Patxi Salaberri Muñoa
Lazarraga Kultur Elkarteko kidea

Gasteizko kulturgunearen batai(l)atzea

Garaiz gaude oraindik aipatu okerrak zuzentzeko, autoritarioak eta izendapenari dagozkionak hain zuzen.

Bestek ere esana du honen aurretik norbaiti edo zerbaiti izena damaionak izana ere damaiola, eta ez dabil oker hori esatean, intentzioaren geziak aski markatua baitu norabidea bataiatze guztietan. Aparteko kontua da gero Eustasio izenekoak bataiatzean espero zen irmotasuna lortu ahalko duen bizitzan, Oihanek ekologismoaren erronkari helduko dion edota Kevinek antzik izango ote duen pantailako aktorearekin.

Baina izenak, egia da, izana ere bilatzen du. Eta horixe da, hain zuzen, egunotan Gorka Urtaran alkateak Gasteizko Kafe Antzokia egitasmoari izena ematean lortu nahi izan duena: kulturguneari geroxeago etorriko zaion izanaren profil jeltzaleak –aitzakia feministaren bat barne– markatzea, ahaztu gabe, noski, erabaki horrekin bere parte-hartzearen estilo pertsonalista ere markatu nahi izan duela hasiera-hasieratik, proiektuan agintzen duena nor den argi erakutsiz.

Pentsatzekoa da, bestalde, ez dela hori alkateak «bere bakardadean» itsumustuka erabakitako izena, ez baitira hain tolesgabeak gure agintarien ustezko jokaldi inozoak. Donostiako alkateak, adibidez, ongi asko islatu du zer-nolako joko zerutarretan dabiltzan jeltzaleak Txillardegiren izena liburutegi bati ere ez eskaintzean, «errelato» ofizialaren orrialdeetan izen bereko institutu, liburutegi eta kulturgune faltarik ez bada ere, ez baita tokirik Euskara Batuaren arima eta sustatzaile nagusia izan zen Txillardegi «desafektoa»-rentzat.

Itxuraz kontrara baina de facto politika beraren osagarri gisa Gorka Urtaranek oraingoan burutu duen jokaldi autoritario eta onartezin honetan, euskaldun guztion arteko ulerbidea, elkartze-gunea eta hizkuntza nazionala izateko proposatua den Euskara Batuaren aurka jokatu zuen emakume baten izena jarri dio Gasteizko kulturguneari, hots, azken unera arte euskara estandarra arbuiatu zuen –ez dago aditz egokiagorik– emakume baten izena.

Esan beharrik ez da inork ez diola meriturik kentzen frankismo garaian irakaskuntzaren esparruan andereño ausart eta kementsu bezala jardun zuen Izaskun Arrue zenari. Are gehiago: inork ez luke kontrakorik esango –eta inork ez du ezer esan inoiz– irakasle-lan hargatik jasotako deduengatik. Ez dirudi, horratik, taxuzko Euskara Batua mintzaira ofizialtzat duen gizarte honetako euskal hiritarron erreferentzia izan beharko lukeen kulturguneak haren izenaren zama bere gainean sekula guztirako eraman behar izateak.

Garaiz gaude oraindik aipatu okerrak zuzentzeko, autoritarioak eta izendapenari dagozkionak hain zuzen. Baina ez da, ezinbestez, Gorka Urtaran bera mugitzen hasi behar duen lehena.

Bilatu