Eduardo Apodaka
Soziologoa

Ezkerreko haurkeria gure artean

Lenin oportunista eta posibilista izateaz gain, egoera bere konkretuan dialektikoki ulertzearen aldekoa zen. Uste dut ulermen hura behar dugula

Bi urte barru mendea beteko da Leninek ezker aldeko infantilismoa salatu zuenetik. Irakaspen zaharra eta, hala ere, ikasi gabekoa. Pentsa daiteke ezkerraren DNAn dagoela gaixotasun edo sindrome hura. Ezkerrak ezin duela mundua eraldatu haurkeria barik. Nahigabean nahastuko dituela beti estrategiak eta taktikak, helburuak eta bitartekoak, indarrak eta nahiak. Asmo barik ere ez dituela bereiziko erabakitze mailak eta borroka guneak, aukerak eta baldintzak. Behin eta berriro ahaztuko duela indarren korrelazioak eta borroka egoerak ez direla ustezko ekimen ahalguztidunen desio eta nahi hutsez aldatzen.

Benetan testu ikaragarria da Leninen “Ezker aldeko komunismoa: sindrome infantil bat”; behintzat ikaragarria suertatu zait gaur egungo Euskal Herrian eta ezker abertzalearen ikuspegitik irakurtzea. Ez dut testua idatzi zeneko garaia eta gurea parekatzeko asmorik, ez dute elkarren antz handirik. Baina, berriro diot, ezkerrak beti du infantil demasa izateko arriskua. Eta egoera jakin batzuetan arrisku hori handiagotzen zaigu biziki, adibidez, gabezia estrategiko edo anabasa taktikoen garaietan. Ezker abertzaleak badu, alde horretatik, zer ikasi asko testu zahar hartan.

Oso laburrean, esan liteke sindrome hura materia sozialaren ukapenetik sortzen den gehiegizko ahalmen ilusioa dela. Gure artean oso arrunta izan den ilusioa, hain zuzen. Gure ametsetan pentsatu izan dugu ezinezko nahia, utopia delakoa, ekin hutsez egina dela. Ekimenak egoskorkeria esan nahi baitu euskal kultura politikoan. Esango nuke, alabaina, irakaspen sendo bat hartu behar izan duela gure belaunaldiak: ezina ekinaren ekinaz, ezinagoa (ere) izan daiteke. Dena ez da saiatzea, dena ez da asmo eta gogo biziz desiratzea eta horri behin eta berriro ekitea. Zer ikasi hartatik? Izan gaitezen materialistak, eta dialektikoak, eta uler dezagun egoeran egoeran eta egoerari eusten dioten indarrei eragin behar zaiela, eta ez hain zuzen subjektu ahalguztiduna garelakoan, edo izan gaitezkeelakoan: ez gara, eta ez dugu halakorik osatuko. Asko jota eragimen efektibo bezain mugatuko sareak antola ditzakegu. Ez da gutxi.

Leninen idazkia erantzun bat zen. Ezkerreko hiper iraultzaile zenbaitek egindako kritikei erantzun nahi izan zien. Oportunista eta posibilista hitzak agertzen ziren kritiketan. Lenin oportunista eta posibilista izateaz gain, egoera bere konkretuan dialektikoki ulertzearen aldekoa zen. Uste dut ulermen hura behar dugula. Esaterako: legebiltzar burgesetan edo estatu instituzioetan nola jokatu beharko luke ezker abertzale batek gaur-gaurkoz? Jarraitu behar dugu kanpoan ala barruan eta halako sinplifikazio abstraktuetan? Zer esan behar dugu gure herrian eta borroka luzeen ondorioz sortu diren anomaliei buruz? Zehatzago ere: orain, kanpotik komunen zaparrada jausten ari zaigula, birpentsatu behar al dugu estatu eta publikoaren arteko diferentzia? Ez al genuen ikasi, ikastolen bidez, edo AEK eta “Egunkaria”-ren bidez, edo Udalbiltza eta auzolanen bidez, publiko oro ez dela, ezin dela estatala izan? Baina, aldi berean, ez al dugu ikasi estatu erakundeak gure-gureak ere izan daitezkeela? Bestela esan, non hasten da estatua: udalerrian edo herrialdean edo espainiar eta frantziar administrazio hutsean? Zer da, esaterako, Euskal Hirigune Elkargoa, frantziar Estatuaz besterik? Aritu behar al dira hor ezkerreko abertzaleak? Zikindu behar al dituzte eskuak erakunde burges, neoliberal eta frantziar horretan? Leninen hitzetan baiezko erantzuna topatu dut. Areago, Leninen erantzuna errealismo eta pragmatismoaren konpromiso iraultzailea da, unean-unean helburu estrategikoak irudimen taktiko errealistaz atxikitzeko ariketa.

Hemen eta orain ezkerraren infantilismoak konspirazio baten itxura hartu du. Egia esan, ez dut serioski pentsatzen konspiraziorik dagoenik, baina iruditzen zait ezker abertzaleak existitzen ez den konspirazio bati erantzun behar diola. Labur esan, konspirazio horretan bat egiten dute ezker estetika eta sentierako zenbait taldek eta kontra-botere/botere jokoari jarraipen interesatua eman nahi dioten ELAk eta EAJk. Eskari bera egiten diote guztiek ezker abertzaleari: ezker inoperantea izan dadila, aurreko borroka zikloan tematu dadila, kontra-botere hutsean jarrai dezala. Hobe kalean oihuka, pankartekin, pintadak eginez, edo amorru plantak Twitterren, edo greba kalapitatsuak, edo keinu histerikoetan indarrak ahitzen... Hor ondo dago ezker abertzalea, miserablea bezain heroikoa. Kasu: arazoa ez dago borroka moldeetan, horiek guztiak behar dira eta. Arazoa da borroka propaganda eta agitaziora mugatzea, batez ere, horren ordaina kontra-botere ahalguztidunaren ilusio faltsua denean. Jakina, beste bide guztiek ere ez dute ezer ziurtatzen. Leninen beste irakaspen bat: ziurtasun absolutua ezabatu behar dugu geure burutik.

Ziurtasunik gabe egin behar du bere bidea herri ezkerrak. Alde batean, ELA eta enparaukoen sirena kantuak entzun beharko ditu, beste aldean edonor-baino-erradikalagoak diren taldeen nebulosaren alarma hotsak. Ezker abertzaleak, ordea, jakin behar du zein den jendarte honek aldaketarako duen eragimen materiala, jakin behar du zein diren mugak eta zein diren aukerak, non gauden mundu eta sistema madarikatu honetan. Eta nola utopiak eta konpromiso praktikoak kontrajartzea baino erreakzionarioagorik ez dagoen. Ezarian herri senari eutsiz eta borroka eta konpromiso eraginkorrei ekinez egin behar luke bide hura. Eta, bidenabar esan, garaipena beti aurrerago dagoela sinestea inoiz ez garaitzeko desioa baino ez dela ahaztu barik.

Bilatu