Jon Argintxona Badiola
Gernika Memoriaren Lekuko plataforma

Gernika Frankfurten

Gernika Memoriaren Lekuko plataforma gonbidatua izan delako, memoriaz eta askatasunaz hitz egin dezagun. "Guernica Gernikara" herri aldarrikapenaren balioak azaltzeko, eta, batez ere, Espainiatik at, beste ekosistema oso bat zabaltzen dela esateko.

Urriaren 19tik 23ra ospatuko da aurten Frankfurteko nazioarteko liburu azoka, munduko handienetakoa eta garrantzitsuenetakoa. Aurtengo ohorezko gonbidatua Espainia da. Herrialde gonbidatua izateagatik leku zabalagoa utziko diote azokan, bere literatura produkzioaz gain kulturarena ere erakusteko. Espainiako kultur erakundeek, Kultura Ministerioak eta harekin lotutako espainiar agentziek, institutu eta enpresa publikoek, argitaldarien elkarteek, ilustratzaileak, eragileek… Espainiako literaturaren eremua aurkeztuko dute (teorian Estatuko hizkuntza guztiei lekua eginez, baina, jardunaldien manifestuan esaten denez, praktikan, espainolez egiten denari protagonismo osoa emanez); eta, gainera, horrekin batera, hainbat ekitaldi eta jarduera artistiko antolatuko dituzte "Sormenez gainezka" lelopean.

Alemaniar-euskal jendeak bultzatuta, makroekimen ofizialari beste begirada bat eman nahi zaio: “Beyond Spain”, Espainiatik harago ekimenaren bidez ikuspegi kritikoa eta eraldatzailea sustatu nahi dute, Alemaniako, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako idazle, historialari, hizkuntza eskubideen aldeko aktibistak, eta herri taldeen lagunak gonbidaturik. Jardunaldi kritikoa, Espainiako «pluraltasunaren» alderdi ilunak azaltzeko eta erakusteko asmoa duelako. Eraldatzailea, ekimen alternatibo bezala, kultur eta literatur sorkuntzarako nahiz hizkuntzen eta hizkuntza eskubideen aldeko ideia demokratiko, antifaxista eta antikolonialerako gune bat eskaini nahi duelako. Hain zuzen, Espainiako programa ofizialetik harago, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko hizkuntzei, kulturei, literaturei eta aktibismoari buruzko errealitatea erakutsi nahi da gune honetan.

Egitarau espainiar ofizialaren kasuan bezala, kasu honetan ere, eskainiko diren egitasmoak anitzak eta aberatsak dira: hitzaldi eta eztabaida politikoak, literatur topaketak, irakurketak eta kontzertuak izango dira. Ekitaldi kulturalak, produkzio literarioa eta aktibismo politiko sozialari lekua eskaini nahi zaie: hizkuntzaren normalizazioaz, zapalkuntzaz, memoria historikoaz, kolonialismoaz eta erabakitzeko eskubideaz hitz egingo da… Eta argitaletxeek, fundazioek eta erakundeek euren argitalpenak aurkezteko aukera izango dute.

Elkarte, egile, sortzaile, ahots eta mintzaira ezberdinak… Egiari Zor, Assemblea Nacional Catalana, Vía Galega, Euskal Memoria, Gure Esku, Madrileños por el Derecho a Decidir, Izquierda Castellana, Laura Mintegi, Raul Zelik, Ane Muguruza, Edorta Jimenez, Kirsten Brandt, Iñaki Egaña, La Basu, Fito Rodriguez… Gaztelaniaz, euskaraz, alemanez, galizieraz, katalanez hitz egingo dugu… Dugu, guk ere, Gernika Memoriaren Lekuko plataforma gonbidatua izan delako, memoriaz eta askatasunaz hitz egin dezagun. "Guernica Gernikara" herri aldarrikapenaren balioak azaltzeko, eta, batez ere, Espainiatik at, beste ekosistema oso bat zabaltzen dela esateko. Pirinioetako iparraldeko haranetatik mendebalde, ekialde eta hegoalderantz, Atlantikoko eta Mediterraneoko itsasoetaraino, Espainiako Estatukoaz gain, bestelako lautada, mendi, erreka, ibai eta ohian badaudela esateko, eta landareak eta abereak lurralde horietan izen ezberdinekin izendatzen dituztela. Kontua da, gainera, badagoela Estatu espainiarraren mugetatik haragoko lurralde horietan txori oso berezi bat, zorigaiztoaren eta minaren grisetik eta beltzetik altxatu zena eta, bizitzaren kolore biziko luma berriez apaindurik, zerurantz abesten altxatu zena. Txori horren ezaugarri koloretsuak azaltzera goaz Gernika Memoriaren Lekuko plataformakook Frankfurtera.

Bilatu