Josu Imanol Unanue Astoreka

Marmokak datoz arezko hondartzetara!

Batzuentzako ‘medusak’ beldurgarriak izan arren, beste batzuentzako, marmokak, ohiko udatiarrak izaten dira kostaldean. Nork ez du bada inoiz, marmoka galduren baten ziztadak izan? Beraz ez gaitezen umeak izan eta ganorazko gauzekin arduratu gaitezen, Marmokekin ‘bizitzeak’ ez du arreta berezirik merezi, bai aldiz, Rajoyk asmatu duen lege dekretuak eta egindakoak.


Ez gaitu horrek beldurtzen? Zer esan behar dugu langabezietaz? Edota metaleko hitzarmena ez delako adostu? Ekarriko duen soldataren jaitsierak.. agian ez dira gai erakargarriak izango, baina laster, hilabete bi barru, uda joango da, horrekin batera ez dugu jakingo gure hondartzetan marmokarik badabiltzan edo ez, eta ziurrenik ohartuko gara, askok eta askok, lanik ez dugula, oraindino krisian murgilduta gaudela eta zer esanik ez, etxeetan arazoak gehitu egin direla.

Bitxia bada ere, udan denok pozik gaude, eguzkia dago, hondartza zoragarriak inguruan eta jaietan sartzen garelako. Beste aurpegi batekin bizi gara guztiok, hori diote behintzat komunikabideetatik, pozik egoteko arrazoi asko dauzkagula eta gutxi kexatzeko. Eta hara nondik, egun hauetan ere, beste batzuk ez dira geldik egoten eta gure itsas ertzean marmokak agertzen badira ere, sasoi honetan baita, Madrilen edo Parisen agintzen dutenak, areagotzen dituzte erabaki mintsuenak eta gogorrenak herritarrentzako.

Egia esan, izugarria da dena ahanzteko eta zelan ez, norberak bere burua engainatzeko daukagun kapazitatea. Bizi gaitezke diru barik bizi osoan eta egonezinean urtean zehar, baina gradu bi igotzen bada tenperatura, eguzkia atera eta ‘pum’ herrietako jaiak hasi, dena doa bere onera. Karma? Zoriontasuna? Poza? Edo ondo bideratutako kanpainen eragina?

Ziur nago agintariak ez dutela eguzkia ezta itsasoaren tenperatura bera, erabilgarri izaten, ez ba, ez dute oraindino naturaren kudeaketa bere esku. Baina, gobernukoak, behar ditugun ‘gulerien’ jakitun da eta ohiko mezuetatik aparte, udako lanak ondo egiten dituzte.

Hasi ziren zorioneko futbola ematen eta eskerrak Españak galdu zuela, gero eman digute udako modaren berri, jaiak non diren esaten digute eta hori gutxi balitz, noiz behinka kontatzen digute ze txarto dauden beste herrialde batzuetakoek; uholdeak Txinan, iraultza arabiarra, Siria eta Libanoko gatazkak, gosetea Afrikan… esana, laster bertan izango dugula ‘ley de Regimen local’ delakoa eta guri bost axola!.

Marmokak animalia-kolonia politak bezain pozoitsuak izan daitezke, haien artean ere badaude pozoitsuagoak direnak eta beste batzuk ez horrenbestekoak. Marmoken etsai nagusiak dortokak, baleak, hegaluzeak eta hegalaburrak izaten dira. Agian, haiek desagertzeak ekarri du marmokak gehitzea gure arezko hondartzetan. (Haitzetan hori ez da inoiz neurtzen ez kontrolatzen). Beraz, marmokek badituzte hainbat etsai-kontrolatzaile sutsuak, baina aspaldion ez daudenez hemendik, arazoak sortzen dira uda guztietan igerilarientzat.

Rajoy eta bere eskuin-muturreko taldekideak, marmoken antzera, egun, ez dute etsai askorik, ez neguan ez gutxiago udan, bai aldiz, lagun direnak. Halere dakigunez, beraien erabakiak oso mintsuak dira guztiontzat. Baina lasai, udan gaude, krema eman parra-parra eta denok esaten diguten hondartza ziurretara eguzkia hartzera. Halere, aurretik jakitun gaude 400 kaltetu egon direla, hiru egunetan Hego Euskalerriko arezko hondartzetan. Beraz marmoka madarikatuak dabiltza han eta hemen.

Uda honetan eta uztailan, Rajoyren legea martxan jarriko da, inork ba al daki esaten zenbat milaka lagun izango garen kaltetuak? Eta kaltearen eragina zein izango den? Lasai udan gaude, orain ez da tokatzen kezkatzea. Adi marmokekin!

Bilatu