Arantza Fernandez de Garayalde, Jose Manuel Martinez eta Eli Lamarka
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko talde sustatzaileko kideak

Hezkuntzan borrokalari asko... diruaren alde

Emaitza akademikoek eta ikerketek jakinarazten digute sarri pribilegiotzat hartzen dugun aniztasun faltak ignorantzia eta aurreiritziak besterik ez dizkiela ekarriko umeei.

Hezkuntza Akordioa sinatu denetik, EAEko Gobernuak hiru neurri hartu ditu hezkuntza ez unibertsitarioko sare pribatuaren alde (ez da idazki hau Euneiz izeneko akademia pribatuari aitortu dioten unibertsitate izaera salatzeko unea). Hiru neurri horiek honako hauek dira: itunak (kontzertuak) sei urterako luzatu dituzte, epe horretan ikasle kopuruan sekulako jaitsiera egongo dela jakin arren; planifikazio dekretu berria atera dute, zeinak erraztasun gehiago ematen dizkien ikastetxe pribatuei gelak zabalik mantentzeko; eta, orain, abuztuaren hasieran, kontzertazio-moduluen igoera ekonomikoa gauzatu berri dute (irakasleen moduluak, %6 inguru; Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik Batxilergora, %8,5; eta, mantenimenduan, %25!). Hiru neurri horiek sare kontzertatuaren matrikula eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzen dituzte, beraz, hezkuntza sistemaren pribatizazioaren eta ikasleen segregazioaren alde jokatzen dute.

Pribatizazioa diogu, titularitate pribatua izan eta kontratazioak nahierara egin eta ikasleak aukeratzeko ahalmena dutenak ikastetxe pribatuak direlako. Hala ere, diru publikoarekin sostengatzen dira, eta duten izaera klasistari «gizarte ekimenekoak» ezizena jarri diote. Ikastetxe horiek asko dira EAEn (Europan pareko pisurik ez dute inon, Madrilen orain hurbiltzen ari badira ere), haietako batzuk oso handiak gainera, eta saretuta daude, baina haien arteko lehiak gaindituz, gaitasun handia dute patronal guztiek bat egiteko diru publikoa eskatu eta administrazioa presionatzeko momentuan.

Segregazioa diogu ukaezina delako ikasle zaurgarrien gehiengo zabala sare publikoan dagoela, eta sare pribatuan sartzerik ez dutela. Pribatizazioa handiagoa den neurrian, orduan eta handiagoa da gizartean sufritzen dugun eskola segregazioa ere, gizarte kohesiorako eta euskararen normalizaziorako dituen ondorio larriekin.

Goian aipatu ditugun neurriak Hezkuntza Akordioaren kontra doazen ala bere ondorio zuzenak diren ez zaigu inporta, gure kezkak bestelakoak dira:

Alderdi politiko batzuek haien buruak ezkertiartzat eta subiranotasunaren aldekotzat jotzen dituzte, baina une honetan, akordio bat sinatuta, azken neurriekin denok ados daudela dirudi, txio pare bat baino besterik ez baitugu ikusi gehiegikeria horien kontra. EAEko sare pribatuaren bi herenak ikastetxe erlijiosoak direla, eta sare horretan A eta B eredu gehienak biltzen direla jakinda, ulergaitza da sare hori neurririk gabe indartzen jarraitzea Hezkuntza laikoa, feminista eta euskalduna lortzeko bidean.

Garai bateko Euskal Herriko gehiengo sindikalak bestelako politika sozialak aldarrikatzen zituen, eta zerbitzu publikoen alde egiten zuen, pribatizazioek langile klasearen (modu zabalean ulertuta) kontra bete-betean jotzen dutelako: oinarrizko eskubideak salgai jartzen ditu, zerbitzua negozio bihurtu nahian lan baldintzak kaskartzen ditu, oso garestiak dira bai dirutan bai ondorio sozialetan neurtuta... Une honetan, salbuespenak salbuespen, ez genuke esango sindikatuak eskola publikoaren defendatzaile sutsuak direnik.

Familia askok normaltzat hartzen dute ikastetxeetan maila sozioekonomiko bereko ikasleak soilik elkartzea, nahiz eta auzoetan eta herrietan aniztasun handiagoa izan. Emaitza akademikoek eta ikerketek jakinarazten digute sarri pribilegiotzat hartzen dugun aniztasun faltak ignorantzia eta aurreiritziak besterik ez dizkiela ekarriko umeei.

Unibertsitatez kanpoko ikasleen erdiak sare publikoan daude, tartean ikasle «zaurgarrien» hiru laurdenak (diru gutxien dutenak, jatorria atzerrian dutenak, hezkuntza premia berezidunak...); eskola publikoa defendatu behar delakoan gaude, abusuen kontra, neoliberalismoaren kontra, ignorantziaren kontra eta euskararen eta elkarbizitzaren alde. Apur dezagun konplizitatea.

Bilatu