Iñaki Lasa Nuin

Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Behar bada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiaz. Horregatik, udaberriko ekinozioa −egunaren eta gauaren arteko oreka− dela eta, oraindik ere, Aste Santua ospatzen dela hainbat lekutan kontutan izanik, badut zer esana.

Udaberriarekin batera gehiago mugitzen gara mendialdera edo harreman estuagoa dugu naturarekin. Edozein zuhaitzetan ikus edo sentitu dezakegu orekaren zentzua. Askotan, nahiz eta lurretik oker jaiki, gerora zuzen eta orekatsu ikusten ditugu, bere bertikaltasunari eutsiz eta, nola ez, bere simetriari. Sekula ere ez da perfektua izango, baina bai orekatsua. Meaga gainetik Aizarnazabalera bitarteko errepidearen azpi-aldeko zuhaitzei buruz ezin esan gauza berdina. Errepide-zaintzaileek, errepidean adar hautsien arazoak ekidite arren, errepide aldera zituzten adar guztiak moztu zizkieten eta orain desorekatuak daude, enborrak behe aldera guztiz okertuak dituztela. «Hegoak ebaki banizkio...» abestu bai, baina ulertu?

Badirudi oreka eta simetriaren zentzu hori gizakiok ere badugula, izan ere, hala baikara fisikoki, behintzat: −psikologikoki ez naiz ausartzen gauza bera esatera− orekatuak eta simetrikoak. Horrela hazi eta hezi gara, beti ere zuzen ibiltzen, orekarik ez galtzen eta gure zentzumenak horretara bideratzen. Arte munduko arlo guztietan ere oreka oso garrantzitsua da: eskulturan, pinturan, musikan, literaturan, zineman... Arte-espresio bakoitzak bere elementuak ditu kontutan hartu beharrekoak, baina askotan errepikatu ere egiten dira, adibidez: armonia kontzeptua musikan, eskulturan, pinturan, arkitekturan..., ia denetan erabiltzen den kontzeptua da.

Aurreko paragrafoan arkitektura aipatu dut. Arte jarduera guztietan nahita sortutako desoreka zentzuak aurkitzen baditugu ere, zerbait berezia adierazi nahian, arkitekturan ikusgarriak egiten zaizkit azken hamarkada hauetan diseinatutako eraikin batzuk. Eraikuntza gehienak 90ko hamarkadan hasi ziren egiten, Madrilgo KIO dorre okerrak 1989an eraikitzen hasi baziren ere.

Konputagailuen ahalmenak bultzatu zituen arkitektoak era honetako eraikinak egitera, bestela, era «analogikoan» ia ezinezkoa izango zen dorre hauek, Guggenheim edo Donostiako kuboak eraikitzea. Munduan barrena badira gisa honetako beste zenbait eraikuntza: bulegoak, etxebizitzak, saltokiak, museoak, eta abar. Hona, arkitekto bakar batzuk: Frank O. Gehry (Bilboko Guggenheim sortu zuena, beste obra xelebre batzuen artean); Enrique Norten, Luis Barragan, Ricardo Legorreta eta beste batzuk (goi mailako arkitektura berria egiten duten mexikarrak); Szotynski Zaleski, poloniarra, «Etxe okerra» bere obra ezagunenarekin; Rafael Moneo Donostiako Kursaaleko kuboekin; eta beste asko aipatu daitezkeenak, baina hau ez da lekua. Konputagailuen erabileraren adibide bat: Bilboko Guggenheim diseinatzeko Nasak espazio-ontziak egiteko erabiltzen zuten Catia izeneko softwarea erabili zuten, aurrez arkitekturan sekula erabili gabea.

Konputagailuek −orain Adimen Artifizialak− eman diote gizakiari eraikuntza okerrak eta desorekatuak egiteko aukera. Arkitekto batzuen abilezia kontuan izanik ere, askoren harrokeriek eta ezinezkoa posible dela demostratu nahiek, ezegonkortasuna sortzen duten eraikuntzak azaleratu dizkigute. Neuri behintzat, lehenengo, harridura izugarria sortzen didate eta ondoren ulertu ezina eta egonezina; zerbait ongi ez dagoen sentsazioa sortzen zait −paretako koadroa oker zintzilikatua dagoenean sortzen zaidan bezalakoxea−. Garbi dago atentzioa erakartzeko eginak daudela eta hiri bateko eraikin deigarriak bihurtu direla. Ikuskizuna landatuta dago eta turistak ez dira faltako.

Antzeko zerbait gertatzen al da penintsula osoko ia hiri guztietan ospatzen diren Aste Santuko prozesioekin? XXI. mendean, berrikuntzaren ordez, ez ote dituzte zaharkitutako erlijio baten eraikuntzak kaleetan erakusgarri jartzen? Erakusketa horrek ez ote dio gaurko gizakiari desoreka eta ezegonkortasuna sortzen? Behar bada, hori da lortu nahi dutena, kaleetatik horrelako manifestapenak eginaz, gizon emakumeen barrenak ukitu; edo, besterik gabe, turistak erakarri.

Erlijioetan, hobeto esanda, espiritualtasunean ere jadanik barneko konputagailuak piztu dira mundu guztian eta pertsona askorengan martxan daude mundu-ikuskera berri batekin. Kaleko erlijio-erakusketa horiek desoreka besterik ez dute sortzen. Ezegonkortasuna.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Bilatu