Maren Belastegi Guridi
Uema-ko lehendakaria

Hizkuntza eta Lurraldea

«Hizkuntza politika integrala bultzatu beharra dago, eta ezinbestean, udalerri euskaldunen garapen sozioekonomiko eta soziokulturala bultzatu behar da».

Euskal Herrian lehenengoz jardunaldi baten bitartez aztertuko da lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak hiztun komunitatearengan duten eragina. Hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza aldaketaren arteko harremanaz hausnar- tuko da. Bereziki, arnasguneei edo euskaldunen metaketa demografikoa jazotzen den guneei dagokienez.


Finean, geografia eta hizkuntzaren arteko harreman estuaz hausnartzea da jardunaldiaren helburua. Lurralde-antolakuntza eta hirigintzak euskararen hiztun-komunitatearengan duen eragin zuzena lantzearekin batera, eragin hori kontuan har dadin hartu beharreko neurriez hausnartuko da, bai kalteak murrizteko bai onurak indartzeko.


Euskarak askotariko osasun eta errealitateak  ditu eremu geografikoaren arabera. Udalerri batetik bestera ezberdintasun handiak daude, bai euskararen eza- gutzari dagokionez, baita euskararen erabilerari dagokionez ere. Horrela, Euskal Herriko bazter batean zein bestean, hego zein ipar, baditugu euskararen ezagutza bertako biztanleen %70etik gorakoa duten herriak. Udalerri horietan nagusi da euskara, eta, horregatik, udalerri euskaldunak deitzen diegu.


Udalerri euskaldunak Euskal Herriko mutur batean zein bestean sakabanatuta egon arren, neurriz ere denak berdinak ez izan arren, eta elkarren artean harreman handirik ez izanda ere, antzekotasun handiak dituzten herriak dira. Berezko hizkuntzak batzen ditu, euskarak.


Soziolinguistikako adituek dioten bezala, hizkuntza batek iraun dezan, gune hegemonikoak behar ditu, eta gune horiek ezinbestekoak dira hizkuntza ororen berreskurapenean. Beraz, udalerri euskaldunen eginkizuna garrantzi handikoa da euskararen normalizazio prozesuan. Baina, gaurdaino, euskarak ez du gune sozio-geografiko propiorik, ez du nagusi izango den lurgunerik gizarteko funtzio guztiak garatzeko.


Euskarak, biziko bada, erdarak bezala, nagusi izango den lurgunea behar du. Eta, hori da, Uemak duen erronka: udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua euskaraz izan dadin bideak urratzea. Horretarako, udalerri euskaldun guztiek bat eginik, elkarlanean, hizkuntza politika aurrerakoiak bultzatu eta euskara nagusi izango den lurgunea indartzen aritu da Mankomunitatea, sorreratik bertatik.


Baina, horrez gain, gune horien zaintzari erreparatzea ere beharrezkoa da, hizkuntza politika integrala bultzatu beharra dago, eta ezinbestean, udalerri euskaldunen garapen sozioekono- miko eta soziokulturala bultzatu behar da, beti ere euskararen arnasgune izaera mantenduz. Uemak, jada orain 22 urte bere egin zuen udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa bultzatzeko helburua. Garaiko kideek argi ikusi zuten euskararentzat hain garrantzitsuak diren arnasguneak indartzeko behar-beharrezkoa zela udalerri euskaldunen «bizia» indartzea. Asmo horri lotuta, Kultur Elejira deituriko programa abian jarri ere egin zuen Uemak. Udal eta herri txikiek zituzten gabeziak osatze aldera, eskaintza kulturala indartzea zen egitasmoaren helburua.


Baditugu esperientzia gehiago ere, udalerri euskaldun batean merkataritza zentro bat ireki aurretik, hizkuntzari zegokionez kalterik ez jasotzeko helburuz, hainbat neurri zuzentzaile planteatu izan ziren, eta horrek euskarari lotutako atzera urratsak leuntzea ekarri du, gutxienik. Hala ere, saiakerak saiakera, eta asmoa ona izanda ere, aitortu behar dugu ez dugula izan nahikoa argitasunik, ezta tresnarik ere, izan genituen erronkei erantzuteko. Egiari zor, udalerri euskaldun bat baino gehiago izan dira inolako mugarik jarri gabe hazkundea proposatu eta aurrera eraman duten herriak, eta horrek hizkuntzari dagokionez atzera urratsak ematea eragin du. Eta horrela, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, azken urteetan areagotu egin da udalerri euskaldunek euren izaera galtzeko duten arriskuaren inguruko kezka; eta, ondorioz, herri horien babesaren inguruan abiatu beharreko lanari buruz sakontzen hasi ginen duela pare bat urte.


Bidea egiten hasita, Uemak bere baitan egindako hausnarketak konpartitzen dituzten hainbat eragile aurkitu ditu. Eta indarrak batuz hasi ginen ibilian, Uema, Gipuzkoako Foru Aldundia eta  Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua. Elkarrekin hausnartu dugu gaiaren inguruan, gaia sozializatzeko bitartekoak ipini ditugu; arnasguneen tailerrak kasu. Eta Udako Euskal Unibertsi- tatearen ekarpen akademikoari esker, egingo da Hizkuntza & Lurraldea I. jardunaldia, urtarrilaren 16an eta 17an, Donostian. Hizkuntza gutxituak dituzten Aland uharteak, Flandria edo Gales bezalako herrialdeetan garatutako esperientziak ezagutu eta ikasteko aukera paregabea izango dugu. Hizkuntza politika integral bat osatzeko kontuan hartu beharreko ezinbesteko aldagaien gaineko ekarpen interesgarriak utziko ditu jardunaldiak. Etorkizunean, eremu zabaletan eragiteko tresnak sortu eta praktikan jartzea izango da begiztatzen dugun erronka.

Bilatu