Martxel Toledo Garmendia
ESAITeko kide ohia. Euskal Herriko euskal pilota selekzioaren aldeko mugimenduko kidea

Lortu da. Lortu duzue! Zorionak eta eskerrik asko

Hainbeste urte horren atzetik borrokan ibili ondoren, 34 hain zuzen, abenduaren 28an Iruñean, Nazioarteko euskal pilota Federazioak antolatu zuen Batzarrean hartu zen aspalditik zain geunden erabakia. Eta aurretik horren susmoak izan arren, nola ukatu batzarraren barrutik baiezkoa jakin bezain azkar izugarrizko poza sentitu genuela Iruñeko Park hotelean «Euskal selekzioa bai!» banderolak eskuetan eta ofizialtasuna pankarta atzean antolatutako elkarretaratzean ginenok. Eta oraindik pozarren jarraitzen dugu, zeren, ondo bidean, aurrerantzean nazioarte mailan euskal pilotan antolatzen diren lehiaketa ofizialetan euskal selekzio gisa parte hartzea izango baitugu. Lastima, oraingoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lizentzia duten euskal pilotariak soilik lehiatu ahal izango direlako, lurralde federazio horiek ordezkatzen duten EAEko Federazioa delako nazioartean onartu izan dena, eta ez zazpi herrialdek osatzen duten Euskal Herrikoa, guri eta, suposatzen dut, beste askori ere gustatuko litzaiguken bezala. Horregatik, lortutakoa guretzat urrats positiboa izan arren, ez da nahikoa, urteetan aldarrikatzen aritu garen ofizialtasun horren zati bat baino ez delako.

Horregatik, lortutakoarekin ezin dugu eskuak gurutzatuta gelditu garaipen osoa izango balitz bezala, zeren ofizialtasun horren beste zati bat, eta garrantzitsua gainera, oraindik lortzea falta baitzaigu; alegia, zeren gurea zazpi herrialdeak kontuan hartuko lituzkeen euskal pilota selekzioa baita, finean eta modu berean, zazpien eskubidea ere badelako. Izan ginelako gara!

Baina, hori horrela izanda ere, atzo Iruñean egindako urratsa oso garrantzitsua izan dela aitortzen dugu, besteak beste, orain, osotasunean Zazpiak Bat horren ofizialtasuna lortzeko, eskuragarriago izango ditugulako horretarako beharko diren tresna guztiak. Eta hori lorpen handia da.

Atzoko eguna, Inozente eguna izateaz gain, nik esango nuke egun historikoa ere bihurtu zela, bihurtu zenutela, bihurtu genuela! Hala ere, eta batik bat ezagututa gure selekzioaren betiko «arerioak» edo, zuzenago esanda, etsaiak zeintzuk diren eta euskal pilota selekzioaren aldeko erabakia beraientzat oso mingarria izan dela, esan gabe doa, komeni dela atzokoa zuhurtziaz hartzea eta bakoitzak bere alorretik horren alde lanean zintzo jarraitzea; zeren, beste gauza guztien gainetik, garbi baitugu urte guztietako herritarren aldarrikapen borroka eta kemenaren ondorioz lortu dela urrats txiki edo handi hau egitea, nahiz eta gero beste batzuek, alderdikeria erabiliz, garaipen txiki hori soilik beraiena izango balitz bezala saldu nahi izan. Baina ezagutzen dugu elkar eta badakigu urte guzti hauetako lanaren ondorio baino ez dela.

Orain, euskal herritar gehienok amesten dugun ofizialtasun horren bideari guztiok itxaropenez eta kemenez heltzea komeni da. Eta horrela egiten badugu, ziur nago, gaude, Euskal Herrian beste egun historiko bat bizitzeko aukera izango dugula. Zorionak guztioi, merezi duzue eta!

Bilatu