Gontzal Mendibil

Hazia zen hasieran

Markina-Xemeingo Barinaga auzoan jaio zen Arrasateko kooperatibismoaren sortzailea eta sustatzailea zen Jose Maria Arizmendiarrieta, 1915eko apirilaren 22an. Elkarlanaren zentzuz eta pentzuz, Arrasaten sortuko zituen hazirik ederrenak, geroan Euskal Herri osoan eta munduan zehar ere erakusgarri eta ezagun egingo zirenak. Gaur esan genezake, bere arazoez gain, munduko kooperatiben multzo handiena dugula Mondragon kooperatiben elkargoa, eredugarria eta onuragarria.

Aurrerapen teknologikoak eta gizarte ongizatean aldaketa nabarmenak bizi ditugun garai hauetan eta erosotasunean bizitzeko espiritua gureganatu dugun honetan, aldi berean: elkartasuna, ahalegina, zintzotasuna, justizia soziala eta joera kritikoa ere ahultzen eta desegiten doakigulakoan, guzti honen aurrean galdera asko dira geure buruari egin behar dizkiogunak, eta erantzunak erantzun eta iritziak iritzi, Arizmendiarrietaren mezuak puri-purian daudela diot, beraz, etorkizuna geugan dago.

«Ekonomiko, politiko eta gizarteko arazo guztiak gizasemea den horretan laburtzen dira. Etorkizun hobe baterako kontzientziak landu, ernaldu eta eragin, horixe da helburua eta kooperatibistak kooperatiben aurretik sortu behar dira». Arazoa, beraz, garai hauetan, elkartasun eta konpromiso mentalitaterik dagoen edota berau sentitzeari utzi diogun.

Egoera hauxe da, baina itzul gaitezen Arizmendiarrietaren espiritura, inoiz ezertan amore ez eman eta gogoz eta adorez beti aurrera egin zuen horretara. «Lurralde estuan bizi den herriak, lenen egin beharrekoa, lurralde hori ondoen lantzea da. Hazia erein, lana erosotu, lorak jorratu hazitzeko, bizitza dugu ikasgarri eta ikasi beharreko. Guztiok lankide izango gara nortasun izpi barriekin, denon eginkizunetan inor inoren otsein ez jaun». «Garrantzitsuena norbere burua traizionatu gabe komunitate sentimenduaz pentsatzea dela» adierazi zuen.

Eta, egungo errealitatera etorriz, honako hau irakurtzen dut... «Euskadi, lan absentismo handiena dagoen Estatuko komunitatea dela», eta zur eta lur geratuz, neure buruari galdetzen diot: zer gizarte ari gara sortzen? Uko egin al diogu gure izateari? Hori horrela bada, eta izan garenaren oinarrizko printzipioei uko egiten badiegu, okerren bat edo beste egiten ari garelako izango da.

Garapen teknologikoaren etorrerarekin batera, sareek eragin handia dute fenomeno sozial honetan, non dena izan behar baita azkarra, iheskorra... eta eraginkor izateko, ezagutzaren funtsa ere beste era batera ulertzen da. Gustuko ala ez, bizi duguna eta dabilkiguna beste aukeraketa bat eta beste pedagogia bat da.

Euskal pentsaeran eta historian zehar «gu eta geu» izan da nagusi, gutasunean egin dugu aurrera, eta egun niaren ereduan gaude, «yo, mí, me conmigo». Bai, hala da, baina hala ere, ez da ezkor egoteko garaia, badaude-eta elkarlanean ekiteko izpi berriak, jakina, badakigu hezkuntzan egon behar luketela oinarriak eta geroaren norabiderako erronka berriak, eta bada gurean talde laneko eta kooperazioko ikaskuntzarik. Bejondeigula ba! Zeren proiektu eraikitzaileak eta kolektiboak sortzea ezinbestekoa dugu.

Hezkuntzaren balioa eta sustapena oinarrian jarririk, Arizmendiarrietaren lehenetariko ekimena goi eskola politeknikoa sortzea izan baitzen eta garai hartako pasadizo kurioso bat dakarkizuet. Arizmendiarrieta irakasle izan zen garaian ikaskideek, bere urtebetetze egunean, zorionak kantatu eta hara non esan zioten: On Jose Maria, gaur zure urtebetetzea denez, ordu erdi bat motzagoa izango da klasea, ezta? Buelta hartu eta... «Gaur nire urtebetetzea denez eta eguna osatuagoa izan dadin, ordu erdi bat klase gehiago emango dugu».

«Solus labor parit virtutem, sola virtus parit honoren» (lana bakarrik da bertutearen ohorea eta bertuteak bakarrik sortzen du ohorea). Beraz, bere leloa: “Nondik lan, handik jan”. «Gauzak begiratzeko modua aldatzen baduzue, begiratzen dituzuen gauzak bestelako bihurtzen dira. Ameslariak, idealistak eta ausartak izan zaitezte. Izan zaitezte benetako, horixe da dohainik onena». Halakoxe mezuak ematen zizkien bere ikaskideei.

Argi dago azken mende erdi honetan gizartea eta lan egiteko modua aldatu egin dela eta honek eragina izan duela gure gizartearen hazkuntzan eta ongizatean. Bizitasunaren zeinua, berpiztea eta egokitzea da, eta etorkizuna geure esku dagoen heinean, lankidetzaren ikasteak eta eraldaketak emaitza onak eman izan ditu beti eta berraztertu beharreko garaian gaude. Ezinbestekoa da, beraz, kooperatibek gizartean eta lantokietan aukera berriak eskaintzea.

Eta memoria eta hitza, bizitzan balorerik preziatuenak direnez, apirilaren 22ko larunbat honetan, bere ohorez eta oroimenez, "Hazia" musikala aurkeztuko dugu Markina-Xemeingo bere herrian.

Etorkizuneranzko bidea jorratu asmoz, geure memoriatik erakarri ditugu Arizmendiarrietaren izena, izana eta jarduna. Hazia zen hasieran, haziz hazi joan zen eta onura ekarri zuen. Arrasateko kooperatiben sortzaile eta sustatzailearen lan-ekintza aurreratzaile eta eraldatzaileak dakarzkizuegu eszenatokira, betiere, erantzukizuna geurea dela azpimarratuz eta etorkizunera begira, fruitu onak lortzeko, ideia eta plangintza berriak ereitea derrigorrezkoa dugula bideratuz eta aireratuz.

Bilatu