Internazional erreakzionarioaren olatua
Ezkerra tentuz ibili behar da eskuin erreakzionarioaren logikak ez hauspotzeko.
Garai txarrak lirikarentzat», idatzi zuen Bertold Bretch-ek 1939an nazismo alemaniarraren igoera betean. Gaurkoak ez dira hobeak, zoritxarrez. Azken hamarkadetan eltzean su motelean egosten joan den erreakzioak eztanda egin du. Mugimendu emantzipatzaile desberdinek 60-80ko hamarkadetan irabazitako eskubide material eta zentzu komunek eskuin muturraren erreakzioa ekarri zuten 90eko hamarkadan. Orduan hasi zen ereiten gaurko Le Penen, Orbanen, Trumpen, Meloniren eta enparauen ideia teoriko eta politikoak direnen humusa, ideia bat oinarrian: ezkerrak politikoki zuzenaren diktadura ezarri du, ez dago iritzi askatasunik eta mendebaldeko balioak (familia, «bizitza» eta nazio «etnikoak») galtzen ari dira.
Eskuin mutur berria, ordea, ez da lehengo gizon ilun gorbatadun triste hura. Gaur transgresore eta errebelde gisa mozorrotzen du bere burua, ustez denok pentsatu baina inor esatera ausartzen ez dena esanez: finean, espontaneoki matxista, supremazista kultural eta arrazista gisa agertuz. Helburua? Emantzipazio berrien kontra erreakzionatu, eskubideetan atzera egin eta proiektu kontserbadorea sustatzea, elite ekonomiko eta politikoen mesedetan. Nola? Jendartearen begirada gora (eliteengan) jarri beharrean, behera bideratuz, azken-aurrekoa azkenaren aurka jarriz. Ideia bat naturalizatu asmoz: herritarren arazoak ez dira sistema ekonomiko eta politiko baten –eta hori sostengatzen dutenen– ondorio, zure azpian dagoenaren errua baizik: zure miseriaren erruduna etorkina da (lana kentzen dizuna), queer mugimendua da (zure «identitate sexuala» ezabatzen dizuna), euskaldun nazionalista da (espainol gisa natural eta lasai aritzeko eskubidea urratzen dizuna), aberastasunaren banaketa justua proposatzen duen komunista da (nahi beste aberasteko eskubidea urratzen dizuna zerga bidegabeen bidez). Eta abar. Eskuin muturrak ezkerraren diagnostikoa atzekoz aurrera jartzen du: zapalkuntza «kulturalak» pribilegiodun sistemak dira, eta finantzen globalizazio neoliberalak finantzatuta hegemonikoak bilakatu dira («lobby» progreen bidez). Agenda horren aurrean, hiltzen ari zaion mundua defendatzen du: nazioen «soberania» (migrazioak eta multikulturalismoak –ordezkapen handiaren estrategiarekin– birrindutako nazio ultraxenofobo etnikoa), familia «naturala» eta identitate «sexuala» (feminismoak eta LGTBI+ lobbyak erasotua), balio tradizionalak eta «bizitzaren kultura» (ezker «postmodernoak» birrindua), «askatasuna» (komunismoak hertsatua)…
Esan beharrik ez dago, aurreko taupada erreakzionarioak ezkerreko sektoreetan egin zuten bidea, ezkerra, historikoki, ez baita egon humus horretatik salbu. Izan ere, teoria handien (marxismoa, komunismoa…) «karril zentraletik» desbideratzen zuten «dibertsitateak» (esan nahi baita, emantzipazio borroka desberdinak: feminismoa, nazio askapen borrokak, antiarrazismoa, ekologismoa…) beti egon baitira susmopean: gehiagotan teorizatu dira arazo edo oztopo gisa, soluzio bezala baino. Susmo hori dibertsitatearen tranpa bezala ezagutzen dugu: horren arabera, «aniztasunaren politikek» emantzipazio borroken prioritatea aldatu eta benetan «inportanteak» direnak (langile klasearen boterea, produkzio bitartekoen jabetza…) bigarren plano batean utzi eta fragmentatu dituzte, agenda neoliberala indartuz.
Ezkerra tentuz ibili behar da eskuin erreakzionarioaren logikak ez hauspotzeko. Izan ere, aurreko biak diskurtso desberdinak izan arren, agenda berbera elikatzen dute. Bi adibide: migrazioaren kontra agertzea, zer eta internazionalismoaren izenean (migrazioa sortzen duen erroko auzia konpondu behar dela defendatzearen aitzakiapean), edota politika feminista publikoen kontra egitea, zer eta komunismoaren izenean («petatxoekin» matxismoa ezabatzea ezinezkoa den aitzakiaz), erretorika marxistaz mozorrotutako diskurtso erreakzionarioak dira. Batetik, eliteen estrategiak (diskurtso morea edo eskulan merkerako migrazioa sustatzea) eta klase zapalkuntzaren aurpegi anitzak zaku berean sartzen dituelako, eskuinaren humus eta koartada erreakzionarioa elikatuz. Eta bestetik, «errora joatearen» ustezko erretorika erradikalarekin momentuko borroketatik ihes egiten dutelako, ezertara konprometitzen ez duen eta eskuin muturrari primeran etortzen zaion errepliege ustez erradikal bat indartuz.
Nola heldu auziari Euskal Herritik? Ezker independentista hasieratik bertatik emantzipazio borroka desberdinak balio askatzaile unibertsalekin lotzen saiatu izan da, eskubideek eta emantzipazio borrokek elkar lehiatzen dutela baino, elkar elikatzen dutela ulertuz. Goiz ala berandu, okerrago ala hobeto, feminismoaren, mugimendu dekolonialen zein bestelako emantzipazio borroken interpelazioei belarriak ireki eta borroka desberdinak artikulatzeko asmoa erakutsi izan du, zapalkuntzen artean hierarkiarik egin gabe. Migrazioaren auziarekin beste hainbeste: garaiko nazionalismo baztertzaileari aurre egin eta herritartasun demokratiko moderno eta erradikal bat planteatu izan du, kanpotik datorren oro Euskal Herria eraikitzeko ezinbestekoa dela defendatzeaz gain, hemen lan eta bizi den edonor euskal herritarra dela defendatuz.
Gaur errealitate sozial eta politiko desberdina bizi dugun arren, erronka berdinaren aurrean gaude: herri bezala proiektu neoliberalak sortzen dituen desberdintasun eta zapalkuntza sozial, homogeneizazio kultural, migrazio behartu (edo ez) eta aberastasun metaketa prozesuei balio eraldatzaileekin herri bezala nola aurre egin pentsatzea. Eta horretarako, burujabetza eta botere politiko gehiago behar ditugula nabarmena da. Horrez gain, ordea, beldurretik eta ezintasunetik egindako irakurketa politiko antzuak alboratu, eta irudimen eta ausardia politikoak behar ditugu, gaurko eta biharko (ez atzoko) euskal herritarrentzako herri bat asmatzeko. Ez baikaude soilik herri bat askatzeko bidean, Euskal Herria askatuz jendarte eta proiektu neoliberalari alternatiba oso bat eraikitzekoan baizik: guztiontzat emantzipatzailea izango den proiektu baten eraikuntzan.