Joxe Iriarte «Bikila»
Alternatiba

Faxista eta atzerakoiak Ukrainako gerran

Ukrainan faxistak daudela ezin uka, baina gutxitan esaten da bi aldeetan daudela, baita Donetsk-eko errusiazaleen artean ere.

Ohituta gaude gobernari batek oposizioaren jarraitzaile potentzialak izutzeko mehatxu larria izendatzeko erabiltzen duen mekanismoarekin. Horrela egin zuen Baxar al-Assadek Siriako iraultzaren lehen egunetan astindu zuenean terrorismo islamistaren erretorika; era berean, egun Putinek eta bere aliatuek nazismoa eta ultra-nazionalismoa erabiltzen dituzte Ukrainaren inbasioa justifikatzeko.

Errusiaren inbasioaren aurka herriaren erresistentzia defendatzeak (Ukrainan zein Errusian) ez gaitu inozo bihurtzen Maidango matxinadatik sortutako erregimen politikoarekiko. Ukrainan, nazionalistek, faxistek barne, paper garrantzitsua izan zuten Maidango protestetan eta ondorengo Donbasseko gerran. Are gehiago, Azov Batailoiak esperientzia hori aprobetxatu zuen ukrainar armada erregularrean txertatzeko. Hala ere, horrek ez du esan nahi Ukrainako gizartearen gehiengoa ultranazionalista edo faxista denik. Eskuin muturrak botoen %4 baino ez zituen lortu azken bozetan; presidente ukrainarra, judua eta errusiarra, %73rekin hautatu zuten. Biletskik (Azov batailoiko burua) Gorputz Nazionala alderdia sortzeko saiakerak ez zuen arrakasta handiagorik izan, eta eskuineko zein eskuin muturreko alderdien bloke bateratu batek ere ez zuen lortu hauteskundeetan Parlamentuan ordezkaritza izateko gutxienekoa gainditzea.

Zalantzarik gabe, egungo gerra, zorionekoa izan zaie Azov-ekoei. Borrokalari eraginkor eta oso ideologizatuak, ekialdean egindako ahaleginek ospe handia eman zieten nazioaren defendatzaile gisa, baita Estatu eskertuaren babesa ere. Egungo gerran, Azov eta antzeko taldeak lehen mailara igaro dira. Horrek guztiak ez du justifikatzen ikuspegi demokratikotik faxismoaren indartzea, baina esplikatzen du zergatik izan den.

Galdera da garai batean gerra egoeran ezkerreko talde armatu antimilitaristak hain azkarrak eta sendoak izanik –boltxebikeak I. Mundu Gerran, eta Frantziako zein Jugoslaviako komunistak II. Mundu Gerran nazien okupazioaren aurka. Errusia ez da Estatu faxista, baina hurbilago dago horretatik Kieveko Gobernua baino; batez ere, asmo inperialistan–, zergatik eskuin muturrak aurrea hartu dion esparru honetan ere ezkerrari (nahiz eta berau presente egon Ukrainako erresistentzian, askok hori onartzen ez badute ere).

Ukrainako eskuin muturraren inbokazioa edo Estatuaren eta oligarken ustelkeria ere ezin dira oztopo izan jendeak elkartasuna adierazteko bonba errusiarren eta errusiar inperialismoaren zuzeneko biktimekiko eta oligarken eta eskuin muturraren biktimekiko. Are gehiago, Putinek gobernatzen duen erregimena goitik behera oligarkikoa denean eta bere herriaren zanpatzailea, egunotan ikusten dugun gisan edozein protesta zigortzen.

Ukrainan faxistak daudela ezin uka, baina gutxitan esaten da bi aldeetan daudela, baita Donetsk-eko errusiazaleen artean ere. Bestetik, azpimarratzekoa da Ekialdeko Europan, Errusiako Federazioak eskuin muturreko sektore esanguratsuen babesa duela (nahiz eta gerraren aurrean adostasun hori ezkutatzen saiatu): Bulgariako Ataka, Eslovakiako Alderdi Nazionala eta Hungariako Jobbik; Mendebaldean, Greziako Urrezko Egunsentiaren, Ingalaterrako BNPren, Alemaniako NPDren, Frantziako Front Nationaleren, Austriako FPACen, Lega Nord eta Belangeko Indar Berriaren babesa du. Sare horri esker, Errusiako Federazioak Bruselaren eta Washingtonen aurkako kanpo-politika babesten duten nazionalista europarrak alde ditu. Vox espainiarrak ere oso begi onez ikusten du Putinen erregimena.

Muturreko faxista paramilitarren aldetik, Novorrosiya (Errusia berria) babesten duten, eta erregularki, Donbassera boluntarioak bidaltzen dituzten eskuin muturreko talde errusiar nagusiak Duguin, Sputnik eta Progromeko Gazte Eurasiarrak, Errusiako Mugimendu Inperiala, Minin eta Pozharskiren Miliziak eta Zenturia Beltza eta Errusiar Batasun Nazionala errusiar talde neonaziak dira.

Aipatutako talde ultranazionalistak heterogeneoak dira, eta eskuin muturreko espektroaren barruan ideia dibergenteak dituzte, baina hiru ezaugarri partekatzen dituzte: fede ortodoxoaren babesle sutsuak dira, eta hori Errusia herrialde bakar eta berezi bihurtzen duen printzipio zibilizatzailea dela diote; sakonki antisemitak eta xenofoboak dira, eta eslaviar nagusitasunean sinesten dute; eta azkenik, Mendebaldearekiko arbuio sakona sentitzen dute, historikoki Errusia bereganatzen saiatu den etsai nagusitzat jotzen dena.

Donbassen irudikatzen duten espektro ideologikoaren barruan, talde tradizionalista moderatuak ere badaude. Kosakoak, esate baterako. Krimearen anexioan, Kremlinek mila kosako inguru bidali zituen penintsulara, eta Ukrainako ekialdean gatazka piztu zenean, Don eta Kubaneko kosakoak izan ziren lehenak eskualde honetako errusiar etniakoei laguntzen.

Donbassen, gainera, Europa erdialdeko, mendebaldeko eta Balkanetako hainbat tokitatik etorritako hamaika borrokalari kontserbadore daude. Guztien artean, ezagunena ziurrenik txetnik serbiarrek osatzen duten taldea da, gehienak Jovan Savic destakamentuan bilduta. Atzerriko boluntarioen beste talde ezagunenetako bat hungariarrena da, San Istvango Legioan bilduta. Legio hori Errumaniatik, Ukrainako Karpatoen eremutik, Eslovakiatik eta Hungariatik bertatik etorritako hungariarrek osatzen dute.

Ildo beretik doa Ivan Georgievitx Kundrat Batailoia, Transkarpatia, Eslovakia ekialdea, Hungaria eta Poloniako ruteniar etniakoek osatua, beraiek diotenez. Ruteniar borrokalarientzat (Europa erdialdeko eta ekialdeko hainbat herrialdetan barreiatutako ekialdeko eslaviar herria) Donbasseko gerra ekialdeko lau herri eslaviarren (errusiarrak, bielorrusiarrak, ukrainarrak eta ruteniarrak) batasuna aldarrikatzeko aukera bat da; horrela, batasun neoinperial hau gauzatzeko Moskuren proiektutzat hartzen dutena babestuz.

Eslovakiako boluntarioen presentzia frogatzen duten ebidentziak daude. Baita Frantziakoena (Unite Continentale kasu), edo Italiakoena (Millenium erakundea-Europako Alderdi Komunitarista) eta baita Poloniakoena ere (Falanga erakundea).

Horiei guztiei gehitu behar zaie talde mertzenarioen parte hartzea; esaterako, Donbassen jarduten duen Wagner Taldearena.

Bilatu