Andres Osa “Sakona”

Ikastetxetik, Euskararen erabilera bermatu

Herri mailan euskararen alde egiten diren ekintzak iratzargailu lana betetzen  dute, baina ikastetxetan egiteak emaitza sendoak, apalak baina iraupenezkoak dira

Euskaraldia kanpaina amaitu da. Balorazioa oso baikorra egin ere bai. Ahalegin handia. Publizitaterik ez zaio falta izan. Baina, egiteko dagoena serio hartu beharrekoa da. Euskararen erabilerari buruz irtenbide sendoagoak behar ditugula esaten ausartuko ginateke. Egunerotasunean kokatzen bagara, iraunkorrak ez hain ikusgarriak, apalak ez zaratatsuak baina etekin handikoak. Euria ere, behar den tokian zarra zarra, graziaz egitea lurrarentzat onena.

Errealitate gordina: Ikastetxe baten atarian, kanpoaldean, barruan, zer entzuten dugu? Derrepentean ohartuko gara, euskarari arnasa falta zaiola.Gelan euskaraz bai, beno… Baina gelatik kanpo pasabide, eskailera, jolastoki, jantoki, etxera  bidean, kalean…. ikasleen ahotik, salbuespenak salbuespen, euskararen arrastorik ez.

Gaur egun, D Ereduan ari diren eskola guztietan premiaskoena, gelatik kanpoko harremanak euskaraz izatea da. Hor, harrobi horretan  sendotu eta katiatzen dira sustarrak eta zainak, ohitura onak eta sanoak jaso eta jokabide iraunkor bihurtu. Bide batez, Euskara salbatu nahi bada, Euskara eta herrimina, elkarri auspoa emanaz etenik ez duen sinbiosia aplikatu. Hala ez badugu egiten gureak egin du.

Nondik hasi? Zer egin? Gaurkoan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza hartuko dugu. Eskola publiko, Ikastola eta oro har, D ereduko ikastetxetan, murgilduko gara.

Plangintza zehatza, gozoa eta atsegina Hitzetan ez gelditu. Bizitzan intentzio onez soilik ezer ez, ekintzak  behar ditugu. Lehenbizi aztertu ongi zer egin nahi dugun egoera tamalgarri horren aurrean. Bizitzan ezagutza, arazoa ezagutzea gauzarik onena da, eta ezjakintasuna txarrena. holako zerbait esan zuen Sokratez filosofoak. Gehituko nuke, bada txarragorik, jakitun izan,  arazoa ezagutu eta ezer ez egitea.
   
Urtero, hilabete parebateko euskararen erabileraren aldeko  kanpaina egin udazkenean. Era askotako ekintzak planifikatu litezke eta aniztasun horretan aktiboak izango diren pertsonak behar dira. Kanpaina honek fruituak emango baditu, ikastetxeko langileen eskuartze serioa eskatzen du, serioa bai eta umoretsua. Baina kontu izan, ekintza guztiak ikasleen ikasketa eta heziketaren arrastotik aldendu gabe. Alderantziz, ikasketen lagungarri bihurtuz. Konbinazio sinergikoa zuzen aplikatuz.

Adibide gisan puntu bakar batzuk. Plangintzak, langileen partaidetza izan behar du zer egin asmatzen eta batez ere gauzatzen. Puntu bakan batzuk. Jolasaldiak, kirol arloko aktibitateak, aste barruan zein asteburutan. Ekintza hoietan buru belarri sartuta ibili behar da. Kultur ekintzak, gelen arteko berdin taldeen  arteko aditz eta esaldi zaharren lehiaketak, ipuin kontaketak eta abar luzea. Noizbehinka, ikasleen gustukoa den pertsonaren bat, ekintza horren inguruan tertuliatxoak. Euskal Herrian egiten diren literatura lehiaketetan aurkeztu lanak, Irrati gelatxoa martxan jarri egunero ordu erdi bat gustukoa gertatzen zaie… hitz batez, atsegin izango duten beste ekintza asko gradualki planifikatu. Eta paparrean erabili «niri euskaraz» eta erderaz ari danari pasatu. Kanpainan zehar «euskaraz mesedez» esaldia ez erabili, kalterako baita. Kanpaina hauekin galdu ezer ez da egiten, irabazi  ordea asko.

Urteak etorri, urteak joan eta euskararen erabilera atzerantz doa. Anekdota gisa diogu baina esanguratsua ondorengoa. Euskaraldian murgilduta zebilen irakasle batekin topo egin genuen  eta galdetu: ekintza hau edarra izanik, ikastetxetan zergatik ez diagu ikasleen artean erdal girotik atera eta euskararen erabilera piztu? «Baaa, zaila zegok, inportantiena euskaraz ikasita ateratzen dituk». Erantzunik onena, gure poeta handi batek eman zuen eta burua altxatuko balu lotsaz baina errespetuz erantzungo lioke: «Hizkuntza bat ez da galtzen, ez dakitenak ikasten ez dutelako, dakitenek hiztzegiten ez dutelako baizik»

Herri mailan euskararen alde egiten diren ekintzak iratzargailu lana betetzen  dute, baina ikastetxetan egiteak emaitza sendoak, apalak baina iraupenezkoak dira. Ez dute burrundarik, ez argazkirik, ez telebistarik, baina lagunekin kalean, etxean, lantegian, toki guztietan EUSKARA. Egin saiakera. Ondo egin diren kanpainak emaitza oso onak eman dituzte. Pentsa! milaka gaztetxo barrabarra euskaraz ari dela  ikustea eta entzutea zer den! Bidea irikita dago eta emaitzak badira. Gogotsu hasi eta ez etsi.Ikasturtero Kanpaina berria!

Beste kontua da, A eta B ereduek bere horretan behar dute in secula seculorum? Funtzionarioak maila guztietan eta pribatuak izan arren establezimendu publikoetan, eta abar… zer nolako berebiziko eskakizun maila dagoen aztertu beharko litzateke. Beste baterako lagako dugu.

Bilatu