Marrubiak
Dagoeneko marrubiak saltzen dira fruta dendetan. Badakit batzuentzat ez dela albiste oso garrantzitsua izango. Gainera, egun hauetan gauza izugarriak eta neurrigabeak gertatzen ari dira; batez ere −zentzu askotan−, neurrigabeak: horra hor Trumpen dekretuak, Guantanamo berriro irekitzea, Suediako helduentzako eskolako tiroketa. Baina, hala ere, nire ustez marrubienak teleberriak ireki, titularrak «bereganatu» beharko lituzke: «Badaude marrubiak jadanik fruta dendetan», berri horren inportantzia azpimarratuko lukeen sarrera baten laguntzaz, horrelako gertaera batek suposatzen duena laburbilduko duena. Alde batetik, fruitu gorri hori berez diseinuzko eta zaporezko mirari txiki bat delako −agian, bai, gerezia baino apur bat txikiagoa−; bestetik −eta agian hori izango da garrantzitsuena−, Palostik etorritako kutxa horiek berresten digutelako bizitzak aurrera jarraitzen duela: bihar bertan norbaitek esango digula, leihotik begira eta erlojua kontsultatuz, «ya se notan los días»; hortik gutxira, 100.000 biztanleko arnas birusen kasuak jaitsiko direla eta zuhaitzak kimatuko ditugula udaberriari bidea errazteko; apur bat beranduxeago aratustetarako mozorroan, eta Aste Santuan egin nahi dugun bidaia horretan pentsatzen hasiko garela; egun batetik bestera, albisteetan, kirolen ondoren, zentzugabeko zerbait iragarriko dutela: «Goizalde honetan ordu bietan hirurak izango dira»; handik gutxira, larunbat goiz eguzkitsu batean, terraza batean eserita egongo garelarik, txamarra erantziko dugula; espero duguna baino lehenago ikasturtea amaituko dela eta nerabeek kaleak eta plazak berreskuratuko dituztela; berriro hondartzatik oinutsik ibiltzen −sinesgaitza irudituko zaigu− egongo garela; iraileko argipean etxera itzuliko garela; uste duguna baino arinago parkeko xendrak hostoz estaltzen hasiko direla, gure alabaren DBH 4. mailako −jadanik...− Geografia testuliburuari azala jarriko diogularik; konturatu garenerako, urriaren amaierako haize hori eskertuko dugula, arropa lehortuko digulako; ia etxea eraman digun azaro erdialdeko haizete horretatik babestuko garela; ia jarraian, albisteetan berriro entzungo dugula martxoan esan zutena baino zentzugabeagoa den zerbait: «Gaur gauean, hiruretan ordu biak izango dira»; bat-batean, arratsalde batean, paseoan, apirilean erantzitako txamarraren falta sumatuko dugula; segidan, Vigon beste Eguberri bateko argiak piztuko direla; ospitaleak kolapsatuko dituen gripe gailur batera iritsiko garela; egutegia aldatzeko ia astirik izan gabe, marrubiak fruta dendetara itzuliko direla.
Bai, jakina, muga zergen gerrak azal bat merezi du, Santoriniri orrialde bikoiti batean txoko bat egin beharko litzaiokeela; hedabideek zehatz-mehatz hausnartu behar dutela zergatik, elkarrizketa beste aukerarik geratzen ez den une honetan, Zaporizhiako bonbardaketak gogortu izanaren arrazoia; orain, azkenik bakeaz hitz egitekotan daudenean, gerra biziagoa izatea; Bukelek Estatu Batuei eskainitako espetxea, gazatarren etorkizuna, De la Fuenteren bertsioa, Karla Sofia Gasconen tuitak... Baina zalantzarik gabe albisterik garrantzitsuena, Albistea −hola, letra larriz idatzita− marrubiena da, marrubiak berriro hementxe dauzkagula; aurrerapen bat bezala, premonizio bat bezala; bihar bertan −etzidamu beranduenez− norbaitek esango digula leihotik begira «nola nabaritzen diren egunak...».
En fin.