Gezurra, ustelkeria larriena
Enpresak ixten direla? Familia pobreak etxetik botatzen dituztela? Turismo masiboa kritikatzen dela? Kritika guztiak, instituzioen aldetik, gezurra eta deskalifikazioa erabiliz isilarazten dira. Eurek sustatutako obra handienak eta gai korapilatsuenak, ordea, ez dira eztabaidagai.
Arte eta abilidadetzat har daiteke gobernu edo erakunde baten lorpenak modu egokian adierazteko gaitasuna. Aspaldi ohituta gaude, alderdi politiko edo erakunde gehienak dirutzak gastatzen ikustera, euren ekimenak modu ikusgarrian erakusteko. Arbuiagarria da, noski, guztion dirua propaganda propioa egiteko erabiltzea. Oso kezkagarria da, gainera, batzuek propaganda hori errealitatea desitxuratuz edo partzialki faltsifikatuz eskaintzea. Erabil ote dezake gobernu batek diru publikoa egin ez duena egintzat jotzeko? Zilegi ote da alderdi eta instituzioek etikarik gabe jokatzea informazioa zabaltzean? Onar ote dezake gobernu batek gauza bat parlamentuan, eta gero kontrakoa egin praktikan? Gauza bat esan telebistan eta egunerokotasunean bestela jokatu? Ondorioz, gezurra, manipulazioa, faltsukeria, errealitatea desitxuratzea... ez ote dira ustelkeria nazkagarrienak?
Propaganda eta marketin larregi egiten dute erakunde gehien-gehienek, baina aspaldian, beste urrats arriskutsu bat eman dute batzuek, propaganda horren bidez egia ez den balizko errealitatea adieraziz. Lotsarik gabe, beren interes partikularrak defenditzeko, gezurra erabiliz edo egia erdiak esanez, estali edo desitxuratu egiten dute benetako egoera. Eta hori politikariek izan dezaketen jarrera maltzur eta errefusagarriena da. Diru publikoa lapurtzea bezain larria, eta gizateriari begira are deitoragarriagoa. Gezurrek, egia erdiek eta informazio manipulatzaileek pertsonen arteko konfiantza galtzera eramaten gaituzte eta harremanak biziatu eta kutsatzera. Pertsona bati edo instituzio publikoei gerta dakiekeen okerrena. Herritarrengandik urruntzeko modurik zuzenena.
Zoritxarrez, Euskal Herrian abian da aspalditik gezur eta manipulazioaren aldeko lehia. Degradazio izugarriaren aurrean gaude, gizarte pasibo eta akritiko baten aldeko apustu nabarmena baitago. Lehenik, komunikabideak kontrolatu eta ondoren manipulazio tresna gisara erabiltzen direlako. Kasurako, telebista, irrati edo egunkari gehien-gehienen helburua ez da gertatzen ari dena adieraztea, horri buruzko interpretazioa adieraztea baizik; hau da, errealitatea euren interesen aldeko ikuspegitik ematea, gauza batzuk isildu eta beste batzuei buruzko egia erdiak azalduz. Horrela, komunikabideen jabeak (dirudunak eta instituzioak) salbu dira beti. Enpresak ixten direla? Familia pobreak etxetik botatzen dituztela? Turismo masiboa kritikatzen dela? Kritika guztiak, instituzioen aldetik, gezurra eta deskalifikazioa erabiliz isilarazten dira. Eurek sustatutako obra handienak eta gai korapilatsuenak, ordea, ez dira eztabaidagai. Horrela, AHT, erraustegia, industriaren egoera larria, turismo eredua... horiei buruzko kritika guztiak ito egiten dira. Beraz, ez da inolako eztabaidarik onartzen.
Jarrera hori adierazten duten adibideak asko dira, baina hemen soilik hiru aipatuko ditut:
Ekonomia ondo doa», «krisitik irteten ari gara»... horrelakoak erakunde batzuek behin eta berriz errepikatzen dituzten aspaldiko leloak dira. Gezur osoa? Guztiz ez, noski. Baina egia ere ez, herritar gehienen errealitatetik oso urruti baitaude. Banaka batzuentzat oso ondo joan arren, langile gehienentzat egoera aski kezkagarria delako. Adibidez, lan bila kanpora doazen 13.000 gazteentzat; prekaritatean lanean ari diren gehienentzat; aski etsigarria, baita ere, RGIa kobratu beharrean dauden %20 horientzat, lan egin arren soldata miserablea kobratzen dutelako. Egia da dirudunentzat eta zenbait enpresarirentzat ekonomia ondo doala; baina herritar gehienentzat, ez.
Halere, egoera hau «on eta positibotzat» jotzen duten politikariek ezin dute serioski hori esan, pertsonen alde ari direla propaganda egin arren. Baina, hauteskunde kanpainatik aparte pertsonok gutxi balio dugu. Agintariei makroekonomia ondo joatea interesatzen zaie, pertsonen eguneroko mikroekonomia isiltzen dute; alegia, lan baldintzak eta soldatak bigarren mailako arazoak dira eurentzat. Mezu horrekin, botere gutxiena izan arren herritar multzo zabalena osatzen dugunen egoera desitxuratzen ari dira: ez dute egia esaten. Badakite bakarrik batzuentzat dela egoera ona, baina gehienentzat ona balitz gisara saltzen digute. Eta hori manipulazioa da, egoera zuritzea da. Gezurra zabaltzea.
Mozal legea onartezina da». Gasteizko Parlamentuan «Mozal legea» deituaren egokitasuna eztabaidagai jartzen da, eta PNVk berak ere onartzen du lege hori adierazpen askatasuna urratzeko tresna izan daitekeela, neurriz kanpoko zigorrak jartzen dituela; ondorioz, gaitzetsi egiten du. Areago, onartzen du Gobernuari eskari zuzena egitea: «Ez dezala Baskongadetan praktikan jarri». Hitz ponpox eta ilusio-sortzaileak. Baina zein da beraren praktika? Lege horretan oinarriturik, Ertzaintzaren eskutik denbora gutxian 3.000 isun baino gehiago jarri direla, eta kasu gehienetan adierazpen askatasunarekin loturik egin direla, tartean “Argia” aldizkariko eta Hala Bedi irratiko kazetariei, hain zuzen ere. Parlamentuan gauza bat esaten dute, baina praktika bestelakoa da. Berdinzale edo abertzale hitzetan, espainol eta eskuinzale praktikan. Dirudienez, gutxi axola zaie. Zurikeria da nagusi.
«Soldatak igotzeko ordua da», dio Azpiazuk, Ogasun sailburua denak. Gauza berbera errepikatu du bi egunetara Aitor Estebanek, Madrilgo parlamentuan PNVren hautetsia denak. Baita hiriburuetako alkateek ere. Egunerokotasunean, hitz hutsalak, eraginik gabekoak. Izan ere, aldi berean, Diputazioarekin lotura zuzena duten Bizkaiko zahar egoitzetako langileek 1.200 €-ko soldata lortzeko 300 egun luzeko greba garratza egin behar dute. Publikoki soldata igoerak eskatu, baina euren etxean langileak miserian mantentzea hipokrisia nabarmenegia da, ageriko gezurra.
Eta ez bakarrik hori. Benetan soldata igoerak defenditzen badituzte –nire ustez ezinbestekoa dena–, neurri legalak hartu behar dira. Krisiaren aitzakian erreforma laboral osoa eginez, tresna eraginkorrak eskaini dizkiete enpresariei, lan prekarioa ahalbidetzeko: kanporatzea merkatzeko legeak, lanaldi murritzak eskaintzeko erraztasunak, soldatak mugatzeko gaitasuna... Egoera aldatu nahi bada, eta lan baldintza duinak berreskuratu nahi badira, beharrezkoa dugu neurri berean lege berriak eta eraginkorrak bultzatzea. Enpresari askoren mugarik gabeko diru egarria ez da kontrolatzen borondate oneko aldarrikapen hutsekin. Horretarako, beharrezkoak dira neurri legalak eta eraginkorrak. Bitartean, «soldatak igo behar dira» telebistan esatea itxurakeria hutsa da, faltsukeria mingarria.
Honatx zurikeria adierazten duten hiru adibide. Asko gehiago jar ditzakegu, baina nahikoa dira sistemazale diren hainbat politikariren etikarik gabeko jarrerak salatzeko. Honelako zurikeriak oso kaltegarriak dira ustez zerbitzu publikoan ari direnentzat, bizitza publikoaren degradazioa bultzatzen baitute. Gezurrak eta zurikeriak giza harremanak usteltzen dituzte. Botoak lortzeko agian balioko diete batzuei, baina giza baliorik gabeko jendartea eraikitzen ari dira. Gezurra edo egia erdiak erabiltzea ustelkeria da. Guztion artean irauli behar dugun jarrera.