Guk hitano, hik zergatik ez…
Gure gurasoen belaunaldikoek, hau da, duela ehun bat urte jaiotakoek, hika egiten zuten gehientsuek Euskal Herri zabalean. Gizon zein emakume, ez zegoen alde handirik horretan. Antzinatik datorkigun berbeta moduari eusten zitzaion etenik gabe.
Hitanoaren gaurko egoera ezagutzen dugu: adin handikoek hortxe-hortxe eusten diote zonalde euskaldunetan, belaunaldi gazteagoek oso galdua dute, eta ondo samar eusten zaion lekuetan ere aditz-forma traketsak nagusitu dira (hiperhiketa) gazteenen artean; eta gizonezkoek gizonezkoena ikasi dute bakarrik, emakumeei ere berdin hitz egiten zaie. Emakumeek, berriz, gutxik dakite hika.
Hikaren galeraren arrazoi nagusia euskararen beraren galera izan da zalantza barik. Zukari ere ozta-ozta eutsi zaio desagerpen arriskuan egon den aro luzean. Baina ez da hori izan arrazoi bakarra. Hona hemen Ahotsak.com-eko artxibotik jasotako esaldi batzuk: «Hika aritzen ginen elkarrekin eta ‘hika ijitoak aritzen zirela!’», «Hika itsusi dela esaten ziguten», «Gu hika eta ama atzetik demandan errespeturik ez geneukalako, hika egiten genuelako». Elizgizon eta guraso moralistenak beti saiatu dira hika baztertzen, berbaera horrek konfiantza larregia adierazten zuen nonbait, eta konfiantzak bekaturako bidea errazten.
Esanguratsua da zein bilakaera izan duen hiketaren transmisioak familian. Etxe askotan gurasoek hika egin izan diete semeei baina ez alabei. Hori da gaur egungo desorekaren arrazoi nagusia, lehenagoko belaunaldietan ez baitzen horrelakorik gertatzen. Egun «mikromatxismoa» esaten zaion horren beste seinale bat, ziurrenik.
Ezaguna denez, euskara jakitearen eta erabiltzearen arteko desoreka da euskalgintzaren egungo kezka handienetakoa, hau da, jakin gero eta gehiago eta erabili gero eta gutxiago egiten dela. Eta arrazoien artean, egungo euskararen adierazkortasun falta aipatzen da, hitz jokoak, zentzu bikoitzeko esaldiak, «berbeta beroa» azken batean, erdaran aurkitzen dugula, gure mihi behiala zorrotza kamustu egin zaigulako.
Gaitz hau ez du hiketak bakarrik sendatuko, ezta gutxiagorik ere. Bakoitzak bere ganbara ondo bete beharko du ikasiz, irakurriz, hiztun onei erreparatuz eta abar. Gogoan dut orain dela bi edo hiru hamarkada zenbat azpimarratzen genuen klaseetan klasikoak irakurri beharra, modismoak eta esaera zaharrak zelan lantzen ziren eta grabazioak egiten aitona-amonei. Orain ia frikitzat hartzen dira horretan saiatzen direnak. Asko pobretu zaigu eguneroko berbeta (eta ez euskaraz bakarrik), eta solasa eta jolasa errima perfektua den arren, ematen du oinezkook bertsolarietan delegatu dugula denon eskura dagoen ahalmen hori.
Baina hiketa behintzat badugu, euskaldunok bakarrik dugun baliabide hori, gaixorik baina bizirik heldu zaiguna historiako une honetara. Ez da erraza hitzekin deskribatzea hika egitearen plazera. Hizkuntza estandarrean egun guztia jardunda gero tabernara lagun artera joan eta herri-hizkeran hika egitea. Edo beste edozein girotan. Batzuek etxera heldu eta zapatilak janztearekin alderatzen dute, beste batzuek ur-jauzi garden baten hotsa entzutearekin. Gatza eta berakatzarekin ere bai.
Gaur ez du lehen zuen estigmarik, goraipatua ere bada jakitunen aldetik. Baina egin, ezer egiten al dute akademiak edo beste erakunde batzuek hura prestigiatzeko? Erakusten al da eskoletan? Ez. Esku bakarreko atzamarrak nahikoa izango dira aurten gure lurraldean eman diren hika ikastaroak kontatzeko. Honetan (ere) Deba Ibarra izan da aitzindari. Badihardugu Elkarteak hamabi liburuxka argitaratu ditu dagoeneko herri ezberdinetako aditzekin. Primerako materiala, ia ezinbestekoa, zukako zein hikako formak finkatzeko eta berrikasteko. Adibide bat jartzearren: Bergaran neban/neben/naben/naban formak entzuten ziren, eta orain ematen du, egindako ahaleginari esker, jatorrizko neban nagusitu dela. Geinke ere bai, garai bateko leikegu-ren ordez.
Esanak esan, hika modan dago, gero eta jende gehiago saiatzen da egiten. «Aita, ama, zergatik ez didazue erakutsi?», kontu-eske ibili ohi dira seme-alabak. Baina gaitz bat (gaitz erdia?) ari da nagusitzen: hiperhiketa. Esan dik/jok Urbian elurra zegokela/jagokela. Hau da, hiketa behar ez den lekuan, menpekoetan, erabiltzea. «Biokelaren propaganda egiten, ala?» esaten die gure lagun gaizto batek. Erraz sendatzekoa dirudi gaitzak, baina inork zuzentzen ez duenez, eta hiztun onei ere gero eta gehiago entzuten zaienez… Agian egunen batean ontzat eman beharko da.
Batuko hiketa ikasteko hor dugu Ritxi Lizartzaren liburu ederra. Hitano batuak badu bere esparrua: literatura, ikus-entzunezkoak (“Goenkale” datorkit gogora), euskaldun berriak, euskalki ezberdinen arteko solasak eta abar. Ederto. Baina hikaren jokaleku naturalena euskalkiak eta herri hizkerak dira. Eta hika prestigiatzeko eta berreskuratzeko, euskalkiak bere osotasunean bultzatu beharko dira. Ezin hika ondo egin zuka ondo egin gabe. Eta ez dirudi euskalkiak indartzeak inolako kalterik egiten dionik batuari, batzuei entzunda besterik dirudien arren. Zenbait euskaltzain, esatari eta idazle giputx euskalkiak (bizkaiera batez ere) edo herri hizkerak arlo publikoan erabiltzearen aurka agertu dira, jabetu gabe ziurrenik nolako albo kalteak eragiten dituzten horrelako adierazpenek herri euskara, hiketa barne, erabiltzeko eta indartzeko ahaleginetan dabiltzanen artean.
Egidan/k hika.