Euskara, hizkuntza estandarizatua
Akademiak bere aldetik asmaketak eta hutsegiteak izan ditu, baina aitortu beharra dago estandarizazioaren premia hutsegiteen gainetik dagoela; beste nolabait esateko, hobe da hutsegite batzuk dauzkan estandarizazioa hutsegiterik gabeko estandarizaziorik eza baino.
Hizkuntza guztiek estandarizatu beharra daukate, baldin eta gaur egungo bizimodurako baliagarriak izango badira. Bestela ez daukate bizirauterik. Argi eta garbi ikusi izan dute hori euskara batuaren aldeko apustua denboran zehar egin dutenek; bai orain dela ehun urte baino lehenago Euskaltzaindia sortzeko ahaleginetan saiatu zirenek, bai orain berrogeita hamalau urte Baionako bileretan euskara batuaren oinarriak bilatu zituztenek, bai orain dela berrogeita hamar urte Arantzazun urrats erabakigarriak eman zituztenek.
Euskararen estandarizazioaren premia larria eztabaidaezina zen komunikabideetan, eskolan, literaturan eta gaur egungo bizimoduko tresna erabilgarri eta egokia izan zedin nahi zuten guztientzat. XX. eta XXI. mendeetako euskaldungoa gizarte anitza eta sakabanatua da eta euskara batua ezinbestekoa zaio gizarte horri.
Hizkuntza gehienen kasuan estandarizazioa agintaritza politikotik egin izan da; hau da, buletin edo aldizkari ofizialak izan dira askotan hizkuntzen estandarizazioa erakarri dutenak. Euskal Herrian ordea, ez daukagu estaturik eta beraz, beste nolabait egin beharra zegoen. Arlo honetan herritarren gehiengo handi batek onartu izan du azkeneko hamarkadetan Euskaltzaindiak erabakitakoari men egitea. Akademiak bere aldetik asmaketak eta hutsegiteak izan ditu, baina aitortu beharra dago estandarizazioaren premia hutsegiteen gainetik dagoela; beste nolabait esateko, hobe da hutsegite batzuk dauzkan estandarizazioa hutsegiterik gabeko estandarizaziorik eza baino.
Euskararen estandarizazioak beti eduki ditu bere etsaiak; batzuetan etsai amorratuak. Lehenik eta behin, hizkuntza bera hil eta gal dadin nahi luketenak, nahiz eta, maltzurkeriaz beren gorrotoa euskalkien aldeko leloekin edo estandarizazioaren artifizialtasunarekin eta abar mozorrotzen edo estaltzen saiatzen diren; adibidez, “El invento del batua”, (Jaime Ignacio Del Burgo, “Diario de Navarra”, 2018/08/30) edo “El batua es un ‘kuento político’” (J. Ignacio Palacios, “Diario de Navarra”, 2018/09/13). Estandarizazioaren beste etsai batzuek berriz, ergelaren papera jokatzen dute, ustezko «herri hizkuntza» eta «berezko esamoldeak» eta halakoak defendatuz; adibidez, “El libro negro del euskara”, (Jose Basterrechea, Oskillaso), edo “Zer” aldizkaria eta garai bateko Euskarazaintza eta antzekoak. Badira ere, jakintsu itxurak eginez, euskara estandarizatuaren adierazkortasun eskasa edo mugatua arbuiatzen dutenak; adibidez, “Batua plastikozkoa da”, (Juan Luis Zabala, “Berria” 2018/10/13). Are gehiago; badaude euskara estandarizatuaren aurka beren herriko eta auzoko esamoldeak goretsi eta sakralizatzen dituztenak… Eta azkenik, euskararen heriotza ezinbestekoa dela uste dutenak daude eta «unamunismora» jokatuz lasaitzen direnak. Etsai asko eta ez nolanahikoak.
Egia argi eta garbi dago. Euskarak bizirautea nahi dutenak euskara estandarizatu edo batuaren alde daude; eta euskara estandarizatuaren aurka daudenek euskararen kontra jokatzen dute, jakinda edo jakin gabe; nahita edo nahi gabe.
Ez da inor euskalkiez Azkue edo/eta Euskaltzaindia baino gehiago arduratu. Orain gainera, euskalki guztien adibide moduan hizkuntzaren atlasa jarri du Euskaltzaindiak sarean. Noiz egin zen orain arte horrelako ahalegin duinik euskalki guztien alde? Euskalkiak euskara batuaren aurka defendatzen dituztela dirudien horiek ez dute ikasi ez euskalkirik, ez euskararik, eta ezta hizkuntzalaritzarik ere, nahiz eta ez duten ez lotsarik eta ez errespeturik ja ere ez dakitenaz pontifikatzeko. Koldo Zuazo, euskalkietan gaur egungo adituentzat jotzen denak esan berria du esaldi hunkigarria: «Euskara batua arte dialekto multzo bat geneukan; orain hizkuntza bat dugu». Gaurko euskaldungoa oso ezberdina da orain dela berrogeita hamar urtekoaren aldean; gaur egun Tafalla, Iruñea, Baiona, Gasteiz, Bilbo edo Barakaldoko euskalkia euskara estandarizatua da!
Adierazkortasunari buruz, kontuan izan behar da nola egiten den gaur egungo euskal literatura uholdea eta ze hizkuntza erabiltzen den eskolan liburuetan, komunikabideetan eta abar.
Euskara hizkuntza bizia eta bizitzeko balio duena salbatzea euskaldunon xedea ez ezik, kulturaren eta Europaren helburutzat ere aitortu beharko litzateke. Baina eskubide horiek ahalbideratzeko eta gauzatzekotan ezinbestekoa da euskararen estandarizazioa. Eta helburu hori ez da zeregin akademiko hutsa, baizik eta batez ere herritarrena. Orain arte gertatu den bezala, Txillardegik, Mitxelenak, Euskaltzaindiak eta abarrek egindakoa garrantzitsua izan bada ere, askoz garrantzitsuagoa izan da herritarrek egindakoa.
Ez huts egin, jaun-andreok!