Iraitz Amor Pla

Ikusi nahi ez dutenak

Azken egunotako berria izan da Alex Sarduik eskainitako adierazpen «eskas» eta, egiari zor, erratu batzuen inguruan sortutako erreakzio eta kontraerreakzio sorta. Bakoitzaren sinesmen eta interesen eremuan sartzea harea mugikorretan erortzea bezala da: ez da erraza onik irtetea. Mundu guztiak dauka bere arrazoia eta inork ere ez dauka arrazoi osoa, funtsean zein forman.

Funtsari begiratuta, argi dago Sardui erratu egin zela musikan emakumeen aurkako diskriminaziorik ez dagoela esatean, egon badagoelako, ikusi duen ala ez berak soilik jakin dezakeen arren.

Formari dagokionez, berriz, uste dut kontuan hartzekoa dela adierazpen hauek prentsarako elkarrizketa batean emandako testuinguruan kokatzen direla. Enpatia minimo bat daukanak ulertu beharko luke horrelakoak modu espontaneoan, aldez aurretik prestatu gabe, ematen diren erantzunak izan ohi direla. Sarduiren kasuan horrela dirudi, baina hobe du bakoitzak bere iritzia sortzea, ahal dela jatorrizko elkarrizketa entzunez (Eldiario.es-ek argitaratutako audioa, euskaraz), nik behintzat desberdintasun batzuk nabaritu baititut honen eta gaztelaniaz argitaratu zen idatzizko artikuluaren artean. Edozein kasutan, bere hitzetatik ezin ondoriozta daiteke emakumeen kontrako erasorik burutzea zenik bere intentzioa.

Eta intentzioa funtsezkoa da.

Egoera horren aurrean zerbait esatea erabaki duen pertsona bakoitzak bere mezuen funtsari zein formari erreparatu beharko lioke. Askok irainez erreakzionatu du Interneten zein kalean, Sarduiren adierazpenak zein pertsona bera gaitzetsiz, edo jatorrizko artikulua idatzi zuen kazetariaren aurka erreakzionatuz. Guzti horien artean maila eta arrazoibide desberdineko mezuak aurki daitezke, baina irainaren eta zapalketaren eremuan sartzen direnek zilegitasuna galdua daukate zeinahi direla ere darabiltzaten argumentuak, zentzu batean zein bestean. Eta, Sarduirenaren kasuan ez bezala, erantzun hauek pentsatutakoak eta prestatutakoak dira (edo pentsatzeko aukera, behintzat, izan dute); ez dira espontaneoak.

Erantzun horien artetik nabarmentzekoa da Euskal Herriko musikagintzako emakumeek sare sozialetan zabaldutako komunikatua. Funtsezko argumentuan (musikaren munduan diskriminazioa badagoela) arrazoia izan arren, Sarduiren hitzen eta izatearen interpretazio bat egiten dute bertan. Interpretazio bateratu bat, horrelakorik posible balitz bezala. Deigarria iruditzen zait «ez dela jarri ere egin gure ahotsa aditzen» eta «ez du ezer ikusi eta ez du entzun, ez zaiolako interesatu» diotela, iritzi subjektiboak direnak, eta nola 150 pertsonak baino gehiagok egin duten bat hauekin, gauza jakina denean beraietako batzuek Sarduirekin kolaboratu izan dutela eta beharbada laguntzat ere izan dezaketela. Jakin nahiko nuke  ea pertsona horiek harekin harremanetan jarri ziren komunikatu bateratua sinatu baino lehen, segur aski sentitu zuten konfiantzarekiko zalantza argitu ahal izateko, eta ea, beraiek bai, Sarduiren ahotsa aditzen jarri ziren edo beraiei ere ez zitzaien hori interesatu.

Erreakzio bateratu horrekin batera, ez dira gutxi izan lintxamendu mediatikoaren gurdira igotzeko aukera galdu ez dutenak. Batzuek lintxamendu horretaz harro aitortu dute beraien burua, Sarduiren kontrako erreakzioekin gozatu dutela adieraziz eta lotsarik gabe esanez lotsa eta beldurra bandoz aldatzen ari direla. Pertsona horiek, gizon zein emakume, ez dihardute modu justuan kudeatzen beraien amorrua; uler dezaket beraiek pairatutako biolentziaren batean oinarritzen den amorru bat izan dezaketela barruan, baina ez da zilegi amorru hori benetan merezi ez duen turko-buru batengana desplazatzea. Pertsona hauek ere ongi jakin beharko lukete anonimotasunak zein talde-antolakuntzak bestearen aurrean kokatzen dituen posizioa pribilegioa dela, eta, beraz, botere hori justua eta neurrikoa den modu batean erabiltzeko erantzukizuna daukatela, zeren, horrela erreakzionatuz, beraiek ari dira erasotzaileak izaten.

Ez dut Alex Sardui pertsonalki ezagutzen, ez naiz Gatiburen zalea, baina ez ditut gogoko jarrera oldarkorrak eta biolentoak inorengandik, ez hitzez, ez ekintzaz, ez omisioz. Uste dut mundu guztiak daukala erratzeko eskubidea eta bere errorean ere errespetuzkoa eta bidezkoa den tratu bat jasotzekoa. Beti dago gauzak adierazteko modu hobeago bat, baina uste dut ez dugula ezer irabazten erreakzio biszeralekin, gurpil zoro batean elkarrekin haserretzera baino ez garamatzate eta. Indarkeria indarkeria gehiagorekin zapaltzen saiatzeak zentzurik ez badauka, are gutxiago erratuta bai baina intentzio txarrik aurresuposatu ezin dakiokeen sinesmen (eta pertsona) bat.

Gizarte feminista eta aurrerakoi bat izan nahi duenari ez zaio interesatzen barne gatazka antzu berriak sortzea; uste dut prestutasuna adierazten duten pertsonekin, haien hitz eta ekintzen ondorioz sentitutako kaltea eta indignazioa jakinaraztea ondo dagoela, baina gauzak modu lagunkoian konpontzen saiatu behar dugula.

Zurrunkeriak ez gaitu gerturatuko. Horretan ere, ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dago.

 

Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinat zailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Irit zi artikuluak eta gutunak sinat zailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinat zailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.

Bilatu