Tasio Erkizia

ErriGora

Sare sozialetan bolo-bolo dabilen herri ekimena. Tximistaren abiaduraz Euskal Herrian zehar zabaltzen ari zaigun albistea. Elur bolaren antzera pilota txiki bat izatetik erraldoia bihurtzen ari zaigun proiektu erakargarria. Xumea eta umila izanik ere (bere bitartekoei dagokienez) auzolanaren poderioz indartsu bihurtzen ari zaiguna. Iaz, euskara eta lurra hain maisuki uztartzeagatik komunikazio alorrean Argia saria lortu zuen proiektu herritarra.

Zer den ErriGora? Hori guztia eta are gehiago. Euskal Herria saretze bidean Nafarroa Hegoaldean sorturiko ekimen herritarra da. Ez da enpresa iniziatiba. Ez da lanpostu berriak sortzeko pentsatua, baina luzarora hori ere lor dezakeena da. Elikadura burujabetzaren bidean ekarpen xumea egin dezakeena eta aldi berean, instituzioen aldetik euskara bereziki baztertua dagoen zonalde bateko euskalgintzako eragileak laguntzeko tresna egokia. Erribera eta Euskal Herria elkarri begira jartzeko sorturiko iniziatiba. Lurra eta hizkuntza uztartzen duen auzolana eta, beraz, modu bolondresean eta musu-truk lan eginaz martxan jarritakoa.

Aspaldian entzuna geneukan Bizkaian edo Gipuzkoan nekazaritza izugarri gutxitzen ari zitzaigula. Bagenekien azken 40 urteetan esne edo haragiaren produkzioa %70 gutxitu zela eta etorkizuna aski beltza zutela eta genuela. Baina Nafarroako Erriberan ere bai? Guztiz harriturik gelditu ginen zonalde horretan ere egoera hain kezkagarria zela jakin genuenean. Soilik hiru adierazle hartuaz, ardoa, Lodosako piperra eta Nafarroako zainzuri edo esparragoa, honatx datu aski adierazgarriak: 1990-2013. urteen artean ardoaren produkzioa %35 gutxitu da, piperrarena %68 eta zainzuriarena, berriz, %87. Ez al dira datu eskandalagarriak? Hauek guztiak Nafarroako EHNE nekazari sindikatuak ahalbideratutako datuak dira; beraz, aski fidagarriak.

Zer dela eta datu sinesgaitz hauek? Era askotako arrazoiak  eta oso ezberdinak egon daitezke tartean, baina funtsezkoa multinazionalen eragina izan da. Elikadura negozio iturri bihurtu da hainbat transnazionalentzat eta ondorioz guztiok, ekoizleak zein kontsumitzaileak, beraien morrontzan jausten ari gara. Hori dela eta, Txina, Peru, Argentina, Maroko edota Australiatik ekarri dizkiguten jakiak kontsumitzen hasi gara, bertakoak guztiz baztertuz. Nafarroako milaka nekazari langabezian gelditu dira edo multinazional horietako langile es- plotatuak. Nekazariek ezin dute lurra lantzen jarraitu eta gu, berriz, «zerrikeriak» jatera ohitu gara. Jakin badakigu, errealitate hori ezin dugula guztiz eta bat-batean irauli. Baina bide horretan, zonaldeko hainbat ekoizle bidelagun harturik (hasieran bi ekoizle; iaz bost eta aurten 10), gure ekarpena egin dezakegula uste dugu. Eta horretan ari gara.

Proiektu honen bigarren osagaia euskara da. Nafarroa hegoaldeko euskaltzaleek guztion babesa eta elkarlana merezi dituzte. Horregatik izan dira hasieratik ErriGorako bidaide eta lankide nagusiak zonalde horretako euskara eragileak: hala nola ikastolak, AEK eta Euskaraz Bizi iniziatiba gauzatzen ari diren eskola publikoak. Beraz, ez da euskararen alde bidaltzen dugun diru solidarioa. Zerbait gehiago da. Lurraren produktuak jaso eta elkarlanean egindako salmentaz ateratzen den diru laguntza da. Ez dugu ezer ematen. Guztion lanaren fruitua heltzen zaizue. Duela bi urte, 1.600 saski banatu genituen eta iaz 8.000tik goiti. Modu horretan, lehen urtean 34.000 euro izan ziren euskararentzat eta joan den urtean 112.000 eurora heldu ginen.
Azken eta hirugarren osagaia auzolana da. ErriGora ez da elikadura banatzaile profesionala. Osagai ezberdinez osaturiko herri proiektua da. Horregatik euskalgintzako eragileen parte hartze aktiboa ezinbestekoa den bezala, herriz herri elkarte, txoko, euskara talde, enpresa eta nahi duen ororentzat zabalik dagoen ekimena da. Aurreko asteetan bildu gara herrialde ezberdinetako laguntzaileekin, eta indartsu sentitzen ginen, herrietako boluntarioen kemenak ematen baitzigun indarra aurrera jarraitzeko.

Zazpiak Bat elkarteak bultzaturik eta ehunka herritarren artean sorturiko proiektu honen funtsa hitz joko honetan aski ongi laburbiltzen da: ErriGora –Erribera– Herri gara. Nafarroa Hegoaldean kalitatezko produktuen aldeko apustua egiten duten hainbat ekoizle, bertako euskara eragile guztiak eta Euskal Herriko hainbat ekintzaile auzolanean biltzen ditu ErriGora proiektuak. Horrela, praktikan, lurralde ezberdinen artean saretu eta elkarlana sortzeko lanabes egokia bihurtzen da. Ez da gure asmoa herri gisara dagokigun lurraldetasuna aldarrikatzea. Modu naturalean eta guztion beharrizanak oinarritzat hartuaz ariketa praktikoa egiten ari gara. Ez goaz inor konbentzitzera, ezagutaraztea da gure erronka. Ezagutuz gero, nekez uko eginen baitzaio honelako ekinbide bati.

Zein da proiektu honen indarra? Guztiontzat onuragarria dela eta, beraz, denontzat interesgarria izan daitekeela. Ekoizleei etxetik hurbil saltzeko aukera zabaltzen zaie; euskaltzaleei kalitatezko produktuak eskainiaz euskalgintzarako dirua lortzea eta herritarrei, produktu aski osasungarriak eskuratuz gure herria saretzen aritzea, nazio kohesioa bultzatzea. Multinazionalen diru egarriari muzin eginaz norberaren zirkuitu propioa sortzeko urratsak egitea ezinbestekoa da. Zer da burujabetza, gure elikaduraren %95 kanpotik badatorkigu? Bertako eta kalitatezko produktuak,  prezio justuan eskaintzea burujabetza egikaritzeko bide praktikoenetakoa da. Hitzetik ekintzetara pasatzeko modua.

Bilatu