Lege on bat, akordio handi bati dagokion mailan
Ezagutzera eman den Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroa ez dator bat Akordioak berak sortu zituen itxaropenekin. Zenbait ataletan, eskolako segregazioari buruzkoan, esaterako, dokumentu lauso eta anbiguoa da
Euskal hezkuntza-sisteman oso erabaki garrantzitsuak hartu beharko dira datozen hilabeteotan. Azken egunotan, gai batzuk izan dira nagusi hezkuntzaren inguruko eztabaidan, eta euskal gizarte osoa eta alderdi politiko guztiak (baita alderdi politiko horien barruko korronteak ere) zeharkatzen ditu eztabaidak. Funtsezko gaiak dira, mundu guztiak daki zeri egiten dioten erreferentzia, eta hain dira ezagunak eta hain daude finkatuta, non sortu berria zen Eusko Legebiltzarrean hezkuntzari buruzko lehen osoko bilkuran, 1980an, aipatutakoak diren.
Beraz, EAEko hezkuntza-legean jokoan dagoena Euskadiren historia da, eskola-sistema gisa, bai eta hurrengo belaunaldiei begira izango duen bilakaera ere. Garai hartan eskola pribatuaren (bereziki ikastolen sarearen) eta hazten ari zen eskola publikoaren arteko nagusitasuna lortzeko lehia zena –azkenean 1993ko Legearen bidez ebatzi zen–, gaur egun, askoz ere konplexuagoa den buruhauste baten zati bihurtu da. 1980tik aldatu egin da Euskadi, onerako. Gaur egun, eskolatuta daude 3 urtetik 18ra bitarteko biztanle guztiak, eta ia ez dago eskola garaia baino lehen uzten duen ikaslerik.
Baina, hezkuntza-politikan, biharko arazo dira gaurko konponbideak. Garai batetik hona, nahiko berriak diren bi fenomeno euskal gizartea eta eskola aldatzen ari dira, jarraituko dutenak etorkizunean ere. Alde batetik, zahartze progresibo geldiezinak, aukera ekonomiko berrien bila emigratzeak eta prekaritateak, jaiotza-tasaren beherakada ekarri dute: jaiotza-tasaren krisialdi betean gaude zinez. Bestalde, gero eta etorkin gehiago ditugu, eta ugalkortasun-tasa handiagoa dagokie horiei. Horren ondorioz, Euskadin izaten diren 10 jaiotzatik 3tan atzerritarra da ama. Eustat-ek aurreikusten duenaren arabera, joera demografikoa irauli egingo da apur bat hurrengo urteotan, baina ama etorkinei dagozkien jaiotzen proportzioak gora egiten jarraituko du. Hori da, eta ez besterik, gaur egungo Euskadi: horixe ikusten dugu gaur egun erditzeko geletan eta haur-eskoletan.
Bi dimentsio horiek eta publikoa eta itundua barnean hartzen dituen sare bikoitzaren egiturak, hezkuntzan berdindu eta bereizi beharraren artean sumatzen den tentsioak nahiz iraganeko geldotasun politikoak lehen tokietan kokarazi dute Euskadi autonomia-erkidegoen artean, eskola-segregazioan; hau da, ikasleek eskola beretan duten kontzentrazio mailari dagokionez, jatorri sozialaren arabera (Madrilen atzetik soilik) edo immigrazio-jatorriaren arabera.
Gehiegizko eskola-segregazioak eragin kaltegarriak ditu aukera-berdintasunean, hezkuntzaren kalitatean eta gizarte-kohesioan. Izan ere, eskola gizartearen isla ez bada, ikasleen ikaskuntzak eta itxaropenak polarizatu egiten dira, eta herritarrek ezin dute ikusi bizi diren herriaren argazki osoa. Azterlan ugarik erakutsi dute, modu kausalean, aniztasunak aukerak, ikaskuntza, oparotasuna eta bizikidetza ekartzen dituela.
Fenomeno demografikoa aurrera doanez eta etorkinen ugalkortasun-tasek altuak izaten jarraitzen dutenez, joera horrek okerrera egin dezake, baldin eta botere publikoek erabakirik hartzen ez badute. 2022ko apirilean sinatutako Eskola Akordioa aurrerapauso izugarria izan zen egoera hori bideratzeko. Egun batetik bestera, arazoa ukatzetik arazoa onartzera egin zen jauzi, eta onartu ondoren, neurri handizaleak eta egokiak proposatu ziren egoera bideratzeko (edo ez larriagotzeko). Lau alderdi nagusien babesarekin gertatu zen hori (Eusko Legebiltzarraren %90 ordezkatzen dute).
Hala ere, ezagutzera eman den Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroa ez dator bat Akordioak berak sortu zituen itxaropenekin. Zenbait ataletan, eskolako segregazioari buruzkoan, esaterako, dokumentu lauso eta anbiguoa da. Euskadiko Legeak gutxienez estatukoa edo Kataluniakoa bezain handizalea izan behar luke, ez gutxiago, eta, funtsezkoak diren zenbait alderditan, maila apalagoetan kokatzen da une hauetan. Garrantzitsua da Akordioan erabaki zena legean jasotzea. Dekretuak eta aginduak (horietako batzuk argitaratu berriak dira) gobernuaren borondatearen arabera alda daitezke, baina legeek bere horretan irauten dute. Irauteko xedea duen lege batek –Euskal Eskola Publikoaren egungo Legeak 30 urte iraun du– gaur egun horren adostasun handia duten lehentasun politikoak islatu behar ditu.
Horren adibide bat da Hezkuntzako Euskal Zerbitzua (HEZ) izango denaren definizioa, titulartasun publikoko eskaintza eta «interes sozialekoa» den eta funts publikoekin finantzatuta dagoen eskaintza pribatua bilduko dituena. Ikastetxeek HEZ berri horretan parte hartu ahal izateko bidea arautu behar duten irizpideak (batik bat, doakotasuna eta eskolatzea) definitzen ditu Akordioak, baina itunpeko ikastetxeak jada zerbitzu horren parte direla jotzen du egungo testuak, inongo baldintzarik gabe eta automatikoki. Horretan, Akordioa ez errespetatzeaz gain, ez dakar berritasunik egungo legediarekiko (sistematikoki bete ez dena).
Beste adibide bat eskaintzaren plangintzarako eta eskolatze orekaturako berariazko mekanismoak dira, segregazioa saihesteko Hezkuntza Sailak erabili beharrekoak; bai Akordioak eta bai beste lege batzuek, hala nola Kataluniakoak edo estatukoak, zehazten dituzte horiek, baina aurreproiektu honek alde batera uzten ditu. Era berean, ez da argi ikusten zer lotura dagoen baliabide ekonomikoen eta ikastetxearen beharren mailaren nahiz «kontratu-programa» berrien artean, espezifikoki ekitatea lortzeko balio dezaten edota segregazio-egoerak eta desabantaila sozialekoak iraul ditzaten, berrikuntza sustatzeaz gain.
Legeak eskubideak bermatzea eta aukerak zabaltzea izan behar du jomuga. Horretarako, administrazioari tresna eta aginduen esparru argi, koherente eta sendo bat ezarri behar dio. Agindu hori eman gabe, hegorik gabe jaioko da Akordioa, eta gorabehera politikoen edo lurralde bakoitzean abiarazteko hartuko diren erabaki desberdinen mende geldituko da. Lege on bat merezi du Euskadik, akordio handi bati dagokion mailan. Hala izan bedi.