, baina bide propiotik abiatuz. Horri euskal bidea deritzogu.

Bilatu