Itziar Otaegi

Ez dira pasatu eta ez dira pasatuko

Noiz arte jarraituko dute erakundeek emakumeon oinarrizko eskubideak urratzen dituzten ekimenak onartzen? Eta gurera etorrita, Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari: zein izango da zuen jarrera hemendik aurrera horrelako deialdien aurrean?

Larunbat arratsaldea Donostiako Easo plazan. Ehunka lagun bildu dira iragarritako abortuaren aurkako «prozesioari» aurre egiteko asmoz, deialdiaren atzean gordetzen direnen eta gordetzen denaren jakitun. Aspaldian ikusi gabeko aniztasuna nabari da bertaratutakoen artean: nerabe, gazte, heldu eta adineko, donostiarrak zein inguruetako herrietakoak, bat eginik. Ordubeteren faltan, hasiak dira apainketa lanak, eta plaza eta inguruak pankartaz eta puxika eta kartulina morez bete dira.

Iritsi da ordua: «prozesioa» hastear da, eta Easo plazan bildutakoak Askabide klinikaren inguruetan batzen hasi dira. Irudiak gogora dakar orain 86 urte, 1936an, toki berean herritarrek altxatutako barrikada. Oraingoan, ordea, herritarrez egina da harresia, eta ozen mintzo da: «Ez dira pasatuko». Eta ez dira pasatu; abiatu ere ez dira egin.

Garai berriak dira, baina borroka zaharrak. Oraingoan herritarrena izan da garaipena –donostiarrena, gipuzkoarrena–, eta bereziki, mugimendu feministarena. Ospa dezagun, beraz, garaipena, eta senti gaitezen harro, baina ez gaitezen lasaikerian erori: gerra luzea da aurrean duguna, eta joan den larunbatekoa, bataila bat baino ez.

Izan ere, Enraizados elkarteak aditzera emana du bere asmoa: hilabeteko lehen larunbatero manifestazioan ateratzea, «abortuak egiten dituzten kliniken aurrean errezatzea debekatzen duen araua erori arte»; alegia, haien azken helburua, 4/2022ko apirilaren 12ko legea, emakumeon oinarrizko eskubidea den haurdunaldiaren etetea askatasunez gauzatzea ahalbidetzen diguna, indargabetzea. Eta, Madrilen behintzat, lasai asko dihardute horretan; are gehiago, polizia ekintzaile feministak identifikatzen aritu zen joan den larunbatean Dator klinikaren inguruetan, eta abortuaren aurkako manifestariak babesten. Antzeko irudi tamalgarria izan genuen Donostian ere apirilaren 2ko hartan, eta joan den larunbatean gauza bera gertatu ez bazen, herritarren erantzun irmoagatik izan zen, argi eta garbi.

Egoera honen aurrean, agerikoa da kezka: noiz arte jarraituko dute erakundeek emakumeon oinarrizko eskubideak urratzen dituzten ekimenak onartzen? Eta gurera etorrita, Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari: zein izango da zuen jarrera hemendik aurrera horrelako deialdien aurrean? Herritarron esku uzten jarraituko duzue geure oinarrizko eskubideen defentsa, orain arte bezala?

Aski da. Herritarrok ez genuke egunero kalera atera behar geure oinarrizko eskubideak defendatzera; horixe da, hain zuzen ere, zuen lana. Ekar dezagun gogora 4/2022ko apirilaren 12ko legeak ezartzen duena: «Inork, haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea oztopatzeko helburuarekin, emakume bat jazartzen badu ekintza gogaikarri (...) edo hertsagarrien bidez (...), hiru hilabete eta urtebete arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaio, edo 31 eta 80 egun bitarteko komunitatearen mesederako lanak».

Indarrean den legediak nahikoa berme izan behar luke ikuskizun zeken hauek gure kaleetatik desagerrarazteko. Baina, gaur-gaurkoz, ez da horrela, eta herritarrok ez gaude lasai –agerian gelditu zen hori larunbatean Donostian–. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari: betearaz ezazue legea, beste hainbatetan hain modu eraginkorrean egin duzuen moduan, eta hartu benetako neurriak legez kanpoko ekimen hauek gure kaleetatik behin betiko ateratzeko: utzi horrelako egitasmoak baimentzeari, eta debeka itzazue erabat.

Eta herritarrei: jarrai dezagun erne, borrokarako prest, gure kaleetara itzul ez daitezen. Ez dira pasatu eta ez dira pasatuko, ez orain, ez gero.

Bilatu