Lehenengo aldiak
Astelehena. Beti bezala, beste zerbaiten bila nabilela, "Eyes Wide Shut" filmaren zuzendariaren biografiara heldu naiz. «Zure ‘azken’ lana ikusi dut» −esan omen zion kritikari batek Stanley Kubrick-i bere lehen filme luzea, "Fear and Desire", estreinatu zuenean. Kubrick-ek ez zuen ordutik gehiegi sinistu lehen istorio horretan. Izan ere, kopia guztiak desagerrarazten saiatu omen zen. Nekaezin, Estatu Batuetan ibili zen bizitza osoan haien bila. Datu horrek bere begirada ulertarazi dit; Stanley Kubrick-ena, diot. Obsesioak lausotuta dago. Bai, oso deigarria da nola eragin zion lehen pelikula horrek, lehenengo aldi horrek. Irratiak Ayusoren bikotekidearena hamaikagarren aldiz kontatzen...
Asteartea. Aitaren eguna... Gogora datorkit nire semearekin hondartzara joan nintzen lehenengo aldia. Konbentziturik nengoen urak eta olatuek harrituko zutela. Baina ez zen horrela izan: hondarra izan zen benetan hunkitu zuena, milaka milioi ale txikiz egindako gainazal hura lehen aldiz oinekin eta eskuekin ukitzea.
Bere lehenengo bider guztietan saiatu naiz albo alboan egoten; ez dakit zer neurritan konpartitzeko; zer portzentajetan −altuegian, ziurrenik− bera babesteko. Berarekin egon nintzen bere lehen bainuan, bere lehen biberoian, bere lehen pixoihalean; eskolako lehen egunean elkarrekin egon ginen. Uste dut ez nuela bere lehen negarra galdu, ezta bere lehen barrea ere. Ez dakit niri esan ote zidan bere lehen hitza, baina neuk eman nion bere lehen liburua eta irekitzen erakutsi nion: Portugaleteko liburutegiko bazkide gazteena izan zen. Elkarrekin prestatu genuen bere lehen azterketa, baina bere lehen garagardoa galdu nuen, baita bere lehen gaupasa ere. Sandy Somarriba du izena. Luis Miguel faltsu batek iruzur egindako emakumea. Dirudienez, lehen aldian ustezko abeslariak ehun euro baino ez zizkion eskatu.
Asteazkena. Nire DBH 3. mailako ikasleei esaten diet inbidia handia ematen didatela, eskarmentu askotako lehen aldi ugari bizitzeko geratzen zaizkie eta. Gehiagotan gertatuko da, baina lehenengoak badu zerbait berezia. Une horretara, leku horretara, liburu horretara, esperientzia hartara −txirrin guztiak jo eta korrika irtetea− lehenengo biderrez iritsi ginen ilusioa, ikusmina eta beldurra desagertu egingo dira pixkanaka. Harridurarako gaitasuna galtzen joango direla, eta gertakizun −mobila− gisa biziko dutenak liluragarria izateari utziko dio, eta denborak −gidatzeak− eguneroko kontu bihurtuko du. Txapa horren ostean sintaxia ikusten jarraitu dugu. Dagoeneko −goizaldeko lauretatik− udaberrian gaude.
Osteguna. FNACen Txalapartak argitaratutako "Literotura" bilduma erotikoaren kontakizun bildumarekin egin dut topo. Idazleek −Itxaro Borda, Lander Garro, Xabier Mendiguren, Juan Karlos Merino, Paddy Rekalde eta Patxi Zubizarreta− norbanakoaren «lehen aldia» kontatu digute liburutxo horretan. Ez zion erreparatu hain nabaria den konnotazio horri. Hori izango da, beharbada, lehen aldietako «ama», lehenengoetakorik lehena; desirak ukitzen duen guztia bereziagoa eta errepikaezinagoa da bereziki. Dani Alves aske geratuko da milioi bat euroko fidantzapean.
Ostirala. «Azken aldia izan dadila...», dio pasozebran nire ondoan daukan aita batek eskutik helduta daraman alabari. Toledoren gorpuak...
Larunbata. Aitaren eguna ospatzeko egiten dugun bazkarian, semearekin hitz egiten saiatzen naiz bere bizitzaz. Denboraren poderioz berarekin hitz egiteko estrategia batzuk garatu ditut. Ez dute beti funtzionatzen eta behin baino gehiagotan gure arteko solasaldia itaunketa −bai, ez, ondo, bihar, beranduago− bilakatzen da. Gutxitan funtzionatzen dute. Sarritan nahiago izaten du futbolaz edo saskibaloiaz hitz egitea, niri interesatzen zaizkidan bere lehen aldiak komentatzea baino.
Gero eta interes gutxiago du nik proposatzen dizkiodan lehen aldietan; nahiago du bidai hori edo esperientzia hori −Sevillarena, gabarrarena− lagunekin izatea nirekin baino. Kostata onartzen joan izan naiz. Almeriakoa. Indarkeria bikarioak beste bider bat kolpatuz. Ba al dago ere maitasun bikariorik...?
Igandea. Korrikaren 23. Beti bezala, beste zerbaiten bila nabilela, giltza bat topatu dut etxeko kajoi batean. Guztiz berria da; bere lehenengo aldiaren zain dagoela iruditu zait. Nire giltzatako gainontzekoekin jarri dut: lekuren batean sarrail bat bere zain egongo da. Pena eman didate; bai, biek.
En fin.